Infernura bueltan, behartuta

Hilabete darama Kenyako Gobernuak Dadaab kanpalekuan 25 urtez bizi izan diren somaliar errefuxiatuak aberriratzen, «segurtasun nazionala» bermatzeko aitzakiaz

Infernura bueltan, behartuta.
2016ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Kenyako Dadaab errefuxiatu somaliarrentzako kanpalekua mundu osoko handiena da. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eraiki zuen, 1991n, eta, hasieratik,gehienbat Somaliako gerra zibiletik eta lehorteak eragindako gosetetik ihesean zihoazen pertsonak hartu ditu, 350.000tik gorako biztanleria ere izateraino. Basamortuaren erdian dagoen kokalekua da, 50 gradurainoko tenperaturak izan ditzakete, eta «etxebizitzak» familiek berek aurkitzen dutenarekin eraiki izandituzte —plastiko, makila, kartoi...—. Somaliak 25 urte daramatza armadaren eta Al-Shabab talde jihadistaren arteko gerra zibil bortitzean murgilduta, eta faktore nagusi horrek aldenarazi du jende asko herrialdetik. Orain, galdera ikur handia bilakatu da ea hara itzultzea erabakitzen ez dutenekin zer gertatuko den.

Errefuxiatuen etorkizuna kolokan jarri baitu Kenyako gobernuaren azken erabakiak: kanpalekua aurtengo azaroa baino lehen desegiteko asmoa, hain zuzen. Orain arte mehatxuak baino ez ziren izan, NBEren presioaren ondorioz Kenyako gobernuak atzera bota zituenak, baina oraingoan, UNHCRrekin akordio batlortu ostean, aberriratzeak martxan jarri ditu. Kanpamentua urtea amaitu baino lehen erdira murrizteko hitza eman dio gobernuari.

«Askorentzat, Dadaab gure etxea da orain. Ez dugu bueltatu nahi gure herrialde arriskutsura». Hala dio Habibok, 10 urte baino ez zituenean kanpalekura iritsi eta bizitzaren zatirik handiena han igaro duen errefuxiatu batek, eta gehitu du kanpalekuko jendearen artean orokorra dela jaioterrira itzularaziko dituztelako beldurra.

Aberriratze «boluntarioak»

UNHCRk Kenyako agintariekin negoziazioetan dabil oraindik,errefuxiatu somaliarren «derrigorrezko kanporatzerik» gerta ez dadin. Oraingoz, kanpalekuaren hustea aberriratze boluntarioen bidez egitea adostu dute NBEren erakundeak eta Kenyako gobernuak. Ixtearen abisuaren eraginez, somaliar asko hasi dira Dadaab boluntarioki uzten,«kanporaketa prozesua bortiztu egingo delako susmoa» dutelako, Mohamed Abdi errefuxiatuak adierazi duenez. Kenyako Gobernuak, ordea, kontrakoa adierazi du, hots, kanporaketa «segurua eta humanoa» izango dela. Baina NBEren ustez, hori ezinezkoa litzateke azaroa baino lehenago egiteko asmoa balego.

UNHCRk 115 milioi dolarrendiru laguntza biltzeko asmoa azaldu berri du, boluntarioki itzultzen direnak ekonomikoki laguntzeko, itzultzea «erakargarri» izan dakien. Uztailaren 4an hasi ziren aberriratzeak; lehenengo autobus irtenaldian, 180 errefuxiatu abiatu ziren Dobleyrantz, Somalian. Harrezkero, tantakabaina etenik gabe ari dira joaten.

Dena den, kanpalekuko jende gehienak ez du Somaliara bueltatzeko borondaterik: 2014an, %20 inguru ageri zen itzultzeko prest, eta, 2011z geroztik iritsitakoen artean, hau da, kanpalekuko bazterretan eta ondorioz baldintza okerrenetan bizi direnen artean, bereziki txikia da joan nahi dutenen portzentajea. Bi urteren buruan, gauzak ez dira asko aldatu, beharbada Kenyako agintarienpresioek ehuneko hori zertxobait igo badute ere. Somaliar askok, aberriratzea heriotza zigor gisa ikusten dute oraindik ere.

Ez da lehen aldia Kenyako gobernuak Dadaab ixteko asmoa agertzen duela. 2013an eta 2015ean, Al-Shababek Kenyan bi atentatu bortitz egin zituen; lehenean, Nairobiko Westgate luxuzko merkataritza gunean 72 pertsona hil ziren; bigarrenean, berriz, Garissako unibertsitatean 148 ikasle hil zituzten. Azken horrek haserrearazi zuen gehien gobernua, eta, haatik, ultimatum bat eman zuen, eta hiru hilabeteko epea eman UNHCRri kanpalekua desegin eta husteko. «Segurtasun nazionalak» guztiaren gainetik egon behar zuela argudiatu zuen. Baina, azkenean, atzeratzea onartu zuen nazioartearen presiopean.

Mugarik Gabeko Medikuekbehin eta berriz kritikatu dute Kenyaren segurtasun nazionalaren aitzakia. Halaber, hauxe adierazi du kanporaketei buruzLiesbeth Aelcbrecht Kenyako koordinatzaileak: «Errefuxiatuei Somaliara itzultzera behartzen bazaie, desplazamendu gehiago egongo dira, segurtasun baldintzak eta sanitarioak eskasak direlako; batez ere, osasun arazo kronikoak dituztenentzat —desnutrizioa, kasurako—». Penatuta dago Kenyako agintariak itsututa daudelako ixtearen aukera bakarrarekin, eta irtenbide alternatiboak proposatu ditu: «Kanpalekua eremu seguruago batean koka daiteke, edota errefuxiatuak Kenyan integratzensaiatu».

Interesak, bi aldeetan

Asko dira Kenyaren erabakiaren atzetik interes ekonomiko nahiz politikoak ikusi dituztenak, hala nola nazioartetik konpentsazio ekonomikoak lortzea 20 urtez hainbeste errefuxiatu mantentzeagatik. Somaliako presidenteak ere bere interesak dituela erakutsi du, errefuxiatuen itzulerak bakegintzarako urratsak direlako itxura eman diezaiokeelako herrialdeari, eta nazioartean Somaliak duen irudia hobetu. Afrikako adarrean fikzioko normaltasuna erakusteko saialdia dela dirudi, baina hauxe da errealitate gordina oraindik ere: aurten 47 urtean lehenbiziko aldiz hauteskunde demokratikoak egingo diren herrialde batean, Al-Shababek izua hedatzen jarraitzen duela hegoaldeko eta erdialdeko eremu zabaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.