Ekintza plana eskatu du Bardeako tiro eremuaren aurkako batzarrak, ixteko

Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari azpiegitura horren aurka « presioa egitea» galdegin diete elkarteko ordezkariek

Espainiako armadak, iaz, Bardeako tiro eremuan benetako suarekin egindako ariketa militarrak. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak Bardeako tiro eremuaren aurkako mozioa onartu zuen duela astebete. Halako adierazpenak «ontzat» jo zituen atzo azpiegitura horren kontrako batzarreko bozeramaile Milagros Rubiok, parlamentuan bertan, baina erakunde horri eta Nafarroako Gobernuari eskatu zien bertze urrats bat egiteko: ekintza plana osa dezatela galdegin zien, tiro eremua desegitea lortzeko.

Rubiok eta Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarreko gainerako kideek argi dute azpiegitura horren ateak ixteko eskumena ez dela Nafarroako Gobernuarena, ezta parlamentuarena ere. «Baina erakundeok presioa egin dezakete; akordioak egin ditzakete, helburu hori lortzeko bidean». Eta hori eskatu zien: bide horretan urratsak egiteko jarduera plana presta dezatela.

Ezkerrak eskatu zuen batzarreko kideen atzoko agerraldia, joan den uztailean Bardean istripua gertatu eta gero. Gizon bat zauritu zen, orduan, eremutik kanpo tiro bat jaso eta gero. Martxoan, berriz, bi ke bonba erori ziren, tiro eremutik at, berriz ere, Bardeako parkeko bi bisitariren ondoan.Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek onartu zuen egoera aldatu dela, talde horrek agerraldia eskatu zuenetik. Izan ere, hilabete honetan benetako sua erabili dute, berriz ere, Bardeako tiro eremuan, Espainiako armadaren ariketa militarretan. Hilaren 14tik 16ra aritu ziren; 28an berriz ekinen diete ariketei, urriaren 2ra arte; eta urriaren 5etik 9ra ere Bardean izanen dira militarrak. Urrian eta azaroan, gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak bertze ariketa militar bat eginen du. «Antza, ez dute benetako sua erabiliko, eta egun bakar batez izanen dira Bardean», azaldu zuen Rubiok.

Edonola ere, azkenaldian ariketa militarren kopuruak gora egin izana salatu zuen Rubiok, eta «kezkagarritzat» jo zuen egoera. 1951. urtean sinatu zuten Espainiako Gobernuak eta Bardeako Komunitateko batzarrak lehenbiziko kontratua. Geroztik, 30 istripu baino gehiago gertatu dira. Lehenbiziko kontratu hori 1976. urtean berritu zuten. Hurrengo hamarkadan sortu zen Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarra, 1986. urtean, eta, 1987tik, urtero egin du azpiegitura horren aurkako martxa.

2001. urtean, tiro eremua ixteko aukera gertu ikusi zuela aitortu zuen Rubiok atzo. Espainiako Gobernuak berak azpiegitura hori bertze norabait eramateko aukera jarri zuen mahai gainean. Aukera hori, ordea, hutsean gelditu zen, eta 2008an egun indarrean dagoen akordioa sinatu zuten bi aldeek. Espainiak, gainera, «defentsa nazionalerako interesa duen azpiegituratzat» jo zuen. 2018. urtean berez berrituko da kontratua. «Ez da bozketa egiteko beharrik izanen; gainera, gora eginen du Bardeako Komunitateko kideek jasoko duten diru sailak», erran zuen Rubiok.

Biztanleen iritzia

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ontzat jo zuten Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak egindako eskaera, eta konpromisoa hartu zuten azpiegitura hori ixteko urratsak egiteko. Bertzelako iritzia erakutsi zuten, ordea, UPNk, PSNk eta PPNk.

PSNko ordezkari Santos Cerdanek zalantzan jarri zuen herritarren gehiengoa tiro eremuaren aurka dela. «2008ko bozketan 21 kidek egin zuten akordioaren alde, eta batek kontra; Bardeako batzarrak ordezkatzen ditu hango biztanleak». Biztanleei iritzia eskatzeko galdegin zion Rubiok. UPNk eta PPNk, berriz, «beharrezkotzat» jo zuten tiro eremua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.