Al-Sisiren zilegitasuna auzitan jarri dute emaitzek, bozak irabazi baditu ere

Egipton duela lau urte egindako bozetan baino bost puntu txikiagoa izan da parte hartzea, %42. Al-Sisik botoen %92 eskuratu ditu

Hautesleku batean botoak zenbatzen, Kairon. MOHAMED HOSSAM / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Egiptoko hauteskundeek hiru egun iraun badute ere, astelehenetik asteazkenera, eta azken orduan botoa emateko epea ordubetez luzatu bazuten ere, gaueko hamarrak arte, erregimen militarrak ez du lortu bere kezka bakarra zenari, abstentzioari, izkin egitea. Al Haram egunkari ofizialak argitara emandako datuen arabera, rais-ak, aise irabazi ditu hauteskundeak, 23 milioi botorekin, baina, botoa emateko deituta zeuden kopurua aintzat hartuta, 60 milioi, agerian geratu da herritarrek euren haserrea erakusteko zuten tresna bakarra baliatu dutela.

Abdel Fata Al-Sisik bere neurrira egindako bozak irabazi ditu, botoen %92arekin, baina, parte-hartzea duela lau urteko bozetan izandakoa baino bost puntu txikiagoa izan da orain, %42koa, eta horrek auzitan jarri du haren zilegitasuna, are gehiago, erregimen militarrak egiptoarrei botoa era masiboan emateko dei egin ziela aintzat hartuta. Tartean mehatxuak eta opariak ere izan dira: 500 liberako isunak (28 euro) ez bozkatzeagatik, eta 50 liberako saria (2,5 euro) eta elikagaien saski bat bozkatzeagatik; gozoki bat batez beste 140 euroko irabazten den 96 milioi biztanleko herrialdean.

Emaitza ofizialak astelehenean emango dituzte berez, baina, egunkari ofizialen datuak apainduta ere, ezingo da ezkutatu bozkalekuetan ez zela ilararik sortu. Ajbar el Yum egunkari estatalaren datuak ere esanguratsuagoak dira: Al-Sisik 21,5 milioi boto lortu dituela zabaldu du, parte-hartzea %37koa izan dela zehaztuz. Beste iturri batzuen arabera, aldiz, asteartean %21era iristen zen parte-hartzea, eta hauteslekuak itxi baino lau ordu lehenago %25 eta %33 artekoa zen.

2013ko estatu kolpetik eratorritako erregimen militarrak, bada, gero eta sostengu maila txikiagoa dauka, bereziki etorkizun ezaren eta errepresio kanpainen aurrean etsituta dauden gazteen artean —biztanleriaren erdia dira—. Al-Sisirentzat, honezkero, utopia dira estatu kolpetik urtebetera egindako bozetan lortutako emaitzak. Mohamed Morsi islamista agintetik kendu ostean botoen %97 lortu zituen, eta orduan, %47,4koa izan zen parte-hartzea. Ordurako, dena den, nabarmentzen hasia zen axolagabetasun politikoa; Morsi nagusitu zen bozetan, berme demokratikoekin egindako hauteskunde bakarretan, orain baino hamar puntu handiagoa izan zen parte-hartzea.

Oposizioaren boikota

Al-Sisik azken orduan aurkeztutako hautagai bakarra izan du arerio. Mousa Mostafa Mousa bozak erreferendum baten itxura izan ez zezaten aurkeztu zen, izan ere, agintariaren jarraitzailea da, eta gobernuaren kontrolpean dauden egunkariaren arabera, botoen %3 inguru eskuratu du.

Oposizioak, egoera politikoa, aintzat hartuta, boikota egiteko deia egin zuen. Bozetara aurkeztutako hautagai guztiek atzera egin behar izan zuten, izan erregimenaren zigorra jaso zutelako, tartean kartzela zigorra, edo estatu aparatuaren presioak jaso zituztelako.

Al-Sisi faraoiak, beraz, bozen tramitea pasatu du, baina 40.000 preso politiko dituen eta milaka ekintzaileren arrastoa galduta dagoen herrialdean, ez du betiereko boterea izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.