Madrilek Kataluniaren kontuak 155. artikuluarekin kontrolpean hartu ditu

Ogasunak Generalitateari Egonkortasun Legearen bidez ezarri zion kontrola igandean iraungiko da. CUPeko bi zinegotzi atxilotu dituzte

Ordezkari unionistak 155. artikuluari helegitea jartzearen aurka bozkatzen, atzo, parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Ogasun Ministerioak irailean agindu zion Kataluniako Gobernuari kontu guztien berri zuzenean emateko, «legearen edo auzitegien erabakien aurkako ekintzarik» finantzatzen ez zuela egiaztatzeko. Aurrekontuen Egonkortasun Legean oinarritu zuen interbentzioa, eta urtea bukatzearekin iraungiko da neurria. Hala ere, Ogasun Ministerioak erabaki du Kataluniako kontuen kontrol osoari eustea 155. artikuluaren bidez; beraz, hilaren 1etik aitzinera egoera ez da aldatuko.

Egonkortasun Legearen arabera, Espainiako Gobernuak erkidego autonomo baten kontuen kontrola har dezake horien egoerak «arriskuan» paratzen badu Espainiako Erresuma osoaren ekonomia. Kataluniako Gobernua irailean superabit egoeran zegoen, ordea; horregatik, Kataluniako hedabide batzuek interpretatu dute kontuen interbentzioak oinarri juridiko ahula zuela, eta 155. artikulua aplikatuta erabakia erabat bermatuta utziko duela Espainiako Gobernuak.

Hala ere, 155. artikuluaren aplikazioaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea erabaki du Kataluniako Parlamentuko diputazio iraunkorrak, Junts Pel Siko eta Catalunya Si Que Es Poteko ordezkariekin botoekin —hilaren 21eko hauteskundeetatik eratorritako parlamentu berria osatu arte indarrean dagoen organoa da diputazio iraunkorra—.

CUPek abstentzioa eman du, ez diolako zilegitasunik onartzen Auzitegi Konstituzionalari. Han zuzen, CUPek Reus hirian dituen bi zinegotzi atxilotu zituzten atzo mossoek, erreferendumaren eguneko mobilizazioen harira epaile baten aitzinera deklaratzera joateari uko egin ziotelako. Gaur goizean eramatekoak dituzte epailearen aitzinera.

Pujol Ferrusola, aske

Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, Jordi Pujol Ferrusola aske uztea erabaki du, 500.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren seme zaharrena da, eta hari, aitari, Marta Ferrusola amari eta familiako bertze kide batzuei leporatzen diete dirua zuritzea, iruzurra egitea eta agiriak faltsutzea. Apiriletik zeukaten preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.