Miaketa Kataluniako instituzioetan

Guardia Zibilak informazioa bilatu du Kataluniako Parlamentuan, Generalitatean eta Justizia Kontseilaritzan, CDC alderdiaren ustezko legez kanpoko finantzaketaren ikerketaren barruan

Hiru guardia zibil, atzo, Kataluniako Parlamentuan. MARTA PEREZ / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak Kataluniako hainbat erakunde publiko arakatu ditu, fiskaltzak aginduta, CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdiaren ustezko legez kanpoko finantzaketaren ikerketaren barruan. Goizetik, miaketak ikusmin handia eragin zuen atzo Bartzelonan. 10:00etatik aurrera, Parlamentuan, Generalitatean, Justizia Kontseilaritzan eta Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zentroan kalez jantzitako hainbat polizia agente sartu baitziren.

Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak agindu zituen miaketak, Germa Gordori buruzko informazioak eskuratzeko. Artur Masen konfiantzazko gizona eta Justizia kontseilari ohia izan zen Gordo 2012 eta 2016 artean; CDCren legez kanpoko finantzaketan parte hartzea egotzi diote, eta uztailaren 24an deklaratzera deitu dute. Gordoren egun berean deklaratuko du Andreu Vilocak ere, CDCko diruzain ohiak. Biak deklaratzera deitu eta biharamunean egin dituzte miaketak, %3 auzia izenekoa ikertzeko informazioa bila.

Fiskaltzak eskatuta, Gordo kontseilari izan zen garaiko ahalik eta informazio gehiena lortu nahi zuten agenteek; hala nola, agenda, bisiten liburua eta posta elektroniko korporatiboko mezuak. Jose Grinda ustelkeriaren kontrako Espainiako fiskalak ere parte hartu zuen miaketan.

Poliziek eta fiskalek ez zituzten miaketak eurek zuzenean egin, hala ere. Parlamentuan eta Generalitatean, gela batean itxaroteko eskatu zieten, han emango zietela behar zuten informazioa. Jordi Turull Presidentetzako kontseilariak Generalitateko sarbidea debekatu ziela zabaldu bazen ere, Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuen guardia zibilek informazioa oztoporik gabe eskuratu zutela.

Bestalde, erreferendumaren harira, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak atzo Lleidan esan zuen, «hausturaren bideek» ez dutela inora eramaten. Urriaren 1a, galdeketaren eguna, gerturatu ahala, geroz eta traba gehiago jartzen ari da Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.