Irakeko Kurdistango galdeketa geldiarazteko agindu dute epaileek

Irakeko Auzitegi Gorenak autodeterminazio erreferenduma bertan behera uzteko agindu dio eskualde autonomoko gobernuari. Gobernuak ez ditu onartu galdeketa atzeratzeko proposamenak

Irakeko Kurdistango erreferendumaren aldeko manifestazioa, Arbilen. GAILAN HAJI / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak, galdeketa estatuko konstituzioaren aurkakoa den erabaki bitartean. Irakeko Parlamentuko bi diputatuk jarritako helegiteari erantzunez hartu du erabakia. Irakeko presidente Haidar al-Abadik ere salaketa jarri zien Irakeko Kurdistango presidente Massud Barzani eta hango parlamentuko presidente Yusef Mohamedi, galdeketa bideratzeagatik.

Atzo jakinarazi zuen Auzitegi Gorenak erabakia, igandean NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi ostean galdeketa Estatu Islamikoaren aurkako borrokan «kaltegarria» dela. NBEk eskualde autonomoaren eta Irakeko Gobernuaren arteko elkarrizketak abiatzeko deia egin zuen.

Eskualde autonomoko parlamentuak, ordea, joan den ostiralean onartu zuen erreferenduma, bi urte bildu gabe egon ostean. Aldeko 65 botorekin egin zuen, eta aurkakorik gabe, oposizioak biltzarra «boikotatu» baitzuen.

Auzitegi Gorenaren erabakia iritsi aurretik, Erreferendumerako Kontseilu Gorenak atzera bota zuen, besteak beste, NBEk,AEBek eta Erresuma Batuak galdeketa atzeratzeko eginiko proposamena. Kontseilu Gorenaren ustez, jasotako proposamenak ez ditu kurduen eskaerak betetzen: «Erreferendumaren prozesuak jarraitu egingo du, orain arte aurkeztutako proposamenek ez dituztelako gure herria asetzeko eta konbentzitzeko bermeak».

Barzaniren gobernuak duela hilabete adierazi zuen Irakeko Gobernuak ez duelazilegitasunik konstituzioa erreferendumaren aurka erabiltzeko, «haiek eginiko arau hausteen ondorioz». Irakeko Kurdistanek konstituzioaren bi heren ez betetzeaz akusatu du Bagdad. Horien barruan kokatzen dute konstituzioko 140. artikulua: eskualde autonomoak beretzat aldarrikatzen dituen lurraldeei dagokiona. Izan ere, Irakeko Kurdistango biztanleez gain, pexmergak hedatuta dauden eremuetan ere egingo da erreferenduma. Eremu horiek Irakeko Kurdistan barnean sartzeko eskubidea dute, erreferendum bidez. Horren harira, Irakeko Parlamentuak Kirkukeko gobernadorea kargugabetu zuen duela astebete, galdeketa babesteagatik.

Mugakideak aurka

Erreferendumerako astebete faltan, Erresuma Batua, AEB, Frantzia eta Alemania izan dira, besteak beste, galdeketaren aurka agertu diren estatuak.

Irakeko Kurdistanekin muga egiten duten estatuak ere galdeketaren aurkako neurriak hartzen ari dira. Iraneko Segurtasun Nazionalerako Kontseilu Goreneko idazkari Ali Xajanik mehatxu egin dio Irakeko Kurdistani. Xajanik adierazi du eskualde autonomoa independente bihurtzen bada, horrekin dituen mugak itxiko dituztela: «Iranek Irakeko Kurdistanekin dituen mugen zilegitasuna Iraken lurralde osotasunera atxikita dago». Teheran eta Arbilen arteko segurtasun akordio guztien amaiera ere ekarriko luke independentziak.

Turkia ere mugitzen hasi da. Ankarako armadak maniobra militarrak abiatu ditu Irakeko Kurdistanekin duen mugan, Ankararen menpeko Kurdistango zatian. Turkiako armadak azaldu du mugimenduak «erakunde terroristen» aurkako operazio baten barnean egin direla, Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK) erreferentzia eginez.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek Barzaniri leporatu dio Irak desegiteko nahia izatea. Bestalde, adierazi du independentzia aldarrikatzeak ekar ditzakeen ondorioen aurrean «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela Ankarak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.