«Blindatze neurriak» nahi ditu LABek, enpresak itxi ez daitezen

Konkurtso-lege prozesuetan erakundeek parte har dezatela eskatu du sindikatuak, «langileen enplegua babesteko». Bideragarritasun plan alternatiboentzat finantzaketa publikoa nahi du LABek

LABeko ordezkariak, atzo, Donostian, enpresetako ordezkariekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Konkurtso legean dauden enpresen prozesuetan «instituzio publikoen parte hartze aktiboa» egotea nahi du LAB sindikatuak. «Hartzekodunen moduan, etorkizuneko planak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko» nahi du esku hartze hori sindikatuak, «eta ez zorra lehenesteko».

Eusko Jaurlaritzak larri dauden enpresei begira egin duen Plan Industriala plazaratu baino 24 ordu lehenago ezagutarazi du sindikatu abertzaleak, haren ustez, Lakuaren planaren oinarri beharko lukeen dekalagoa. Aurreko astean, eztabaida politikoaren erdian sartu zen Jaurlaritzaren industria politika, hainbat enpresaren arazo larriak direla eta. Bada, gori-gori dagoen eztabaidak segida izan zuen atzo, LABen ekarpenarekin, eta, gaur, gobernuaren txanda izango da.

Eusko Legebiltzarrean ere bere tokia eskuratu du larri dauden enpresen auziak. EH Bilduk Diputazio Iraunkorra eskatu zuen atzo, «industriaren krisiak eragindako egoera» eztabaidatzeko, baina EAJk eta PSEk atzera bota zuten. Alderdi horiek Legebiltzarraren adierazpen instituzional bat onartu nahi izan zuten enpresa horiez kezkaturik daudela azaltzeko, eta EAJk dio EH Bilduk ekidin zuela «hipokrisia erakutsita».

Enpresetako ordezkariak

LABen lehentasuna gaur egun «ehunka langileren etorkizuna» dela azaldu zuen Jonan Goñi sindikatuko industria ataleko arduradunak, Bilbon. CEL, Ingemar, CNA Edesa, Xey, Bosch, Vicrila eta beste hainbat enpresatako ordezkariekin azaldu zen prentsaren aurrera, langile horien eskubideak defendatzeko «aukera bakarra» borroka dela esateko, «instituzioek bakarrik utzi dituztelako».

LABen dekalagoa azaldu zuen Goñik, euskal industria odolustu ez dadin. Industria plan bat osatzeko benetako eztabaida egiteko eskatu zuen lehenik eta behin; enpresen leku aldatzeei benetako muga jartzea proposatu zuen; «edozein preziotan kanpoko kapitalaren etorrerari bultzada emateari utzi behar zaio». Halaber, I+G gastua Europarekin parekatzeko eskatu zuen, %3an, «euskal industriak teknologia maila ertain-txikia baitu». Gainera, sektore estrategikoetan bultzada publikoa behar-beharrezkotzat jotzen du; «merkatuari bere kabuz funtzionatzen utzi beharrean, sektore publiko indartsua eraiki behar da», esan du sindikatuak, eta Kutxabankek horretan ekarpen handiagoa egitea nahi du, «finantzaketa tresna izan dadin».

Enpresa eredu berriak

Itxieren aurrean blindatze neurriak nahi ditu sindikatu abertzaleak. «Finantzaketa publikoaz enpresen bideragarritasun plan alternatiboak sostengatu behar dira, eta konkurtsoan, instituzio publikoen parte hartze aktiboa hartzekodunen moduan, etorkizuneko planak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko, eta ez zorra lehenesteko».

Enpresen «demokratizazioa» ere egingarritzat jotzen du LABek. Enpresa eredu berritzaileen «bultzada» aipatzen du dekalagoan; «langileen parte hartzea bultzatu behar da; ez finantzatzeko helburu hutsarekin, eskubide batzuk bermatuz baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.