Immigrazioa. Tunisia

Tunisiako marjinatuen exodoa

Udaz geroztik, migrazioa areagotu egin da Tunisian; Italiako kostaldera 3.200 lagun iritsi ziren irailean. Barnealdeko herritarrek diote estatuak abandonaturik dauzkala.

Khaled eta Hafez gazte tunisiarrak. Mediterraneoan itsasoratu ziren urrian. Ontzian zihoazen 50 lagun ito ziren itsasoan. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Bir Ali Ben Khalifa
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Neuk eman nizkion Europara joateko 2.000 dinarrak [600 bat euro]. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin armadak halako zerbait egingo zuenik», dio Mabruk Lahmarrek. Damua du aurpegian marraztua; haren seme nerabea Mediterraneoan hil zen, itsasoa ezkutuan zeharkatu nahian. Urriaren hasieran, fragata militar batek hura zihoan ontzia jo zuen, eta berrogeita hamar bat lagun hil ziren: Tunisian immigrazioa dela-eta azkenaldian izaniko tragediarik handiena da. Dena dela, horrek ez du geldiarazi uda bukaeratik Tunisiaren barnealdean areagotu den migrazio oldea.

Bir Ali Ben Khalifa, hautsez beteriko herri bat, hegoaldekoa, olibondo ilara amaiezinez eta plastikozko poltsek kolonizaturiko eremuz inguratua. Asperdurak bultzaturik eta ilusioz beterik atera ziren handik hamalau mutil, urriko gau zoritxarreko batean, Europaren bila. Haietako bat Najam Eddin zen, Lahmarren semea. «Hasieran, ez nuen garbi ikusten, baina, bi urtean haren kalaka aditu eta gero, konbentzitu egin ninduen. 17 urte zituen, eta ez zuen inolako etorkizunik ikusten Tunisian. Horregatik, utzia zuen eskola», azaldu du 43 urteko jornaleroak, zeinak hogei urte zaharrago dirudien.

Nekazari eskualdeak

Herriko biztanleek sentitzen dute estatuak abandonaturik dauzkala, eta halaxe iruditzen zaie nekazari eskualde askotan ere. «Ez dago industriarik, eta azpiegiturak kaskarrak dira. Etxeen erdietan ez dago iturriko urik», baieztatu du Habib Eltayefek; eskola baten zuzendaria da, eta UGTT sindikatu boteretsuaren tokiko arduraduna. Hain zuzen, sindikatu horrek lortu zuen eskualdea geldiaraztea mutilen heriotzaz eta garapen faltaz protestatzeko eginiko greban. Eltayefen kalkuluen arabera, 60.000 biztanleko eskualde hartan 500 gaztek emigratu dute azken hilabeteotan Europara. Zinezko exodo bat, beraz.

Khaled eta Hafez aldameneko herri bateko bi aktore amateur dira, eta Lahmarren semearen txalupa berean zihoazen. Bizia salbatu ahal izan zuten zorioneko 38 lagunek, eta haien artean daude Khaled eta Hafez. Esperientzia horrek traumatizaturik daude oraindik, eta ukatu egin dute «istripuz» gertatu izana, bertsio ofizialak esanak esan. «Pare bat orduan, fragata segika izan genuen. Mikrofono batetik, gelditzeko agintzen zioten kapitainari. Nazioarteko uretara iristeko zorian geundela, eta proiektore batek argiturik, kolpe bat jo zigun albo batean», gogoratu du Khaledek. Ontzia irauli, eta biak ur azpian geratu ziren, ilunpe ikaragarri batez inguraturik.

«Gorpu tartean ibili nintzen uretan, ordu erdi bat gutxi gorabehera. Seguru nengoen hil egingo nintzela. Halako batean, zodiak bat bidali eta salbatu egin ninduten», kontatu du mutil lerden eta adeitsu horrek. «Mutil asko barnealdeko herrietakoak ziren, ez zekiten igerian, eta ito egin ziren. Zortea izan nuen, itsasotik gertu bizi eta udan hondartzara joaten naiz eta», erantsi du. Zorigaiztoko bidaian abiatu baino lehen, hiru urteko harreman bat eten zuen, ezin zuelako ezkontzeko dirurik bildu, ezkontzea garestiagoa baita Europarako «txartel ezkutuko bat» baino.

«Badira urte batzuk egun solteka lan egiten dudala. Tabernan zerbitzari, nekazaritzan, eraikuntzan... Soldata hamabost otordu da [5 euro]. Horrela ez dago bizitzerik», dio Hafezek, emigratzea zergatik erabaki zuen galdetutakoan. «Esan zuten iraultzarekin beste garai bat hasiko zela, gazteek lana izango genuela. Baina agindutakoa ez zen bete, eta gure bizimodua ez da batere hobetu», gehitu du. Gazte mehe eta serio horrek aitortu du bazekiela zer arrisku zuen, baina ez zituela mafiak legezko bisa baten truke eskatzen dituen 10.000 dinerrak (3.000 euro). Mafiak lortzen baititu halako bisak, Europako enbaxada bateko edo besteko diplomazialari ustelei esker.

Askotariko susmoak

FTDES fundazioaren inkesta baten arabera, gazte tunisiarren %56k Mendebaldera emigratu nahi dute, eta gutxienez %30 «legez kanpo ere» joango lirateke. Dena dela, uda honen bukaeran izan da boom-a: 2016an, 1.200 tunisiar iritsi ziren Italiako kostaldera; aurtengo irailean, berriz, 3.200 baino gehiago. «Ez dago garbi zergatik handitu den horrela kopurua», aitortu du FTDES fundazioko kide Rim Bouarroujek. Askotariko susmoak piztu dira, ordea, horren inguruan, Libiako kostatik joandakoen kopurua izugarri apaldu baita aldi berean.

Tunisiako arrantza sektorearen krisia ere badago horren atzean. Sfax hiria da industria horren erdiguneetako bat, eta haren ingurutik abiatzen dira harraga izeneko ontzi gehienak: hango hizkuntzan, halaxe deitzen zaie ezkutuan ibiltzen direnei. «Harrapaketak %60 urritu dira, baina bizitzaren kostua gora eta gora ari da. Edo orain debekaturiko arteekin arrantzatzen uzten digu gobernuak, edo harragekin lanean aritzen uzten digu», bota du Lazharrek; eskarmentu handiko arrantzale bat da, 40 urte baino gehiago egin ditu-eta itsasoan, urte guztiok urre koloreko bere azalean iltzatuak.

Tunisiako kostaldea kolonizatu berri duen Latinoamerikako karramarro espezie batek sareak urratzen dizkie, eta horrek are gehiago zaildu die dena arrantzale atsekabetuei. «Jendea desesperatua dago. Askok erdi prezioan saltzen dituzte beren ontziak», bota du Lazharren aspaldiko lagun Mongik. Den-denek dakite arrantzale batzuk elkarlanean aritzen direla ezkutuko emigrazioko sareekin, bai ontziak salduta, bai isilpeko immigranteei lagun eginez.

«Legez kanpoko emigrazioa dela-eta auzipeturiko 150 lagunetatik batzuk polizia ustelak dira. Estatu politika bat al da ez ikusiarena egitea? Ez dakit», kontatu du Sfax hiriko iturri judizial batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.