«Ekialde Hurbilean arma lasterketa bat izango da akordioari eutsiz gero»

Trumpek Irango akordio nuklearretik aterako ditu AEBak, eta zigor ekonomikoak berrezarriko dizkio Teherani. Rohanik iragarri du hitzarmenean jarraituko dutela beren interesak bermatzen baditu

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian, zigor ekonomikoen memoranduma eskuetan duela. REYNOLDS / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eman du pausoa Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak: herrialdearen sinadura kenduko du 2015eko uztailean adosturiko Irango akordio nuklearretik. Mundu mailako lurrikara politikoa sortu du beste behin ere haren erabakiak, baina atzo jakinarazitakoak epe laburrera, ertainera eta luzera begirako ondorio negatiboak izan litzake, batez ere Ekialde Hurbileko oreka politikoan. Frantziako presidente Emmanuel Macron, Alemaniako kantziler Angela Merkel eta Erresuma Batuko Atzerri ministro Boris Johnson Etxe Zurian izan dira asteotan, baina ez dute AEBetako presidentea konbentzitu akordioan geratzeko. Diskurtso gogor baten bidez eman zuen atzo Trumpek ñabardurarik gabeko erabakiaren berri, eta ez dio aterik zabalik utzi bitarteko irtenbide bati. «Akordio nuklearra fikzio handi bat da. Ekialde Hurbilean arma lasterketa bat izango da akordioari eutsiz gero. Mundu guztiak nahiko ditu armak prest izan, Iranek bereak dituenean. Hitza ematen dudanean, horri eusten diot», argudiatu zuen.

AEBetako presidenteak iazko urrian egin zien mehatxu gainontzeko sinatzaileei, akordioa «hobetu» ezean herrialdea handik aterako zuela ohartarazita. Urte hasieran berriz egin zuen mehatxua, baina epe horiek laburregiak izan dira Alemaniarentzat, Frantziarentzat, Erresuma Batuarentzat, Errusiarentzat eta Txinarentzat. Azken bi horiek, Iranekin batera, ituna bere horretan uztearen alde egin dute, beste hirurak akordioa moldatzeko prest agertu diren arren; Trumpek, ordea, epemugari eutsi dio, eta hitzarmenetik aterako ditu AEBak. Dena den, zabalik utzi du berriz ados jartzeko aukera: «Iran prest baldin badago beste akordio bat adosteko, gauza handiak gerta daitezke herrialde horretan eta Ekialde Hurbilean».

Trumpek iazko ekainean iragarri zuen AEBak Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordiotik ere aterako zituela, eta, atzoko erabakiarekin batera, Barack Obamaren, hots, karguan haren aurrekoa izan zenaren atzerri politikako bi lorpen handi deuseztatu ditu ia urtebetean. Ordea, erabaki arriskutsua hartu du: AEBen Europako aliatu nagusiek, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, akordioaren alde egin dute 2015ean sinatu zutenetik, eta ez dute begi onez ikusi atzo jakinarazitako erabakia, «deitoratu» egiten dutela azaldu baitzuten, Macronen bidez. Horiek hala, ikusteko dago gaurtik aurrera zer bide hartuko duen AEBen eta hiru estatu horien arteko harremanak, agerian geratu baita beste behin ere iritziak kontrakoak direla. Eta Europako Batasuna ez da AEBetako presidentearekin lerrokatu.

Nazioarteko negoziatzaile gisa, AEBen nazioarteko sinesgarritasuna zalantzan jarri du berriz ere Trumpen erabakiak, herrialdea akordioak egiteko gai dela erakutsi arren horiek betetzeko zailtasunak dituela frogatu baitu. Ekialde Hurbileko haren aliatuek txalotu dute soilik erabakia, Israelek eta Saudi Arabiak, hain justu Iranen etsai historikoek.

Akordiotik ateratzearekin batera, AEBetako presidenteak zigor ekonomikoak berrezarriko dizkio Irani, zigorrik «handienak»; ez Irani soilik, baita herrialde hori lagunduko luketen beste estatuei ere. Hain justu, akordioaren beste alde nagusiak ere, Iranek, erantzun laburra bezain gogorra eman zien AEBei, Hassan Rohani herrialdeko presidentearen bitartez. Oraingoz, Iranek akordioan jarraituko du, bere interesak bermatzen baditu. «AEBek ez dute bete beren partea. Hau gerra psikologikoa da, eta Trumpi ez diogu utziko garaile izaten», ohartarazi zuen Rohanik.

Mezua Ipar Koreari

Irango akordio nuklearrari buruzko erabakia ematen ari zela,AEBek Ipar Korearekin izango dituen negoziazioen berri eman zuen Trumpek: Mike Pompeo Estatu idazkaria herrialde horretara bidean zela iragarri zuen. Baina, ideia horren gainetik eta lerro artean irakurrita, akordioaren gaineko erabakia mezu zuzena izan zen Piongiangentzat, negoziazioetan desnuklearizazioa eskatuko baitio herrialde horretako lider goren Kim Jong-uni.

Hitzordu horri begira, atzoko erabakiak erakutsi du Trump prest dagoela zigor ekonomiko gehiago ezartzeko Ipar Koreari, Kimek ezezkoa ematen badie haren eskakizunei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.