AEBek eta Turkiak konpromisoa hartu dute harremanak bideratzeko

Washingtonek babestu eta armaz hornitutako YPG milizia kurdua Siriako Manbij hiritik kanporatu dezala eskatu dio Ankarak. Afringo operazio militarrean neurriz jokatzeko erantzun dio Tillersonek

Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkaria eta Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroa, atzo. TUMAY BERKIN / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariak ez du ezkutatu nahi izan bere herrialdearen eta Turkiaren arteko harreman diplomatikoak ez daudela bere onenean. Siriako gerran batzuek zein besteek defenditzen dituzten interesak direla eta harremana «krisian» dagoela nabarmendu zuen, atzo, Ankaran. «Edo harremana bukatutzat ematen dugu, edo ordenatzen dugu», erantzun zuen, aho bizarrik gabe, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak. Eta, gutxienez, harreman horiek bideratzeko konpromisoa iragarri zuten biek, atzo.

Turkiak baldintza bat jarri du horretarako: AEBek Manbijetik (Siria) kanporatu ditzala YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduak. Izan ere, Ankararentzat «terroristak» dira, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren «adar siriarra». Baina EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan elementu ezinbestekoa dela argudiatuz, Washingtonek SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioko indar nagusia babesten du, milizianoak entrenatuz eta armak emanez lagunduz. Turkiako mugatik 30 bat kilometrora dago Manbij, eta 2016ko abuztuan EI-tik askatu zutenetik, AEBetako soldaduek eta SDFk dute kontrolpean.

Tillersonek, dena den, ez zion baiezkorik eman Çavusogluri. Erantzun ziona izan zen Turkiak bere mugak defendatzeko eskubidea duela. Jakinarazitakoaren arabera, martxo erdialdean dira berriro biak elkartzekoak, eta Tillersonek iragarri zuen Manbijeko egoeraren bueltan ardaztuko dituztela elkarrizketak.

Estatu idazkariak Atzerri ministroari eskatu zion, hori bai, Turkiako soldaduek «neurriz» jokatu dezatela Afrinen, Manbijetik 100 bat kilometrora, «zibilei ahalik eta kalterik gutxien eragiteko». Izan ere, Turkiako armadak operazio militar bat hasi zuen han, Siriako kurduen kantonamendu autonomoan, joan den urtarrilaren 20an. SDFk kontrolatzen du eremua —han ez dago soldadu estatubatuarrik—, eta dagoeneko ia 200 bat zibil hil dira.

Turkiak, orain artean, Manbijetik alde egiteko eskatu izan dieAEBei, modu horretan krisi diplomatiko larri bat sorrarazteko beldurrik gabe eraso egingo baitzion SDF koalizioari. Atzo, berriz, kontrakoa proposatu zion; Eufrates ibaiaren ekialdera bidal ditzala koalizioko milizianoak, alegia. «YPGk alde egin ondoren, konfiantzan oinarritutako neurriak hartu ahal izango ditugu AEBekin batera. Manbijen egonkortasuna berrezartzeko koordinatuko gara», azpimarratu zuen Atzerri ministroak.

Ikusteko dago datozen asteetan zer gertatuko den, zein erabaki hartuko dituzten. Halere, AEBetako armadako ofizial batek ohartarazi zuen joan den astean Turkiak Manbijen egindako edozein erasori «bortizki» erantzungo diotela. Adierazpen horren berri eduki zuenean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan zuen AEBek ez dutela inoiz jaso «zaplazteko otomandarra».

Negoziazioak Afrinen

AEBen aliatu historikoa izan da Turkia aspalditik, Gerra Hotzaren garaitik, bai NATON, bai Ekialde Hurbilean. Hain zuzen, aste honetan han ibili da Tillerson, eta bilerak eduki ditu Kuwaiten, Jordanian, Libanon eta Egipton. Bidaia hasi aurretik nabarmendu zuen Turkiarekin tentsioa «gutxitzea» zuela helburu. Herenegun Erdoganekin bildu zen, eta enkontrua bientzat izan zen «emankorra».

Bestalde, Siriako Gobernuarekin eta Errusiakoarekin negoziatzen ari dela esan dio Efe berri agentziari Afringo administrazioko atzerri gaietarako arduradunak. «Siriako Estatuari dagokio Afrinen eta Turkiaren arteko muga babestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.