Karibe suntsitu ondoren, 'Irma' urakanak indarra galdu du AEBetan

Ekaitz tropikal bihurtuta, AEBetako Georgia eta Alabama estatuetarako bidea hartu du. 6,2 milioi herritar argindarrik gabe daude Floridan. Azken hamar egunetan 30 pertsona baino gehiago hil dira

Haizetea itsasoa harrotzen eta zuhaitzak astintzen, atzo, Miami Beachen (AEB). GIORGIO VIERA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Azken hamar egunetan, batzuetan orduko 300 kilometroko abiadurako haize boladak eragin ditu Irma urakanak, olatu erraldoiak sorrarazi, uholdeak ekarri, eta, horren ondorioz, Karibe suntsitu du. Enki Research etxearen arabera, 100.000 milioi bat euroren kalte materialak eragin ditu. Hildakoak 30etik gora dira gutxienez. Baina heldu zen herenegun Irma AEBetara, Floridako kostaldera, eta atzo indarra galdu zuen, aurreko egunetan maila gorenera, 5.enera, heldu zen urakanak. Georgia eta Alabama estatuetarako bidean, ekaitz tropikal bilakatu da, eta haizeak indar gutxiagorekin putz egiten du; orduko 120 bat kilometroko abiaduran. Adituentzat, egun batzuk barru desagertu egingo da.

Floridan hiru pertsona hil dira urakanak sorrarazitako nahasmenak eragindako trafiko istripuetan. Hildako gehien, baina, Kuban izan dira: 10 gutxienez, agintarien esanetan. Joan den larunbatetik iganderako gauean harrapatu zuen urakanak uhartea, eta Habanako kaleak, esaterako, urak estalita esnatu ziren. Granma egunkariak, Kubako Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren organo ofizialak, kalteak «larriak» direla adierazi du. «Urakanak kalteak eragin ditu etxebizitzetan, sistema elektroenergetikoan eta nekazaritzan».

Kubatik AEBetarako bidea hartu zuen Irma-k, eta, momentu honetan, 6,2 milioi herritarrek ez dute argindarrik Floridan —20 milioi biztanle—, Hondamendien Kudeaketarako Bulegoak emandako datuei erreparatuz. Robert Gould Florida Power Lights konpainiako presidenteordearen hitzetan, «asteak» beharko dituzte argindarra berrezartzeko.

Duela egun batzuk, urakana artean Kariberen bihotzean zegoenean, AEBetako agintariek mezu alarmista bat helarazi zuten: «AEBak suntsitu behar ditu», bota zuen Brock Long larrialdietarako zuzendari nazionalak. Beraz, prebentzio neurri gisa, Floridako sei milioi lagun haien etxeetatik ebakuatu zituzten.

«Baliabide guztiak»

«Gune katastrofikoa» izendatu du Florida Donald Trumpek. 2001eko irailaren 11ko atentatuen hamaseigarren urteurrenaren harira Pentagonoan emandako hitzaldi batean jakinarazi zuen «gobernu federalaren baliabide guztiak» eskura izango dituztela urakanak kalteak eragindako tokietan. Bien bitartean, Tomas Regalado Miamiko alkateak (Florida) adierazi zuen kaleak garbitzea dela agintarien lehentasuna.

Dena den, Ozeano Atlantikoan sortutako urakanak AEBetan baino kalte nabariagoak eragin ditu Karibeko uharte batzuetan. Antigua eta Barbudan ez da inor hil Irma-ren ondorioz, baina eraikinen %95 kaltetuta daude. San Martin Frantziak eta Herbehereek banatuta daukaten uhartean zortzi lagun hil dira gutxienez, eraikinen %70 txikituta daude, eta ez dute ez urik, ez argindarrik. Emmanuel Macron Frantziako presidentea gaur da hara joatekoa.

San Bartolomen pertsona bat hil da, Birjina Uharte Britainiarretan bezalaxe. Londresek esan du kalteak «katastrofikoak» direla, eta laguntzeko 35 milioi euroko diru sail bat agindu du. Lau dira hildakoak Birjina Uharte Amerikarretan, eta hiru Puerto Ricon. AEBetako Estatu Libre Elkartuak 3,6 milioi biztanle ditu, eta horietako milioi bat argindarrik gabe daude. Kalteak eragin bai, baina Haitin eta Dominikar Errepublikan ez du pertsonarik hil Irma-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.