Herren hasi du Europako Batasunak migrazio politikak egokitzeko bilera

Iheslariak hartzeko agindua Luxenburgoko auzitegian salatuko duela jakinarazi du Eslovakiak

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko burua eta Xavier Bettel Luxenburgoko lehen ministroa, Bruselan. O. HOSLET / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko estatu eta gobernuetako buruzagiek ardura eta batasun irudia eman nahi izan dute atzo Bruselan eginiko afari-bilera informalarekin —errefuxiatuen krisia bideratzeko bigarren goi bilera dute aurten—, baina bezperan 120.000 iheslari estatu kideen artean banatzeko hitzartu zuten akordio hauskorrak argiki erakutsi zuen zatiketa giroa. Eta barne desadostasun horien erakusgarri nabarmena izan ziren François Hollande Frantziako presidentearen hitzak, Europar Kontseiluaren bilerara sartzean: «Europa balio eta printzipio batzuk dira. Eta, printzipio horiek errespetatu nahi ez dituztenek, Europako Batasunaren barruan zer egiten duten galdetu beharko lukete».

Hollanderen hitzek eta herenegun EBko Barne ministroek presiopean onartutako akordioak agerian utzi zuten batasunaren herrena. Aho batez beharrean, kontrako lau botorekin —Hungaria, Eslovakia, Txekiar Errepublika eta Errumania— eta Finlandiaren abstentzioarekin onartu zuten Italiara eta Greziara iritsitako 66.000 errefuxiaturen banaketa. Beste 54.000 toki erreserban utzi zituzten —Hungariari zegozkionak—, etorkizunerako.

Baina kontra bozkatu zuten herrialdeei ere hartzeko iheslari kopuru bat ezarri zieten, eta Eslovakiak eta Txekiak kuota horiek aintzat ez hartzeko ahal duten guztia egingo dutela esan zuten. Erabaki horren kontra salaketa jarriko dutela ere jakinarazi zuen atzo Eslovakiak.

Luxenburgoko Justizia Auzitegira joko du Eslovakiak «behartutako kuota irrazionalen» kontra, Robert Fico lehen ministroak atzo esan zuenez: «Eslovakia herrialde burujabea da, eta, banaketa hori, gehiengoaren agindu bat da, tentu handiz hartzeko gai batean. Ezin dugu onartu Europak gehiengoa gutxiengoaren kontra printzipioarekin funtzionatzea».

Bohuslav Sobotka Txekiako lehen ministroak, berriz, «soka apurtzeko arriskuagatik» baztertu du EBko Barne ministroek erabakitako banaketa auzitegietan salatzea: «Ez dut tentsioa handitu nahi salaketekin. Gudu gehiago izango ditugu migratzaileen krisiarekin, eta Europako bazkideek gure argudioak entzutea behar dugu».

Viktor Orban, Alemanian

Bruselako goi bilerarako bidean, Alemanian geldialdia egin zuen Viktor Orban Hungariako lehen ministroak. Horst Seehofer Bavariako lehen ministro eta CSUko buruzagiak gonbidatuta —Angela Merkelen gobernuko koaliziokidea da—, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko bidean bat egin zuten biek. «Europako ordena juridikoa berrezartzeko asmoak batzen gaitu»,esan zuen Orbanek.

Alemanian egonagatik, Berlinen «inperialismo morala» gaitzetsi zuen Hungariako gobernuburuak, Merkelek agindutako ate irekiak politikagatik: «Europan indarrean dauden arauak ezin dira bertan behera utzi Alemaniaren erabakiz». Gero, ordea, Alemaniak ez daukala Europara errefuxiatu uholde bat iristearen errua gaineratu zuen: «Nik ez diot inori errurik bota; eta alemaniarrak azkenak izango lirateke. Egoera zail bat bizi dute, eta lankidetzan jardun behar dugu».

Schengen eta kanpo mugak

EBko agintariek, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, aterabide iraunkor bat bilatu dute, baina «berehalako» bederatzi lehentasun ere zehaztu zituzten akordiorako zirriborroan. Ikuspegi zabalago batetik, arazoaren muinera jotzeko saioa egin dute, eta Siriaren mugako herrialdeei —Turkia, Jordania eta Libano— iheslariak artatzeko laguntza gehiago emateaz gain, indar berezia jarri dute kanpo mugen zaintzan. Dublingo ituna eta Schengen eremuari dagozkion arauak «bete beharrekoak» direla zioen akordiorako zirriborroak, lerro hauek idazteko orduan artean onartu gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.