Enplegu planek ez diotela gazte prekaritateari aurre egiten salatu du EGK-k

Gazteriaren kontseiluak proposamen zerrenda prestatu du lanpostuen kalitatea areagotzeko eta lan baldintzak hobetzeko helburuarekin

Gazte errezetak dokumentuaren aurkezpena, atzo Gasteizen Irudian, Jorge Estrada eta Itsaso Andueza. R. BOGAJO / ARP.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Administrazioek martxan dituzten enplegu planak aztertuta, ondorio argia atera du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak: egitasmo horietan ez da jasotzen prekaritatea murrizteko inolako neurri zehatzik. Egoera horri buelta emateko asmoz, Gazteon errezetak izeneko dokumentua prestatzen aritu da kontseilua azken urtean.

Gazteentzako enplegu estrategia egoki batek bi ardatz izan beharko lituzke, kontseiluaren ustez: alde batetik, gazteek lanpostu bat aurkitzeko aukerak handitzea; bestetik, lan baldintzak hobetzea eta lanaren kalitatea igotzea, prekaritatea murrizteko neurrien bidez.

Egoerari buruzko analisi ezkorra egin du EGK-ko presidente Itsaso Anduezak, agiriaren aurkezpenean. Ā«Ezegonkortasuna da nagusiĀ», laburbildu du. Sinatzen diren kontratuen %95 aldi baterakoak dira. Kontseiluak egin dituen kalkuluen arabera, 30 urtetik beherako gazteen %30 daude langabezian, tasa orokorra halako bi. Lana dutenen %22k ez dute bizitzeko adina diru.

EGK-k ez ditu ordezkatu nahi administrazioak, baina neurri sorta bat jarri du mahai gainean, gazteentzako neurrietan aurkitu dituen hutsune nagusiak betetzeko. Guztira, hamazazpi proposamen dira, hiru bloke eta gomendio orokor batzuetan islatuta.

Hasteko, prekaritatea

Prekaritatea mugatzeko neurriek osatzen dute lehen blokea. Kontseiluaren lehentasunetako bat da hori. Ildo horretan, eskatu du kalitatezko enplegua sortzeko protokoloak martxan jartzea. Horri lotuta, gazte prekaritatearen prebentzio programa sustatu nahi du. EGKren ustez, beharrezkoa da gazteek eurentzako egitasmo horiek ebaluatzea, eta, horretarako, gazte labela sortzea nahi du, eurentzako neurriei gazteek eurek oniritzia emateko edo hobekuntzak plazaratzeko.

EGK kezkatuta dago gazte lanpostuak merkatzeko dauden kontratu eskaintzak direla kausa, eta diru publikoz ordaindutako laguntzekin gazteentzako soilik diren kontratu motak ez erabiltzea proposatu du. Halaber, egokitzat jo du lan baldintzetan egon daitezkeen iruzurrak ikertzeko ikuskaritza.

Bigarren eta hirugarren blokeetan, ekintza positiboko neurriak eta neurri aktiboak zerrendatu ditu. Horien artean daude kontratazio publikoaren gizarte klausuletan gazteria aintzat hartzeko aukera eztabaidatzea eta enplegu plan orokorretan gazteentzako kuotak gorde behar izatea. Era berean, laguntzak eskatu ditu kontseiluak atzerrira lan bila joan behar izan dutenak itzultzea errazteko.

Ikuspegi zabalago batean, EGK-k egokitzat jo du negoziazio kolektiboetan eta langile batzordeetan gazteen ordezkaritza bermatzea, soldata eta lanaldi eskala bikoitzak borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.