Albistea entzun

Kataluniako adierazpena gaur bertan baliogabetu nahi du Konstituzionalak

Ebazpen proposamena Andres Ollero magistratuak idatziko du.

Atzo sartu zuten gai-zerrendan
Kazetariak, iragan azaroaren 11n, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean.
Kazetariak, iragan azaroaren 11n, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabin Makazaga -

2015eko abenduak 2

Abenduaren 20an egingo dira Espainiako Gorteetarako bozak, eta hauteskunde kanpaina ostegun honetatik ostiralerako gauerdian hasiko dute. Ordurako joko zelaia garbitu nahian edo, azken orduan, Auzitegi Konstituzionalak aste honetarako gai zerrendan sartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak onartu zuen haustura adierazpena. Junts Pel Siren eta CUPen botoekin azaroaren 9an onartutako ebazpen independentista, gaur bertan —beranduenez ere bihar— utzi nahi du baliorik gabe Konstituzionalak. Atzoko bilkuran erabakirik ez zuten hartu hamabi magistratuek.

Haustura adierazpenean jasotako edukiaren larritasunari eta hauteskunde kanpainaren hurbilari erreparatuta azkartu du Auzitegi Konstituzionalak prozesua. Atzo hasitako osoko bilkura bihar dute bukatzekoa, eta Francisco Perez de los Cobos presidenteak Auzitegi Konstituzionaleko beste 11 magistratuekin adostasun zabal bat jadanik lortua duela argitaratu dute Espainiako eta Kataluniako hainbat komunikabidek: adierazpen independentista hauteskunde kanpaina hasi aurretik baliogabetzeko erabakia hartua dute, eta behin betiko ebazpen argudiatu bat prestatzen ari dira.

Agintariei ohartarazpena

Kataluniako Parlamentuaren adierazpena azaroaren 11n baliogabetu zuen, behin-behinean eta aldi baterako, Konstituzionalak. Adierazpenaren edukietan sartu gabe, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak, idazkaria eta Generalitateko jarduneko 21 arduradun ohartarazi zituen, gainera, auzitegiak: haren ebazpenak bete beharrekoak direla eta hori aintzat hartuko ez lukeen edozein erabakik zigor ondorioak eragin ditzakeela jakinarazi zien, besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Carme Forcadell Parlamentuko buruari.

Andres Ollero magistratuak idatzi du ebazpen proposamena. PPko diputatu izana Granadatik eta Opus Deiko kide esanguratsua, Ollerok hainbat zirriborro prestatu dituela argitaratu du Ara egunkariak, guztiak oso gogorrak Auzitegi Konstituzionalari Katalunian zilegitasuna ukatzen dion haustura adierazpenarekin. JPSk eta CUPek onartutako adierazpena Estatu konstituzional eta demokratikoaren aurkako eraso bat dela argudiatu du Ollerok.

PPren gehiengo osoa baliatuta Espainiako Kongresuak onartu berria du Konstituzionalaren lege organikoaren erreforma. Araudi berriak eskumena ematen dio Auzitegi Konstituzionalari haren ebazpenak betetzen ez dituzten kargudunak zigortu eta kargutik kentzeko aldi batez. Kataluniako haustura adierazpena behin-behinean baliogabetzeko ebazpenean, magistratuek ez zuten horren aipamenik egin, Espainiako Gobernuak hala eskatu arren. Orain, ziurra da puntu hori ere jasoko dutela ebazpenean.

CUP, abenduaren 27an

Behin betiko baliogabetze batek desobedientziaren atarian jarriko lituzke Kataluniako Parlamentua eta jarduneko Generalitatea, gobernu berri bat osatzeko negoziazioek trabatuta jarraitzen duten unean. Neus Munte Generalitateko jarduneko presidenteordeak atzoko gobernu bileraren ostean adierazi zuen Auzitegi Konstituzionalak ez dituela aldaraziko Katalunian onartutako adierazpenaren «eragin politikoak», eta irailaren 27ko hauteskundeetatik jasotako «agindua» betetzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen.

CUPek, bestalde, abenduaren 27an egingo du Junts Pel Sirekin akordio bat adostu eta presidentetzaren korapiloa askatzeko batzarra, Sergie Saladie diputatuak aurreratu duenez. Akordio hori gauzatu arte, ordea, ez dute ofizialki batzarrera deituko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...