Trumpek Mexikoko muga militarizatuko du harresia osorik eraiki artean

AEBetako Guardia Nazionala mugara bidaltzeko memoranduma sinatu du. Mugan atxilotzen dituzten immigranteen kopurua hazi dela dio

AEBetara joaten diren immigranteen egoeraz ohartarazteko martxa, atzo, Oaxacan. LUIS VILLALOBOS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Donald Trumpek kanpainako promesarik handiena betetzeko zailtasunak ditu. Mexikoko mugan «egundoko murru polit bat» egingo zuela iragarri zuen, eta, presidente kargua hartu eta egun bakan batzuk geroago dekretua sinatu bazuen ere, oraindik ez du demokraten babesa lortu harresia amaitzeko. AEBak eta Mexiko banatzen dituen ia 3.200 kilometroko mugaren heren bat jada hesituta dago, baina beste bi mila kilometro egiteko 25.000 milioi dolar behar ditu. Kongresuak onartu berri dituen aurrekontuetan ez da egitasmo horretarako dirurik aurreikusi; hortaz, hesia osorik eraiki bitartean muga militarizatuko du.

Trumpek Guardia Nazionala bidaltzeko memoranduma sinatu du jada. Mugako Patruila laguntzea izango litzateke militarren misioa; izan ere, legearen arabera, militarrek ezin dituzte segurtasunarekin eta ordena publikoarekin lotutako lanak egin, esaterako immigranteak atxilotu. Muga ikuskatzera, agenteei babes logistikoa ematera eta konponketa eta garraio lanak egitera mugatu beharko litzateke euren eginkizuna.

Guardia Nazionala armadaren erreserba taldea da, eta boluntarioz osatuta dago; 467.587 kide ditu gaur egun. Estatuen menpe dagoen taldea da, eta, hori dela eta, presidentea gobernadoreekin negoziatzen ari da. Oraingoz, Arizonako eta Texasko gobernadoreen babesa du. Mexiko Berriko eta Kaliforniako agintariek ez dute zehaztu neurria babestuko duten edo ez.

Trumpek, hala ere, «lehenbailehen» bidali nahi ditu militarrak mugara, haren hitzetan, mugako «anarkia» ez delako bateragarria «segurtasunarekin eta subiranotasunarekin». Ekintza plan bat egitea eskatu du, nahiz eta oraindik ez dagoen argi noiz jarriko den martxan misioa, zenbat militar erabiliko diren, ez eta zenbateko iraupena eta gastua izango dituen.

Presidenteak salbuespen kasuetan soilik baliatu dezake Guardia Nazionala. Kongresuaren babesa ere behar du horretarako. Trump, hala ere, ez da izango militarrak mugara bidaltzen dituen lehen presidentea. George Bushek 6.000 kide bidali zituen mugara 2006 eta 2008 bitartean, eta Barack Obamak indar horretako1.200 kide baliatu zituen 2010ean errepideak eta burdin hesiak egiteko. Epe jakin baterako neurria izan zen.

Immigranteen karabana

Trumpek Mexikotik Estatu Batuetara sartzen diren immigranteen kopurua gora egiten ari dela argudiatuta hartu du muga militarizatzeko erabakia, «zuzenbide estatua zulatzen» ari direlako. Kristjen Nielsen Segurtasun Nazionalerako idazkariak zehaztu du martxoan aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta %200 hazi dela mugan atxilotutako immigranteen kopurua: aurtengo martxoan 50.308 lagun atxilotu dituzte, eta iazkoan, aldiz, 16.588.

Kontua da iaz dexente egin zutela behera atxiloketek. Trump Etxe Zurira iritsi berria zen, eta horrek moteldu egin zuen immigranteen sarrera. Egiaz 310.531 lagun atxilotu zituzten mugan iaz, 1971. urtetik kopuru baxuena.

Mugaraino iritsi asmo zuen immigranteen karabanak, berriz, ibilbidea aldatu du agintariak egitasmoari egindako kritiken ostean. Tapachulatik Tamaulipasera, hegoaldetik iparraldera, herrialdea zeharkatzeko asmoa zuen immigranteen egoeraz ohartarazteko martxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.