Aurrera begirako erreforma

Puigdemont telematikoki inbestitzea helburu duen Presidentetza Legearen aldaketa onartzekoak dira gaur parlamentuan. Junts Per Catalunyak ez du baztertzen hauteskundeak berriz egitea

Elsa Artadi Junts Per Catalunyakoa Albert Batet bere alderdikidearekin hitz egiten, atzoko osoko bilkuran. Q.GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
JxC Junts Per Catalunyak badaki oriangoz ezingo duela Carles Puigdemont inbestitu Kataluniako Generalitateko presidente. Baina orainari bezala etorkizunari ere erreparatzen diote presidente kargugabetuak eta haren zerrendakideek. Horregatik erabaki dute Presidentetza Legearen aldaketa hauspotzea, noizbait, abagune politikoa bestelakoa denean, Puigdemont telematikoki presidente berrizendatzeko itxaropenarekin, ondotxo jakin arren Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuko duela erreforma bera. Parlamentuan gaur dira aldaketa eztabaidatzekoak, bozkatzekoak, eta, okerrik ezean, onartzekoak. Ciutadansek eskatu zion Legebiltzarreko Mahaiari puntu hori ken zezala atzo hasi eta gaur bukatuko den osoko bilkurako gai zerrendatik, baina subiranistek baztertu egin dute eskaera, Mahaian eta Bozeramaileen Batzarrean gehiengoa dutenez.

Onartu, onartuko dute aldaketa, baina, ostiralero bezala, Espainiako Ministroen Kontseilua gaur eguerdian da biltzekoa, eta helegitea jarriko dio erreformari. Kataluniako prozesu subiranistaren harira izaniko aurrekariak kontuan hartuta, litekeena da Konstituzionalak tramiterako onartzea, eta, hortaz, erreforma automatikoki bertan behera geratuko litzateke. Kataluniako eragile subiranistek erabaki zezaketen, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta CUPek adierazi bezala, auzitegiari desobeditzea eta aurrera egitea errepublika eratzeko ahaleginean, baina JxCk, orain arte jendaurrean agertutako diskurtsoa aldatuz, lehengo astean iragarri zuen ez dutela horretarako asmorik. Hau da, maiatzaren 22a baino lehen, behintzat, ez dutela inbestituko Puigdemont. Egun horretarako presidenterik ez baldin badago, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, legebiltzarra desegin, eta hauteskundeetara deituko du.

Ikusteko dago Puigdemontek eta JxCko kideek zer erabakiko duten asteburuan Berlinen egingo duten bileran. Legegintzaldia desblokeatzeko bidean, aukeretako bat da presidentegai bat proposatzea. JxCkoei dagokie hori egitea, eta azkeneko bost hilabeteotan laugarrena litzateke. Elsa Artadi JxCren bozeramaileak indarra hartu du azken orduetan, herenegun Jordi Sanchez JxCko bigarrenaren eta Pere Aragones ERC Esquerra Republicanaren presidentetzaren albokoaren babesa jaso ondoren.

JxCkoek diote «behin-behinekoa» izango dela Puigdemont ez den presidente bat. Presidentetza Legearen erreforma bultzatu dute, pentsatzen baitute errepikatu daitekeela, agian, joan den azaroan gertatutakoa. Legeak irakurraldi bakarrean onartzeko, uztailean Kataluniako Parlamentuak bidea zabaldu jarri zuen bere legedian erreforma bat egiteko, eta Madrilek berehala inpugnatu zuen Konstituzionalean. Auzitegiak tramiterako onartu zuen, baina lau hilabete geroago, azaroaren 29an, aldaketa ontzat eman.

Sanchezen eta Jordi Turullen hautagaitzei estatuak ateak itxi dizkiela ikusita, joan den astean, oraindik, «Puigdemont edo Puigdemont» zen JxCk inbestidurarako zerabilen diskurtsoa. Atzo, ordea, hau adierazi zuen Albert Batet JxCko diputatuak, TV3n emandako elkarrizketa batean: «Puigdemont, edo Puigdemontek esaten duena». PDeCATek eta ERCk eskatutakoaren kontrara, gainera, ez du baztertzen hauteskundeak errepikatzea: «Inbestidurarik ez badago, beste aukera batzuk ditugu; esate baterako, hauteskundeak».

Aukera horiez eztabaidatuko dute asteburuan Berlinen, eta litekeena da hartutako erabakiari buruzko argibideak ematea ondoren. Eta beste aldagai bat hartu beharko dute kontuan. Izan ere, Ciutadansek babes helegitea jarri du Konstituzionalean, Puigdemont eta Antoni Comin (ERC) diputatu erbesteratuek botoa delegatu ahal izatearen kontra. «Justiziari ihes egin» diotela argudiatuta, Ines Arrimadas buru duen alderdiak kautela neurriak ezartzeko eskatu dio auzitegiari. Hala egingo balu, JxCk eta ERCk arazoak edukiko lituzkete inbestidura bati begira, haiek gabe ez luketelako gehiengo soilik edukiko; eta kontuan hartu behar da, gainera, CUP abstenitzekoa dela presidente ohia ez den beste hautagai bat babesteko orduan. Irtenbideetako bat litzateke Puigdemontek eta Cominek diputatu aktari uko egitea, gehiengoa mantentzearren.

Buruhauste gehiago

Eta aritmetikari dagozkion buruhauste gehiago eduki ditzakete datorren astean. Raul Romeva (ERC), Josep Rull eta Turull (JxC) parlamentari kartzelatuek datorren asteazkenean deklaratuko dute Auzitegi Goreneko apelazio aretoan. Auzipetuta daude martxoaren 23tik, prozesu subiranistaren harira matxinada egotzita. Auzipetzearen aurkako helegitea jarri zuten, eta aretoak inpugnazioa ontzat ematen ez badu, auzipetze auto irmoa izango da, eta, beraz, kargu publikoa etengo diete, matxinada leporatzen dietelako eta kartzelan daudelako. Hala dio Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikuluak.

Hortaz, gehiengoari eutsi eta hauteskundeak behartu nahi ez baldin badituzte, uko egin beharko liokete diputatu aktari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.