Udal hauteskundeak egingo dituzte Venezuelan, oposiziorik gabe

MUDek bozei boikot egingo die, «iruzurra» egon zela uste duelako urriaren 10eko bozetan gobernadoreak hautatzerakoan

Erika Farias Caracaserako chavisten hautagaia. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Udal hauteskundeak egingo dituzte etzi Venezuelan, gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazio mahaia Santo Domingon (Dominikar Errepublika) bildu eta astebetera. Herrialdeko 335 herri eta hirietako biztanleek euren udal ordezkariak aukeratuko dituzte. Chavismoaren garaipen argia espero dute, oposizioko alderdi nagusiek ez aurkezteko erabakia hartu baitute. Horiek jada 2018ko presidentetzarako hauteskundeei begira jarri dira, oraindik horietarako datarik zehaztu ez den arren.

MUD Batasun Demokratikorako Mahaia oposizioko koalizioak «iruzurra» salatu zuen urriaren 10ean gobernadoreak hautatzeko egindako bozetan, eta horregatik erabaki du oraingoan ez aurkeztea. Halere, koalizioko alderdi guztiek ez dute bat egin erabakiarekin, eta Garai Berri Bat eta Aurrerakada Progresista alderdiek euren hautagaiak aurkeztu dituzte iganderako.

Venezuelako Datanalisis inkesta etxeko presidente Luis Vicente Leonen arabera —nahiko zorrotzak izaten dira etxe horren inkestak—, oposizioaren porrot bat da egun koalizioak bizi duen egoera: «Ez du oposizio formalak irabazten, ez baitute abstentzioa osoa izatea lortuko, prozesuaren legitimitate falta erakusteko, ezta oposizioko hautagai matxinoek ere, oposizioaren zati handi batek bozkatzeari uko egingo baitio».

Izan ere, aurten egin diren beste bi hauteskundeek, Biltzar Konstituziogile Nazionalerakoek eta gobernazioetarakoek, oposizioaren barne gatazkak areagotu dituzte, eta bananduta iritsi dira boz hauetara. Esaterako, oposizioak lortutako bost gobernadoreetatik lauk —24 dira guztira— Biltzar Konstituziogile Nazionalari men egitea onartu zuten, MUDeko alderdi nagusien nahien aurka.

Uztailaren 30eko Biltzar Konstituziogileko hauteskundeetan abstentzioaren alde egin zuen oposizioko koalizioak, eta ez zituen emaitzak onartu. Egun, 2013ko udal hauteskundeetako emaitzei esker, koalizio ofizialistak 254 alkatetza ditu, eta MUD oposizioko koalizioak, berriz, 81.

Azken gobernazioa jokoan

Udal hauteskundeak egiteaz gain, Zuliako estatuko gobernadorea ere aukeratuko dute hango herritarrek. Hautatzeko geratzen den azken gobernazioa da Zulia. Oposizioak indar handia du han, eta azken Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan estatuari dagozkion hamabost diputatuetatik hamahiru eskuratu zituzten. Halere, oposizioaren abstentzioaren aldeko joerak chavismoari eman diezaioke gobernadore kargua.

Negoziazioak

Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioak martxan direla egingo dituzte bozak. Abenduaren 1ean eta 2an bildu ziren lehen aldiz bi aldeak, eta abenduaren 15ean elkartuko dira berriro.

Aste hasieran, ordea, Jorge Rodriguez Informazio ministroak adierazi zuen ez dutela hauteskundeetara deituko, ezta inongo akordiorik sinatuko ere, «Venezuelako eskuinaren buruak eskatutako» nazioarteko zigor ekonomikoei amaiera ematen ez bazaie. Ministroaren esanetan, zigor horiek atzerrian botikak eta elikagaiak erostea galarazi dio gobernuari.

Oposizioak adierazi du elkarrizketen alde dagoela, baina «neurriz» hartu beharra dagoela. Aurretik egin diren bi elkarrizketa saiotan oposizioa izan da mahaitik altxatzen lehena. Oposizioak legebiltzarraren funtzioak berrezartzea eskatzen du —desakatoan dago—, eta presidentetzarako hauteskundeek, besteak beste, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen ikuskaritza izatea eta «preso politiko» deritzenak aske uztea eskatu dituzte. Gobernuak, berriz, astelehenean adierazi zuen parlamentua berrezartzeari uko egiten diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.