Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Arrakalaren zabalera neurtzen

Kataluniako bloke subiranista hautsi eta bi egunera, Masen plan alternatiboarekiko jarrera berretsi dute alderdi nagusietako buruek.Udal independentisten elkarteak babestu du galdeketa berria

Samara Velte.
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Azaroaren 9rako bidean banatu zirenetik, lehenbiziko aldiz hitz egin dute aurrez aurre Kataluniako alderdi subiranistetako buruek. Asteleheneko goi bileran pitzatu zen galdeketaren aldeko blokea, eta tentsioa agerian geratu zen atzo, parlamentuko kontrol saioan. ERCk, ICVk etaCUPek orain arte adostutakoa haustea leporatu diote gobernuari, independentziari buruzko galdeketa bere kabuz antolatzea erabaki duenez gero.

Masek ez du onartu berak hautsi duenik kontsentsua, galdeketa berriaren «oinarrizko elementuak» aurrekorako hitzartutako berberak direlako: eguna eta galdera bikoitza. «Mantenduko ez dugun bakarra nik neuk sinatutako dekretua da», azaldu du presidenteak. Gobernuak alde batera utzi asmo du parlamentuak onartutako Kontsulten Legea, eta bestelako oinarri juridiko bat erabili nahi du. «Azaroaren 9a ongi ateratzen bada, guztion meritua izango da; bestela, ardura gobernuarena izango da soil-soilik».

ERC, parlamentuko bigarren indarra, galdeketarako deialdi berria babesteko prest agertu da, baina kargu hartu dio gobernuari «legezko muga guztiak gainditu baino lehen» etsitzeagatik. Oriol Junqueras alderdiko presidenteak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak automatismo batengatik utzi duela Kontsulten Legea indarrik gabe, eta gobernuak ez duela agindu juridikorik jaso hura behin betiko eteteko. Masek erantzun dio plan zaharra kale itsua dela: «Zure proposamenak [Espainiako legediari] desobeditzea dakar, eta ez bozkatzea. Gure proposamenarekin, botoa eman ahal izango dugu, eta, beraz, Kataluniako herriari obeditu».

CUPek ere onartu du gobernuaren alternatiba, baina herritarrak engainatzea leporatu dio Masi: «Ezin hobeto zenekien Konstituzio Auzitegiak bertan behera utziko zuela galdeketa». Quim Arrufat diputatuak ohartarazi dio aldeketa babestuko duela, baina ez erabiltzeko «xantaia politiko eta hauteskunde estrategietarako tresna» gisa.

ICVk bozak aurreratzeko eskatu dio zuzenean. Kontsentsua hautsita, ez du beste irtenbiderik ikusten Joan Herrerak: «Zuek zuen arrazoiengatik behar dituzue, eta guk, guztia aldatzen ahalegintzeko; tartean, zuen gobernua eta zuen politikak». Masek plebiszitu gisako hauteskundeak proposatu ditu bozketa egin osterako, alderdi independentistek bloke bakarra osatuta. ICVk amarrutzat dauka jokaldia: CiUk bere burua babestu nahi duela dio.

Ara es l'hora kanpainako erakunde nagusiek batasuna eskatu diete alderdi politikoei. AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak laguntza eskaini dio gobernuari; ANC Biltzar Nazional Katalanak, aldiz, eztabaida abiatu du bere kideen artean, eta igandean emango du erabakiaren berri.

Madril urduri ikusten dute

Kontsulten Legean oinarritutako galdeketaren ordez, «prozesu parte hartzaile bat» proposatu du Kataluniako Gobernuak. Hura epaitzeko orduan, alderdi unionisten ezinegonari erreparatzeko eskatu die Masek subiranistei: «Begira PPkoei. Urduri daude, ez dakitelako nola gelditu hau». Espainiako prentsaren arabera, Madrilgo gobernua hasia da aztertzen nola debeka dezakeen Masen asmoa. Hark ez du jakinarazi zein lege erabiliko duen oinarri gisa; beraz, Madrilentzako zailagoa da asmatzea zeri jarri behar dion helegitea.

Biraketa berri honen ondorioz, aspaldi ertzean geratutako alderdi baten muturra agertu da paisaia politikoan: PSCrena. Ara egunkariari jakinarazi diotenez, CiUko sektore batekin «bilera informalak» egiten hasi dira sozialistak, agintaldia elkarrekin amaitzeko asmoz. Josep Antoni Duran i Lleida UDCko buruaren ahoan hartu dute itxura negoziaziook: «Gehiengo sendoa behar dugu legegintzaldia amaitzeko. ERCrekin bada, ongi; eta PSCrekin bada, hobeto». Masek baztertu egin du A9a baino lehen aliantza berriak bilatzen hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.