Eliseoko atea jotzeko emaitza

Pe a Corsica koalizio abertzaleak botoen %45,3 lortu ditu Korsikako Legebiltzarrerako bozen aurreneko itzulian. Parisi «mezu sendoa» bidali diotela nabarmendu du Simeoni zerrendaburuak

Jean-Guy Talamoni Pe a Corsicako kidea, lehengo astean, koalizioaren jarraitzaile batzurekin. OLIVIER SANCHEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Korsikak mezu sendoa helarazi dio Parisi: bakea eta demokrazia nahi ditu, uharte aske bat eraiki», nabarmendu zuen Gilles Simeoni Pe a Corsicako zerrendaburuak, herenegun gauean. Izan ere, Korsikako Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulian bozkatu zuten korsikarrek —datorren igandean izango da bigarren itzulia—, eta, aurreikuspenak betez, koalizio abertzaleak, autonomiaranzko bidean sakondu asmo duenak, botoen %45,3 bereganatu ditu. Emaitza horrekin, Eliseoko atea jotzeko moduan dira nazionalistak. «Denon artean bilatu behar dugu irtenbide politiko bat», gehitu zuen Simeonik. 2015eko legebiltzarrerako bozetan ere nazionalistak nagusitu ziren —historian lehendabiziko aldiz—, eta orduz geroztik Frantziako Gobernuak ez du negoziatzeko gehiegizko borondaterik erakutsi.

234.227 korsikarrek zuten bozkatzeko aukera, eta 54.000 boto lortu ditu, oraingoan, Corsica Libera alderdi independentistak eta Femu a Corsica autonomistak osatutako koalizioak; duela bi urte baino 20.000 gehiago. Gainontzekoen emaitzak askoz ere apalagoak izan dira. Bigarren indarra eskuineko erregionalistak izan dira (%14,97); hirugarrena, kontserbadore zentralistak (%12,77); eta laugarrena, Frantziako Gobernuaren pentsamendutik gertuen dagoen koalizioa (%11,26).

Core In Fronte ezkerrezko mugimendu independentistak botoen %6,69 bereganatu ditu, eta, hortaz, %5eko langa gainditu duenez, bigarren itzulirako beste zerrenda batekin bat egiteko aukera edukiko du. Paul-Felix Benedetti buru duen hautagaitzak, baina, ez du horretarako asmorik.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera estatus berria izango du Korsikak, lurralde kolektibitatearena, eta ganbera berrirako 63 legebiltzarkideak hautatzeko dira bozak. Boto subiranistak gehiengo osoa lortu du lehen itzulian. Halere, badaude aldeak bi proposamenen artean, eta, ziurrenik, horregatik ez dute bat egingo. Pe a Corsicak nahi duena da hiru urteren buruan autonomia estatusa bereganatu, hori hamar urteren buruan garatzeko. Core in Fronterena muturrekoagoa da, 2032rako autodeterminazio erreferendum bat planteatzen baitu.

Gai gakoak

Bigarren itzulia falta da lehen itzuliko emaitza onak baieztatu ahal izateko. Horregatik, Pe a Corsicari botoa emateko eskatu du Jean-Guy Talamoni zerrendako bosgarrenak, Corsica Liberako buruak. «Negoziazioei ekiterakoan legitimitatea edukitzeko». Eta hartu-eman horietan, «gai gakoak», Talamonik berak adierazi bezala, hiru izango dira: «Gure hizkuntzaren koofizialtasuna, egoiliar estatusa gure bozkatzaileak babesteko, eta presoen amnistia».

Baina helburu horiek lortzeko ahaleginean, subiranista izan ala ez, korsikar guztiei mintzatu zitzaien Simeoni, joan den igande gauean: «Korsikar guztion artean eraikiko baitugu eraiki nahi dugun Korsika». Eta azken urteotan bozetan lortutako emaitzek bultzada eman diote Pe a Corsicako buru autonomistak aipatzen duen Korsika sortzeko ahaleginari. Izan ere, 2014ko udal hauteskundeetan emaitza onak lortu zituzten nazionalistek. 2015eko eskualdekakoetan garaipena erdietsi zuten, eta joan den ekainean, Frantziako Legebiltzarrerako egindakoetan, ordezkaritza atera zuten, lehen aldiz.

Hain zuzen ere, 2014an atera zen klandestinitatetik FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea, eta, hainbat adituren iritziz, horrek zerikusia du bozkatzaile nazionalisten kopuruan gertatutako gorakadan; baita uharteko eskuinaren eta ezkerraren diskurtsoaren berritasun gabeziak ere.

Eliseoko atea jotzeko botoak bildu dituzte abertzaleek. Horretarako are legitimitate handiagoa edukitzeko aukera dute hurrengo igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.