Diaz Andaluziako presidente izateko akordioa egin dute PSOEk eta C's-ek

Bihar eramango dute izendapena parlamentura.PP, Podemos eta IU kontra agertu dira

Susana Diaz. JULIO MUÑOZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Andaluziako hauteskundeak egin zirenetik bi hilabete eta erdira —martxoaren 22an izan ziren—, Susana Diazek lortu du azkenean erkidegoko presidentetzan jarraitzeko behar zuen babesa. Atzo sinatu zuten kargu hartzerako akordioa PSOE eta Ciudadanos alderdiek, eta egin duten ituna hain justu horixe dela nabarmendu zuen C's-eko buruzagi Juan Marinek: kargu hartzerako akordio bat, «eta ez legegintzaldirako hitzarmen bat».

Horrenbestez, Andaluziako Juntako presidentetzan jarraituko du Diazek, PSOE (47) eta C's (9) alderdiek haren kargu hartzea babestuta. 109 eserlekuko parlamentuan PP (33), Podemos (15) eta IU (5) egongo dira oposizioan; eta baita C's bera ere, Diazen kargu hartzeaz gero. Bihar eramango du Diaz presidente izendatzeko bozketa PSOEk Andaluziako ganberara.

72 puntuko akordio bat

Herenegun eta atzo PSOEk alde biko negoziazioak egin zituen PP, Podemos, C's eta IUrekin. Aurreko saio guztietan lau alderdiak Diaz babestearen kontra azaldu ziren, eta Andaluziako PSOEko buruzagiak berriro hauteskundeetara deitzeko mehatxua ere egin zuen, berari gobernatzen utzi ez eta oposizioa gobernu alternatibo bat eratzeko gauza ez bazen.

Andaluziako hauteskundeen osteko blokeo egoera ikusita, Espainiako Udal Hauteskundeak egin arte negoziazioak bertan behera uztea erabaki zuen PSOEk, eta, M-24aren ostean, aste honetan ekin zioten berriro alde biko elkarrizketei. C's-ek baldintza jarri zion PSOEri, ustelkeriaren kontrako dekalogoa, erregenerazio demokratikoa, ekonomia bermeak eta ongizate estatua aintzat hartzen dituen agiri batzuk sinatzeko Diazen izendapena babestearen truke. Bi aldeak lotzen dituen 72 puntuko akordio bat sinatu zuten atzo PSOEk eta C's-ek.

Ciudadanosen jarrera aldaketa azaltzeko, C's ez dela «ikusle izatera edo ezkutatzera etorri» esan zuen atzo Marinek, eta PSOEko hautagaiaren izendapena babesteak «ordaina» ekar diezaiekeela onartu arren «oposiziotik arriskuak hartzeko prest» daudela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.