Turkiak mehatxu egin dio Siriari ez ditzan babestu kurduen miliziak

SANA agentzia ofizialaren arabera, Damaskoren aldeko indarrak Kurdistango Afrin barrutian hedatuko dituzte. Erdoganek erran du «ondorioei aurre» egin beharko diela Siriako Gobernuak

Turkiak mehatxu egin dio Siriari ez ditzan babestu kurduen miliziak.
mikel rodriguez
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hainbat iturriren arabera, Siriako Gobernuak eta kurduen miliziek akordio bat egin dute Damaskoren indarrak Kurdistango Afrin barrutian hedatzeko. Siriako gerra hasi zenetik (2011) bi alde horiek elkarlanerako itun bat egin duten lehenbiziko aldia litzateke. Iragan urtarrilaren 20az geroztik Turkiaren erasopean dago Afrin barrutia, eta Ankarak mehatxu egin dio Siriako Gobernuari: «Erregimena sartzen bada PKK [Kurdistango Langileen Alderdia] eta YPG [Herriaren babes Unitateak] botatzeko, ez dago arazorik», adierazi zuen atzo Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak, Jordaniara egindako bisitan. «Baina YPG babesteko sartu badira, inork ez gaitu geldiaraziko ez gu, ez Turkiako soldaduak».

Afringo barruti autonomoko ordezkariek azken asteotan hainbat aldiz eskatu diote Siriako Gobernuari kantonamenduak Turkiarekin duen mugaren kontrola hartzeko. Gerra hasi ondoren, Siriako armada eta polizia erretiratu egin ziren Afrindik, eta azken urteotan gobernu eta estatu egitura autonomoak eratu dituzte gehiengo etniko kurdua duen lurralde horretan. Siriako Estatuko SANA agentziak atzo adierazi zuenez, «herri indarrak» agudo ailegatzekoak ziren Afrinera «bertako herritarrak babesteko Turkiako erregimenaren erasoaren aitzinean». Iturri horren arabera, indar horien helburua izanen da Afringo herritarren «erresilientzia eta erresistentzia azkartzea». SANA agentziak «herri indarrak» erran ohi die gobernuaren aldeko miliziei; hau da, armadarenak ez diren indar irregularrei.

Afringo gobernu autonomoko aholkulari Badr Jia Kurdek herenegun Reuters agentziari erran zion akordio bat egina zegoela, eta bi egunen buruan paratuko zutela indarrean. Jia Kurden arabera, itun hori militarra baino ez da, eduki politikorik gabea. Atzo nazioarteko berri agentziekin mintzatu ziren ordezkari kurduek, ordea, ez zuten baieztatu akordio bat egina zutenik. «Ez dago akordiorik. Dagoen gauza bakarra da Siriako armadari eskatu diogula mugak babestera etortzeko», adierazi zion Nuri Mahmud YPG milizien bozeramaileak Reuters agentziari.

Ituna berretsiko balitz, gerra hasi zenetik lehenbiziko aldiz Damaskoren aldeko indarrak eta Turkiako soldaduak aurrez aurre has litezke borrokan. Çavusogluk erran du ez dutela onartuko Siriako Gobernuak kurduen miliziei laguntzea, Afrinen ez ezik, ezta «Manbijen [Eufratesen mendebaldeko hegiko hiria] eta Eufrates ekialdean» ere. CNNTurk katearen arabera, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea Vladimir Putin Errusiakoarekin mintzatu zen atzo telefonoz, eta erran zion Damaskok YPGri lagunduz gero «ondorioei aurre egin» beharko diola —Siriako Gobernuaren aliatu handiena da Errusia—.

Israelen laguntza matxinoei

Herrialdearen hegoaldean dago bertze tentsio gune nagusietako bat, Israelen eta Siriako Gobernuaren aldeko indarren artean. Israelgo Haaretz egunkariak atzo argitaratu zuenez, Tel Avivek Damaskoren aurka borrokan ari diren «zazpi talderi armak eman dizkie». Elizabeth Tsurkov analistaren ikerketa batean oinarritu du berria, eta talde armatu horiek deskribatu ditu «erlatiboki moderatu diren matxino sunita» gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.