Kamioientzako N-1eko bidesaria urtarrilaren 9an jarriko da indarrean

Gipuzkoako garraiolariek ez dute bat egin Espainiakoek ordainsariaren aurka deitutako grebarekin. Aldundiak urtean bederatzi milioi euro biltzea espero du, «errepideen mantentze lanetarako»

Kamioien igarotzea kontrolatuko duen arkua Irunen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu - Irune Lasa
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urtarrilaren lehenean ez, azkenean urtarrilaren 9an ezarriko da indarrean Gipuzkoan N-1 autobidea erabiltzeagatik garraiolariek pagatu beharreko bidesaria. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegiturako diputatuak azaldu duenez, egun horretako 00:00etatik aurrera, Etzegaraten, Andoainen eta Irunen jarritako arkuen azpitik igarotzen diren 3,5 tonatik gorako kamioiek bidesaria ordaindu beharko dute, eta, diru hori kobratzeko, AT sistema erabiliko da, hots, kameren eta sentsoreen bitartez kobratuko zaie kanona, ibilgailua geratu behar izan gabe. Horretarako ibilgailuek free flow sistemarekin bateragarria den pagatzeko modu bat izan beharko dute. Modu horietako bat ViaT gailua da: garraiolari gehienek (%92k aldundiaren arabera) erabiltzen dute, eta, AT sistemarekin erabat bateragarria denez, kamioi horientzat ez da inolako tramiterik egin beharko. Bidesari berria automatikoki kobratuko zaie.

AT sistemarekin bateragarria den beste ordainketa modua, kamioia (hots, matrikula) kontu korronte bati dagokion banku txartel bati lotuta izatea da. Sistema hori daukaten ibilgailuek erregistratu egin beharko dute urtarriletik 3tik aurrera Bidegiren orrian edo zerbitzuguneetan jarriko dituzten kiosko berezi batzuetan.

Ez ViaTrik ez txartelik ez duten ibilgailuek eskudiruz ordainduko dute bidesaria Irungo ordainlekuan, baina soilik hilabete batez. Garraiolari horiei ohartaraziko zaie otsailaren 9tik aurrera kamioiek jada ezingo dutela Irungo ordainlekuan eskudiruz ordaindu, eta, beraz, sistemarekin bat egiten duten gailu edo txartelak izatera behartuta daudela.

Gipuzkoa ipar-ekialdetik hegoaldera zeharkatzen du N-1 autobiak, Irundik Etzegaratera, eta Iberiar penintsula eta Europa kontinentearekin lotzen duen bi bide nagusietako bat da. Egunero 12.000 kamioik erabiltzen dute, eta horietatik erdiek baino gehiagok ez dute Espainiako matrikula. Bidesariaren bitartez, Gipuzkoako Aldundiak nahi du garraiolari horiek errepidea mantentzen ere laguntzea, haiek direlakoan gehien hondatzen dutenak. Aldundiak urtero bederatzi milioi euro inguru jasotzea espero du.

Garraio sektoreak oso gaizki hartu du erabakia, eta CNTC Espainiako sektoreko patronalak Gipuzkoako errepideak trabatzera deitu ditu bere jarraitzaileak. Erakunde horretako kide den arren, Guitrans Gipuzkoako garraio enpresen elkarteak erabaki du greba ez egitea. «Ez gaude ados protesta soilik gure lurraldean egitearekin», azaldu zuten.

Mario Palacios Guitranseko presidenteak duela aste gutxi BERRIAri esan zion N-1eko bidesariak kalte egingo diela Gipuzkoako garraio enpresei, eta lagundu, berriz, ekialdeko kamioilariak kontratatzen dituztenei. «Oso kezkaturik gaude, sektorearen krisia are gehiago handituko duelako».

Hiruk ere, paso

Joan den larunbatean, Hiruk ere azaldu zuen ez zuela grebarekin bat egingo. Garraiolari autonomoen sindikatuaren arabera, beranduegi dator protesta, Gipuzkoako Aldundiak dena prestduelako. Bidesariaren aurkako protesta ugari egin ditu azken urteetan Hiruk, eta ziurtatu du euskal garraiolariei egingo diela kalte gehien, haiek direlako errepide horretatik aldi gehiagotan igarotzen direnak. Kalkulatu duenez, garraiolari batzuek hilean 250-300 euro ordaindu beharko dituzte. Horregatik, sindikatuak eskatu du kargatzaileek beren kargu hartzea bidesaria, eta ez garraiolariek beraiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.