«Hesiek ez gaituzte babestuko»

Merkelek eta Hollandek erantzun «solidario» bat eskatu dute errefuxiatuen krisiari aurre egiteko

Angela Merkel eta François Hollande, atzo, Europako Parlamentuan egindako agerraldi bateratuan. PATRICK SEEGER / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Berlingo Harresia erori berritan,1989ko azaroan, Helmut Kohl Alemaniako kantzilerrak eta François Mitterrand Frantziako presidenteak agerraldi bateratu bat egin zuten Europako Parlamentuan, Gerra Hotzaren osteko Europa batu bat aldarrikatzeko. Eta atzo, 26 urteren buruan, berriro elkartu ziren Estrasburgoko ganberan Europako ardatza osatzen duten bi herrialdeetako agintari gorenak. II. Mundu Gerraren osteko errefuxiatu krisi handienari aurre egiteko, Europako Batasuna «sentsibilizatu» eta erantzun «solidario» bat bultzatzeko eskatu zieten europarlamentariei Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta François Hollande Frantziako presidenteak. Iheslarien iritsiera masiboaren aurrean, mugak ixtea ez dela aterabide bat nabarmendu zuen Merkelek: «Hesiek ez gaituzte babestuko».

Lisboako Ituna, iheslari bat Europako Batasunera sartzen den estatuan erregistratzera behartzen duen araua, «zaharkitua» geratu dela nabarmendu zuen Merkelek: «Beste sistema partekatu bat behar dugu».

Hungaria Balkanetako igarobidean mugak ixten hasi zenetik, inguruko herrialdeetan domino efektua gertatu da, eta gero eta gehiago dira iheslariei trabak jartzen ari diren estatuak. Mugak itxi edo ez, errefuxiatuak «ezinbestean» iritsiko direla esan zuen Merkelek. Alemaniako kantzilerrak keinu bat egin zuen irailean, ate irekiak politikarekin; baina bere gobernuan bertan eta CSU alderdi bikian piztutako kritikek atzera eginarazi zuten, eta kontrolak zorroztu zituzten berriro.

Errefuxiatu uholdeak, izan ere, kaosa eragin du Alemaniak asilo eskaerak egiteko dituen zerbitzu guneetan. Kritikek ez dute etenik izan, eta atzo bertan CDU alderdiko 34 kargudunek gutun bat argitaratu zuten Der Spiegel egunkarian: «Mugak irekitzeko politika hori ez dator bat lege europarrarekin, ez alemaniarrarekin, ezta CDUren programarekin ere».

Hollandek migratzaileez baino gehiago Siriako gerraz hitz egin zuen Estrasburgon, eta Europako Batasunaren esku hartzea defenditu zuen. Sirian gertatzen denak Europari halabeharrez eragingo diola erantsi zuen: «Eragin egingo digu, Estatu Islamikoak guk ordezkatzen dugunari erasotzen diolako, eta Baxar al-Assaden erregimenak hondamendia sortu eta elikatzen jarraitzen duelako».

Mugak ixtearen kontrako Merkelen mezua, nolanahi ere, EB Europako Batasuneko barne mugei lotua dago. Gaur eta bihar bilera baitaukate EBko Barne ministroek, eta eztabaidako bi puntu nagusiak izango dira kanpo mugen indartzea eta migratzaile irregularren kanporatzea.

Italiara eta Greziara iritsitako 160.000 errefuxiatu EBko estatu kideen artean banatzea adostu eta gero —Hungaria, Errumania, Eslovakia eta Txekiaren kontrako botoekin—, bihar egingo dute lehen lekualdatzea: hogei iheslari eritrear Italiatik Suediara eramango dituzte. Baina migrazio politikaren alderik garratzenak eguneratu behar ditu Bruselak. Kanpoko mugen zaintza gogortzeko estatu kideen «ardura partekatua» onartzea eta Frontex agentzia indartzea proposatuko dute, batetik, eta migratzaile irregularren aberriratzea errazteko jatorrizko estatuekin akordioak indartu eta azkartzea, bestetik. Europak errefuxiatu gisa onartuko ez dituen iheslariak itzularazteko, jatorrizko estatuei garapenerako laguntzak «baldintzatzea» aztergai izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.