UPNk 22.000 eurorekin «osatuko» du berdintasun teknikarientzako saila

Aralar-NaBaik salatu du 2011tik laguntzek %66 egin dutela behera Nafarroan.Hainbat taldek gobernuaren konpromiso falta kritikatu dute

Teresa Nagore, Nafarroako Parlamentuan, atzoko agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Batetik, 211.000 euro. Bertzetik, 184.000. Kopuru ezberdina jarri dute mahai gainean Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari Teresa Nagorek eta Aralar-NaBaiko parlamentari Xabier Lasak. 2014ko berdintasun teknikariak kontratatzeko eta berdintasun planak egiteko diru laguntzez aritu ziren biak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. Iazko kopuruarekin alderatuta, 30.000 euroko murrizketa salatu zuen Lasak. Ukatu egin zuen, ordea, Nagorek. Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko arduradunak, hala ere, laster bertze 22.000 euro banatzeko deialdia eginen dutela iragarri zuen, «aurtengo laguntzak osatzeko». Erabaki hori «hutsa onartzeko» modutzat jo zuen Aralar-NaBaiko parlamentariak.

Berdintasunaren arloko eskumenak gobernuak udalen esku utzi dituela azaldu zuen Xabier Lasak, atzo, parlamentuan, eta hori egiteko diru laguntzak murriztu egin dituela, gainera, azken urteotan. «Kopuruak %66 egin du behera 2011tik». Urte hartan 542.000 euro izan zen diru saila. Aurten, berriz, 184.000 euro. Kopurua hori dela berretsi zuen Lasak. «Gobernuaren deialdiari buruzko foru aginduan ere halaxe ageri da».

Teresa Nagorek, berriz, aurtengo saila 211.000 euro izan dela erran zuen, eta, ondorioz, iazko kopuruarekin alderatuta, murrizketarik ez dela izan erantsi zuen. «Alderantziz, iazko saila 200.000 euro izan baitzen». Nagorek zehaztu zuen, hala ere, aurten «arazoak» izan dituztela: «Azken urteotan, urte bakoitzeko kopuruarekin ordaindu da aurreko urteko gastuaren zati bat; aurten hori egiteko arazoak izan ditugu: 2014ko sailarekin egin behar izan diegu aurre iazko gastuen zati bati eta aurtengo guztiei». Gobernuak, berdintasun teknikarien soldataren %75 ordaintzen du, kontratuen lehendabiziko bi urteetan.

Nagorek onartu zuen Berriozarko Udalak 4.300 euroko murrizketa jaso duela aurten. Bai eta Atarrabiako Udalari laguntza ukatu zaiola ere. «Ez zaio eman ez dituelako deialdiko baldintzak bete». Baldintza horien arabera, teknikariak lanaldi osoz egon behar du postuan, udalak diru laguntza jaso ahal izateko. «Atarrabiako teknikaria lanaldi osoz ari zen; gaixo agiria hartu zuen, eta haren ordez jarri zuten teknikaria, berriz, lanaldi erdiz bertzerik ez zen ari», zehaztu zuen Nagorek.

«Atzera»

Aralar-NaBaik, PSNk, Bilduk eta Ezkerrak bat egin zuten atzo, eta Nafarroak berdintasun politiketan «atzera» egin duela salatu zuten. Aurrekontuetan izandako murrizketak jarri zituzten agerian. «Gobernuak ahalegina egin beharko luke berdintasunaren esparruan galdutakoa berreskuratzeko», erran zuen PSNko Victoria Arraizak. Bilduko Bikendi Bareak berdintasun politikei buruz egindako hainbat txosten aipatu zituen. «Agerian gelditzen da gobernuaren konpromiso eza, eta behar diren baliabideak ez daudela».

Ezkerrako Txema Mauleonek Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren beraren lana jarri zuen ezbaian. «Ni erakunde horren alde nago, baldin eta eraginkorra bada». PPNko Amaia Arraizak berdintasun planen eraginaz ikerketa eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.