Katalunia

Puigdemont behin-behinean aske utzi du Alemaniak, matxinada ukatuz

Espainiaratzea erabakitzen duen bitartean, Schleswig-Holsteingo Auzitegiak aske utzi du, 75.000 euroko bermea jarrita. JxCk Sanchez proposatu du, berriro, Generalitaterako presidentegai izateko

ANCk deituta, joan den larunbatean manifestazioa egin zuten Berlinen, Puigdemont aske uzteko eskatuz. O.MESSINGER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek ez du kartzelan jarraituko; gaur goizean irtetea espero da. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak egotzitako matxinada delitua baztertu du Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak eta ez dio ihes egiteko arriskurik sumatu. Beraz, behin-behinean, Kataluniako presidente ohia aske geldituko da gaur, 75.000 euroko bermea jarrita. Auzitegiak kaleratutako oharrak dio «onartezina» litzatekeela matxinada delitua egoztea —horregatiko kartzela zigorra 25 urtekoa da Espainian—, baina kasua aztertzen ari diren hiru epaileei iruditzen zaie diru publikoaren erabilera okerrarena onartua izan litekeela. Gorenak ezarritako euroaginduak, hortaz, indarrean jarraitzen du. Prozesu juridikoak bi hilabete iraun ditzake, eta hilabete bat gehiagoz ere luza liteke, 90 egun arte gehienez.

Alemaniako lander horretako fiskaltzak Puigdemont Espainiaratzeko eskatu zuen pasa den asteartean. Argudiatu zuen, gainera, «baliokideak» direla matxinada delitua eta Alemaniako Zigor Kodearen 81. eta 82. artikuluek jasotzen duten goi traizioa delitua. Izan ere, euroagindua gauzatzeko ezinbesteko baldintza da herri eskatzaileak akusatuari leporatutako delituak herrialde hartzailearen zigor kodeak ere jasotzea. Auzitegiko epaileak ez daude ados fiskaltzarekin. Oharrak dioenez, Gorenak inputatzen dizkion delituak ez lirateke «zigorgarriak» izango, «Alemanian indarrean dagoen legedia kontuan hartuta». Areago joan dira epaileak, arrazoituz ezin diotela goi traizioa aplikatu, gertakarietan biolentzia arrastorik ez baitute sumatu.

Fiskaltzak joan den asteartean proposatu zuen Puigdemont kartzelan mantentzea, argudiatuz horretarako motiboetako bat zela ihes egiteko arriskua. Auzitegiak ez du hala ikusten. Alemaniako Poliziak joan den martxoaren 25ean atxilotu zuen Puigdemont, Llarenak ezarritako euroaginduari erantzunez. Orduz geroztik, Neumuensterreko kartzelan egon da. 75.000 euroak biltzeko lanean hasi zen atzo, defentsa.

Comin, Serret eta Puig, libre

Alemaniako epaileen erabakia jakin eta segidan iritsi zen Belgikatik albistea: Antoni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari ohiek epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, eta aske uzteko agindu zuen epaileak. Euroagindua jaso du Belgikak ere, baina hiru auzipetuek ihes egiteko arriskurik ez dutela erabaki du, eta libre uzteko agindu du, euroagindua aztertu bitartean. Ez die behin-behineko neurririk jarri, eta bermerik ere ez die eskatu.

Puigdemont aske geldituko zela jakin ondoren, Jaume Alonso Cuevillas izan zen erreakzionatzen aurrenetakoa. Presidente ohiaren abokatua baikor mintzatu izan da azken egunetan. «Beti esan izan dut erabateko konfiantza nuela Alemaniako justizian. Arrakasta handia da». Espainiako Gobernuak, berriz, adierazi du ez duela baloraziorik egiten justiziaren lanari buruz. Rafael Catala Justizia ministroak, ordea, esan du «justiziaren independentziaren adierazle» dela erabakia.

Bestetik, Diego de Egea Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi du Herve Falciani informatika ingeniari suitzarra. Suitzak iazko maiatzean egindako estradizio eskaerari erantzunez, Espainiako Poliziak herenegun atxilotu zuen, eta fiskaltzak kartzelatzeko eskatu zuen, baina oraingoz aske utzi du epaileak. Ezingo du, ordea, Espainiatik atera. Suitzan dago, hain zuzen, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, eta Gorenak indarrean du haren kontrako nazioarteko atxilotze agindua. Suitzak esan izan du, baina, ez duela inor estraditatuko arrazoi politikoengatik. Falcianiren abokatuak De Egea epaileari esan zion, atzo, espero duela bere bezeroa ez dela izango «trukerako txanpon politiko bat».

Sanchez, presidentegai

Auzitegietako mugimendu horiek gertatu aurretik, atzo indarra hartu zuen, berriro, Jordi Sanchez presidentegai aurkezteko aukerak. Puigdemontek berak adierazi zuen, aske utziko zutela ezagutu aurretik, Sanchez dela hautagai egokiena. Bestalde, Jordi Turullek espetxetik jakinarazi zuen uko egin diola hautagai aurkezteari. Eta, azkenik, Sanchez berak presidentegai izateko prest zegoela adierazi zuen. Erreferendumaren harira auzipetuta dago Sanchez, matxinada delitua leporatuta, behin-behineko espetxealdian joan den urriaren 16tik, eta martxo hasieran presidentegaia izan zen. Gorenak, baina, ez zion inbestidura saiora joateko baimenik eman. Martxoaren 23an, Sanchezen eskubide politikoak babesteko beharrezko neurriak hartzeko eskatu zion NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuari, eta horri heldu dio JxCk Sanchez berriro presidentegai proposatzeko. NBEren jarrerak horretarako aukera «ohiz kanpokoa» ematen die, Eduard Pujol JxCko bozeramaileak atzo adierazi zuenez. Espainiako Gobernuak esana du, ordea, Sanchezek bermatuak dituela bere eskubide politikoak, eta NBEren ohartarazpenari kasu gehiago egiteko asmorik ez du agertu orain arte.

Horregatik, «kausa judizialetatik libre» dagoen presidentegai bat proposatzeko aukera ere ez dute baztertu JxCko (eta PDeCATeko) buruzagiek, zein ERCkoek. Bi indar subiranistek Sant Jordi egunerako, hilaren 23rako, gobernua osatzeko konpromisoa hartua dute, berez, baina Puigdemont aske gelditzeak egoera aldatu dezake. Bart, CUPek jakinarazi zuen presidente ohia berriro hautatzearen alde emango lituzkeela bere botoak. JxCk ere ez dio uko egin «agintaldi honetan» Puigdemont inbestitzeari, eta ikusi beharko da hura aske gelditzeak nola eragingo duen negoziazioetan.

Puigdemontek, hain justu, botoa delegatuzuen, atzo, legegintzaldi honetan aurrenekoz. Parlamentuan osoko bilkura egin zuten atzo, eta Ciutadansek ebazpen proposamen bat aurkeztu zuen, Torrenti eskatzeko azalpenak eman ditzala bere kudeaketaz. Bozkatzeko unea iritsi zenean —ez zuten onartu— Artadik bozkatu zuen Puigdemonten ordez. Espainiako Estatuko abokatua aztertzen ari da Mahaiak onartutako botoa delegatzeko aukera Konstituzionalean inpugnatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.