Kolonbian boterera bueltatzekotan da Uribismoa, Ivan Duquerekin

Hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute bihar. Inkesta guztien arabera, eskuineko hautagaia Petro ezkerrekoari gailenduko zaio. FARCek «arriskuan» ikusten du 2016ko bake akordioa

Ivan Duque Alvaro Uriberekin batera, hauteskundeetarako promozio kartel batean, Calin. ERNESTO GUZMAN JR. / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Alvaro Uribek neoliberalismo ekonomikoa eta eskuineko politikak ezarri zituen Kolonbiako presidente izan zen garaian (2002-2010). Legez, ezin du berriro presidente izan, baina, urte horietan ordezkatu zuen guztiari jarraipena emateko, Zentro Demokratikoa alderdia sortu zuen 2013an. Ivan Duque da alderdi horren presidentegaia hauteskundeetan, eta, inkesta guztiek diotenez, bihar, bozen bigarren itzulian, Gustavo Petro ezkerreko hautagaiari gailenduko zaio. Beraz, uribismoa boterea berreskuratzekotan da Kolonbian.

Lehen itzulia joan den maiatzaren 27an egin zuten, et,a orduan, argia izan zen emaitza: botoen %39,14 bereganatu zituen Duquek, zeinak bere burua «zentro muturrekotzat» duen, eskuinekotzat izan beharrean. 1994an bi itzuliko sistema ezarri zutenetik, aurrenekoan boto gehien atera duen presidentegaia izan da irabazle. Petro izan zen bigarren, bai, baina ia hiru milioi boto gutxiago aterata (%25,08). Orain dela hamar egun arte argitaratutako inkestak aintzat hartuta —azkeneko astean ezin dira egin—, eskuineko presidentegaiak hamahiru puntuko aldea atera beharko lioke bihar ezkerrekoari. Dena den, inoiz gertatu izan da inkestek huts egitea; esaterako, gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen arteko bake akordiorako plebiszituan, 2016an; baita 2010eko presidentetzarako bozetan ere.

Ezusteko handia litzateke, ordea. Lehen itzulia egin eta buruz buruko lehiara igarotzea lortu zuenetik, Petro orduan haren atzetik geratutako hautagaien botoak lortzeko ahaleginean ibili da. Batez ere Sergio Fajardo moderatuaren bozkatzaileenak zeuzkan begiz joak. Boto asko dira. Izan ere, 4,6 milioi aterata, gutxigatik ez zion aurrea hartu Petrori. Fajardo konbentzitzeko ahalegina egin du azken asteotan, baina Konpromiso Herritarra mugimenduko liderrak jakinarazi dio zuri bozkatuko duela.

Fajardorekin bat egin zutenetako batzuek adierazi dute Petro babestuko dutela. Beste batzuek, dena den, azpimarratu dute Duquek «salba» dezakeela Kolonbia. «Hori ohore bat da niretzat», erantzun du Duquek. Humberto de la Calle lehen itzulian botoen %2a besterik atera ez zuenarengana ere jo du ezkerreko presidentegaiak, baina ateak itxi dizkio bake prozesuan gobernuaren ordezkaritzaren buru izan zenak. Gobernua aipatuta, presidente izan zirenetako hiru, Cesar Gaviria (1990-1994), Andres Pastrana (1998-2002) eta Juan Manuel Santos (2010-2018) Duqueren alde jarri dira. Beraz, eginahalak eginahal, Kolonbiarentzako «aldaketa» aldarrikatzen duen presidentegaiak ia ezinezkoa du Nariño etxera heltzea, nahiz eta sindikaturik indartsuenak alboan dituen.

Duquek, bien bitartean, bankuen, enpresa pribatuaren eta komunikabide indartsuenen babesa du; baita lehen itzulian German Vargas Lleraren aldeko apustua egin zuten gehienena ere (%7,28). Petro kaltetzeko ahaleginean, Duquek beldurraren diskurtsoa haizatu du, hedabideak lagun, eta esan du ezkerrekoak «erregimen castrochavista bat» nahi duela. Kolonbiar guztientzako gobernatuko duela dio, eta harekin kritiko direnek Uriberen txotxongilo bat besterik ez dela leporatzen diote. Horiei erantzuten die «independentea» dela, eta baduela «nortasuna».

Bake akordioaren kontra gogor egin zuen duela bi urte; plebiszituan, ezezkoaren kontrako kanpaina hauspotu zuen. Duquek dio ez duela akordioa «hautsiko», ez dela «gerraren» hautagaia. Azken egunetan argi utzi du, dena den, bakea aldarrikatzen duela, baina «justizian» oinarritutakoa; eta bake akordioak trantsizio justizia proposatzen du. Horregatik, Rodrigo Londoño Timochenko FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak alderdiko buruak esan berri du bakea «arriskuan» egon daitekeela Duquek irabaziz gero.

Uribe eta paramilitarrak

Ikusteke dago, gainera, zalantzatiek nola erreakzionatuko duten bihar. Inkesten arabera, %15 inguru dira. Bestetik, 18-24 urte bitartekoen artean Petro (%45) dago Duqueren (%41) aurretik.

Bestalde, Santiago Uribe Alvaro Uriberen anaia auzipetuta dago 2016tik —bi urte eman ditu espetxean, harik eta aurtengo martxoan atera zen arte—, 1990eko hamarkadako 12 Apostoluak talde paramilitarrarekin lotura zuelakoan. Zenbait komunikabideren arabera, Uriberen langileak izan ziren hiruk lotura horiek baieztatu dizkiote fiskaltzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.