Tusk: «Gure interesen artean ez daude Mayren 'brexit'-erako ideiak»

EBren eta Erresuma Batuaren geroko harremanaz negoziatzeko gidalerroen zirriborroa aurkeztu du Europar Kontseiluko presidenteak. Merkataritza itun «nahiko anbiziotsua» eskaini du

ander perez zala
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Eskaintza onartu ala utzi. Lerro artean irakurrita, mezu hori bidali zion atzo Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari, Bruselaren eta Londresen etorkizuneko harremana negoziatzeko gidalerroen zirriborroa aurkeztean. Mayk joan den ostiralean eskatu zion EB Europako Batasunari merkataritza harreman «zabal bat» adosteko etorkizunerako, baina Tuskek uko egin zion ideia horri, eta merkataritza itun «nahiko anbiziotsu bat» eskaini zion atzo, EBk Kanadarekin duenaren moduko ituna —CETA—. «Gure interesen artean ez daude Mayren brexit-erako ideiak», erantzun zuen Tuskek, Luxenburgoko lehen ministro Xavier Bettel alboan zuela.

Mayk ostiralean aitortu zuen Erresuma Batua merkatu bakarretik, ECJ Europako Justizia Auzitegiaren jurisdikziotik eta aduana batasunetik aterako dela brexit-a gauzatzean. Gaur-gaurkoz, Londresek lerro gorri horiei eusten badie, Bruselak irtenbide bakar bat ikusten du: «Tamalez, ondorio ekonomiko negatiboak izango ditu. Geratzen den modelo bakarra merkataritza itun bat da. Hau ez da ezusteko ondorio bat», ziurtatu zuen Tuskek. Ondasunen sektore guztiak kontuan hartuko lituzkeen itun bat proposatuko dio EBk Londresi, muga zergarik gabekoa. Horrez gain, zirriborroaren arabera, Bruselak beste hiru proposamen egingo dizkio Londresi etorkizuneko harremana negoziatzean: «terrorismoaren» eta nazioarteko krimenaren aurkako borrokan lankidetzak jarraitzea, EBren eta Erresuma Batuaren arteko hegaldien auzia lehenbailehen konpontzea, eta Erresuma Batuak Bruselaren hainbat programatan parte hartzen jarraitzea, hala nola hezkuntzan, kulturan, eta I+G ikerketa eta garapenean. Bettelek gaineratu zuen ez dela «garailerik» izango: «Ez dugu Erresuma Batua zigortu nahi. Brexit inteligente bat behar dugu».

'Cherry-picking'-ik ez

Tuskek esaldi batean laburbildu zuen ondorio ekonomikoen eragina: «Harreman ekonomikoak hobetu beharrean okertuko dituen historiako lehen merkataritza ituna izango da. Hori da brexit-aren esentzia». Mayk ostiralean proposatu zion Bruselari oraingo harremanei eustea sektore batzuetan, eta kontrakoa egitea beste batzuetan; cherry-picking deitzen diote nahi horri. Brusela, ordea, ez da ideia horren aldekoa: «Estatu kidea ez den herrialde batentzat guztiz baztertuta dago aukera hori. Ez ditugu printzipio horiek sakrifikatuko», gogorarazi zion Tuskek Mayri.

Hil honen bukaeran, martxoaren 22an eta 23an, bilera bat du Europar Kontseiluak, eta han negoziatuko dituzte 27 estatu kideek atzoko gidalerroak —Bettelek iragarri zuen baiezkoa emango diela—. Horren zain dago Londres, lehen ministroaren bozeramaile baten arabera: «Behin betiko gidalerroen zain gaude. Espero dugu Erresuma Batuak nahi duen malgutasuna eskainiko dutela». Oraingoz, Mayren itxaropenak izoztu ditu Tuskek.

Luxenburgoko prentsaurrekoa amaitu eta gutxira mintzatu zen Philip Hammond Erresuma Batuko Ekonomia ministroa, finantza zerbitzuez; hain justu, zirriborroak ez du hitzik gai horretaz. «Gidalerroak gogorrak dira. EBk eta Erresuma Batuak interes komun bat dute finantza zerbitzuak etorkizuneko itunaren parte izateko», ohartarazi zuen Hammondek. Londresek oraindik aukera du bere proposamenak eta lerro gorriak aldatzeko, eta hori badaki Bruselak. Horregatik, zirriborroak dio EBk denbora emango liokeela Londresi bere ideiak aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.