Lopez eta Ledezma Venezuelako oposizioko kideak espetxeratu dituzte

Auzitegi Gorenak dio etxeko espetxealdiko «baldintzak apurtzeagatik» kartzelatu dituztela. Oposizioak esan du Konstituzioa defendatuko duela

Venezuelako oposizioa, Batzar Konstituziogilearen aurkako protestetan, astelehenean, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Batzar Konstituziogilea eratzeko hauteskundeak egin eta bi egunera, Leopoldo Lopez eta Antonio Ledezma Venezuelako oposizioko politikariak kartzelara itzuli ditu Venezuelako Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarrak. Etxeko espetxealdia ari ziren betetzen bi politikariak. Venezuelako Auzitegi Gorenak jakinarazi duenez, «adostutako baldintzak ez betetzeagatik» bueltatu dituzte kartzelara. Lopezen kasuan, debekatuta zuen «proselitismo politikoa» egitea. Hau da, galarazia du bere kausaren aldeko adierazpen politikoak egitea kondena bete bitartean. Ledezmak, berriz, galarazia du hedabideei adierazpenak egitea behin-behineko espetxealdian egon bitartean.

Bi politikariek, igandean Twitterretik zabaldu zituzten mezuetan, dei egin zieten herritarrei Batzar Konstituziogilea osatzeko erreferendumaren aurka altxatzera. Gainera, oposizioko bi kideek ihes egiteko asmoa zutela esan du Auzitegi Gorenak, eta egoeraren «larritasunagatik» bueltatu dituztela espetxera.

Hautsak harrotu ditu Lopez eta Ledezmaren espetxeratzeak Venezuelako oposizioan. Nicolas Maduro presidentea egin dute ekintzaren erantzule, eta MUD Batasun Demokratikorako Mahaiak bideo bat zabaldu du sare sozialetan. Ledezmaren atxiloketa ageri da bideoan, eta oposizioak ekintza salatzeko erabili du.

Elkartasuna oposizioari

2015ean eginiko hauteskunde orokorretatik, oposizioak du gehiengoa Venezuelako Parlamentuan. Orain arteko jarrerari eutsiz, igandean hautatutako Batzar Konstituziogilea gaitzesten dutela adierazi dute parlamentuko diputatuek, eta erantsi duteberen esku dagoen guztia egingo dutela indarrean dagoen konstituzioa babesteko. «Konstituzioa suspertuko dugu», esan du parlamentuak ohar batean. AEBek, Espainiak, Kolonbiak,Mexikok eta Frantziak babesa erakutsi diote Venezuelako Parlamentuari, eta gaitzetsi egin dute Lopez eta Ledezma berriz espetxean sartzea.

Maduro presidenteak, berriz, muzin egin die Mendebaldeko herrialdeek eginiko presioei. CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren egoitzan eginiko adierazpenetan, Madurok Donald Trump AEBetako presidenteari esan dio ez diola «beldurrik» ezarri dizkion zigorren aurrean. Agintari estatubatuarrak hartutako erabakiek «ezintasuna, etsipena eta gorrotoa» azaltzen dutela adierazi du. Trumpek «diktadoretzat» jo du Venezuelako presidentea, baina Madurok erantzun dio «herri libre baten buru izateaz harro» dagoela. Maduroren ustez, ezinezkoa da demokrazia defendatzea eta Trumpekin bat egitea: «Trumpen alde zaude, edo mundu librearen alde zaude; aldi berean bi jarreren alde egotea ezinezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.