Urtea amaitzerako Libiatik 15.000 migratzaile ateratzea dute helburu

Amnesty Internationalek Europako estatuak kritikatu ditu, «migratzaileen esplotazioa sustatzen duen sistema bat» babesteagatik. Libiako bi gobernuen arteko negoziazioak babestu ditu Errusiak

Urtea amaitzerako Libiatik 15.000 migratzaile ateratzea dute helburu.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Libian dauden Saharaz hegoaldeko migratzaileek eta errefuxiatuek sufritzen dituzten torturak eta gehiegikeriak agerian geratu ostean, nazioarteak horiek sorterrira aberriratzeari ekin dio. Azaroan, EB Europako Batasunak eta AB Afrikako Batasunak Boli Kostan eginiko bilera egin bitartean hartu zuten erabakia hainbat estatuk, bi kontinenteetako nazioarteko erakunde nagusiek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak.

«Boluntarioki» Libiatik atera eta aberriratu nahi duten migratzaileak mugiaraztea da hasitako planaren helburua. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, 15.000 lagun atera nahi dituzte Libiatik, urtea amaitu baino lehen. ABk, berriz, 20.000 pertsonetan jarri du helburua, datorren sei asteetarako.

Guztira, 400.000 eta 700.000 migratzaile inguru daude Libian, 40 atxilotze kanpalekutan banatuta. «Egoera jasangaitzean», ABko presidente Alpha Conderen esanetan. IOM erakundearen bozeramaile Leonar Doylek ere esan du hilabete luzez jasan dituzten «tortura eta gehiegikeriak» direla euren sorterrira itzuli nahi izateko arrazoi nagusia. Halere, Europara iristeko nahia geldiaraztea «oso zaila» dela gehitu du.

Libiako migratzaileen egoerak zuzenen eragiten dien estatuak izan dira mugitzen lehenak. Boli Kosta, Ruanda eta Kamerun izan ziren euren herritarrak aberriratzen hasten lehenak. Nigerrek, berriz, geltoki rola hartu du, eta Libiatik irteten diren hainbat hegaldik Niameyko aireportua dute helmuga. Migratzaileek IOMren zerrendetan izena ematen dute han, eta, ondoren, inguruko herrialdeetara mugitzen dituzte. Duela astebete 504 lagun itzuli ziren Nigeriara, Nigerretik igaro ostean. Ostegunean, 167 lagun iritsi ziren Gineara, eta, ostiralean, berriz, 164 Nigeriara. Hurrengo egunetan, beste 3.850 lagunek hartuko dute euren sorterrira itzultzeko hegazkina, IOMk azaldu duenez.

«Hiru hilabete igaro ditut kartzela batean. Ez dakit haren izena, ez bainintzen inoiz atera, kolpeak jasotzeko bakarrik», azaldu dio migratzaileentzako zentro batean egon den lagun batek IOMri.

Europa, «konplize»

Hainbat erakundek Libiako zentro horietan gertatzen diren gehiegikeriak salatu dituzte. AI Amnesty International erakundeak Europak horien aurrean jokatzen duen rola ere kritikatu du, eta «konplizetzat» hartu du.

Erakundearen esanetan, Europako estatuek «migratzaileen esplotazioa sustatzen duen sistema bat» babesten dute, Libiako kostazainen, autoritateen eta mafien eskuetan dagoena. Horren helburua immigrante eta errefuxiatuek Mediterraneo itsasoa zeharkatzea eragoztea da, AIk Europarako duen zuzendari John Dalhuisenek dioenez: «Ehunka milaka migratzaile eta errefuxiatu harrapatuta daude Libian, etekin ekonomikoen bila batera lan egiten duten agintarien, talde armatuen eta kontrabandisten eskuetan». Izan ere, Europara iristen direnen kopurua nabarmen murriztu da aurten. Mediterraneoa zeharkatzea lortu dutenak 160.000 inguru izan dira. Iaz, berriz, 350.000 inguru izan ziren.

AIren txostenaren arabera, Europako gobernuek «aktiboki» babesten dute gertatzen dena, Libiako agintariei emaniko laguntzen bidez. 2016tik EB Europako Batasunak, eta, batez ere, Italiak, Libiatik Europara doazen migrazio bideak ixteko inbertsio ugari egin dituzte, horrek Libian geratzen diren migratzaileengan izan ditzaketen ondorioak kontuan hartu gabe.

Babes hori emateko hiru era azaltzen ditu erakundeak: Libiako Legez kanpoko Migraziorako Departamentuari babes taktikoa ematea, Libiako kostazainei itsasoan migratzaileak harrapatzeko entrenamendua eta ekipamendua eskaintzea, eta Libiako autoritateen eta talde armatuen arteko akordioak sustatzea, jendearen kontrabandoa geldiarazteko.

Zatitutako estatua

Hori guztia gobernu indartsurik ez duen estatu batean gertatzen da. 2011n Muammar Gaddafi hil zutenetik, indarkeria da nagusi. NBEren Libiarako mandatari Gassam Salemek bi aginte nagusiak batu ditu orain, legebiltzarrerako hauteskundeetara deituko duen trantsiziorako erakunde bat sortzeko asmoz, 2015eko Akordio Nazionala zuzenduz. Bi aldeak Tobrukeko Parlamentua eta Tripoliko Gobernua dira. Lehenak Libiako Armada Nazionalaren babesa du. Bigarrena, berriz, 2016an sortu zen, NBEk babestuta.

Errusiako Gobernua ere negoziazioak sustatzearen alde agertu zen atzo. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa TripolikoGobernuko Atzerri ministro Mohamad Taher Sialarekin bildu zen, eta «konponbide baten bila» lagunduko zutela adierazi zuen. Sialak gehitu zuen bi negoziatzaile taldeek hainbat akordio lortu dituztela legebiltzarraren eraketaren inguruan: «Espero dut negoziazioek trantsizio epe batera bideratzea, eta erakunde guztiak eratu eta presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko oinarriak ezartzea».

Bien bitartean, bi aldeetako talde armatuek pertsonen eta erregaien kontrabandoarekin etekinak ateratzen dituzte. Hainbat talde Italiako Gobernuarekin akordioetara ere iritsi izan dira, Efe agentziaren arabera: Europarako bidea hasi nahi duten segurtasunik gabeko ontziak irtetea eragozteko. Libiatik Italiara irteten den ontzi kopurua %21 murriztu da azken hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.