Etorkinen salerosketagatik 60 pertsona baino gehiago zigortu ditu Thailandiak

Funtzionario, militar eta enpresariak daude akusatuen artean. 2015ean hasi zen epaiketa, legez kanpoko hainbat kanpaleku aurkitu eta gero
Thailandiako poliziak eta etorkin salerosle bat, Bangkokeko auzitegi bateko atarian.
Thailandiako poliziak eta etorkin salerosle bat, Bangkokeko auzitegi bateko atarian. NARONG SANGNAK / EFE

Pello Zupiria -

2017ko uztailak 20
Thailandiako auzitegi batek hirurogei pertsona baino gehiago zigortu ditu etorkinen salerosketagatik. Zigortuen artean, gobernuko kideak, enpresariak, poliziak eta militarrak daude; adibidez, Manas Kongpan armadako jenerala eta Patchuban Angchotipan goi mailako funtzionario ohia. Guztira, 103 lagun auzipetu dituzte.

Auzia 2015ean hasi zen, Thailandiaren eta Malaysiaren arteko mugan etorkinen legez kanpoko kanpalekuak eta hobi komunak aurkitu eta gero. Poliziak bi dozena hilotz aurkitu zituen hobietan, eta etorkinak kanpalekuetan bahituta zeudela adierazi zuen. Atzoko auzian argi geratu zen hori. Etorkinak gutxiengo musulmana den rohingya komunitateko kideak ziren —Bangladeshkoak dira berez—, eta banbu zelaietan preso hartzen zituzten. Familiak erreskatea ordaintzeko eskatzera behartzen zituztela frogatu zen. Familiekin harremanetan jartzen zirenean, gehienetan, kolpatuak izaten ziren, eta, askatzearen truke, 100.000-160.000 baht —2.000-3.000 euro artean— eskatzen zuten. Thailandiako hobi komunak aurkitu eta hilabete batzuetara, Malaysiako agintariek jakinarazi zuten mugaren euren aldean etorkinak zeuden hogei kanpaleku aurkitu zituztela, eta ehun hilotz inguru zeudela lurperatuta.

Bi urtez luzatu da auzia, berrehun bat lekukok hartu dute parte, eta agerian utzi dute oso ondo antolatutako salerosketa sarea zela. Kasu horren ikerketak, ordea, beste krisi bat eragin du. Atxiloketen beldurrez, trafikatzaileek etorkinak garraiatzeko hainbat txalupa noraezean utzi dituzte itsasoan, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iragarri duenez, ehunka hil dira gosearen, deshidratazioaren eta beste itsasontziek egindako erasoen eraginez.

Goi karkudunen mehatxuak

Eskubideak Indartu Asia hego-ekialdeko giza eskubideen elkarteak salatu du lekukoek mehatxu ugari jasan dituztela. «Auzi hau gaur arte ikusi gabeko Thailandiako erakundeen salerosleen aurkako esfortzu izugarria den bitartean, lekukoen, itzultzaileen eta polizia ikertzaileen kontrako mehatxu etengabeen agertokia ere bada». Elkarteak adierazi du rohingya komunitateko lekuko batzuk atxilotu eta mehatxatu egin zituztela, eta eraso ere egin zietela Thailandiako autoritateek. 2016an, polizia gisa identifikatuak izan ziren sei erasotzailek beste lekuko bat bahitu eta mehatxatu zuten, eta ikerketan eta auzian parte hartu duten hainbat itzultzailek ere jazarpen bera jasan dute. Arrazoi horrengatik, kasua ikertzen zuen polizia taldeko buru Maj Gen Paween Pongsirinek bere herrialdetik ihes egin, eta Australian hartu zuen babesa. 2015eko abenduan egin zuen ihes, eta, gaur egun, han jarraitzen du. The Guardian egunkariak Australian duen ordezkaritzari aitortu dio ikerketa hasi zenetik beldurra izan duela, Thailandiako Gobernuko, armadako eta Poliziako hainbat kidek bera hiltzeko nahia agertu baitzuten.

Amy Smith Eskubideak Indartu-ko zuzendariak Thailandiak giza eskubideak bermatzeko bide luzea egin behar duela uste du. «Thailandiari oso bide luzea geratzen zaio urte askotan etorkin salerosleek esplotatuak, torturatuak eta erailak izan diren milaka pertsonaren eskubideak bermatzeko». Auziaren harira, «irregulartasunek epaian eragin zuzenik zertan izan ez duten arren», esan du horien gorakadak «zalantzan» jar dezakeela auzi hori bidezkoa den eta nazioartean ezarritako legeen arabera aurrera egiten ari den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna