Albistea entzun

Merkataritza alorreko gerra betean korapilatu dira Errusia eta Ukraina

Moskuk bertan behera utzi du merkataritza askeko ituna.

Krimeari blokeoa ezarriko dio Kievek
Vilati Polixtxuk Krimeako Nekazaritza ministroa eta Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroa, apirilean, Simferopoleko etxalde batean.
Vilati Polixtxuk Krimeako Nekazaritza ministroa eta Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroa, apirilean, Simferopoleko etxalde batean. D. ASTAKHOV / RIA NOVOSTI

Xabin Makazaga -

2015eko abenduak 17

Ukrainaren eta Errusiaren arteko arrakala gero eta sakonagoa da, Donbasseko errusiazaleen eta Kieveko agintarien arteko gatazka armatua izozten ari den bitartean, eta, urte berriarekin, are gehiago bereiziko dira errepublika sozialista sobietarrak izan ziren bi herrialdeak. Ukrainak Krimeari merkataritza blokeoa ezarriko diola jakinarazi duen egun berean, izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindu du urtarrilaren 1etik aurrera bertan behera uzteko Ukrainarekiko merkataritza askeko ituna.

«Soilik Errusiaren interesak eta ekonomia segurtasuna» babesteko hautsi du Putinek 2011n —artean Viktor Janukovitx Ukrainako presidente zela— Kievekin sinatutako ituna. Urte berriarekin, izan ere, indarrean sartzekoa da Europako Batasunaren eta Ukrainaren arteko Elkartze Akordioa. Eta Moskuk ohartarazia zuen hautsi egingo zuela Ukrainari merkataritza onurak eskaintzen dizkion ituna, Bruselak eta Kievek Errusiaren kezkak aintzat hartu ezean Elkartze Akordioa martxan jartzeko orduan.

Errusiak muga zergak ezarriko dizkie berriro Ukrainako salgaiei, eta zerbitzu, migrazio eta inbertsio alorretako lehentasunak ezabatu egingo ditu, Ekonomia Ministerioak azaldu duenez. Alexei Uliukaev ministroa ezkor agertu da, baina ez du erabat baztertu Mosku, Kiev eta Bruselaren artean «azken orduko akordio bat» lortzea. Abenduaren 21ean Bruselara joango da, errusiar merkatua babesteko neurriak negoziatzera, eta Ukraina prest dago «trantsizio aldi bat» ezartzeko.

Halaber, Ukrainatiko elikagaiei bahimendua ezarriko dietela erantsi du Putinek, Kievek bat egin zuelako Mendebaldearen zigor ekonomikoekin, Krimea 2014ko martxoan Errusiako Federazioko kidetzat hartu izana gaitzesteko.

Krimeakoa, «propaganda»

Twitter bidez jakinarazi zuen atzo Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak 30 egunen buruan merkataritza blokeoa ezarriko diola Kievek Krimeari. Ukrainako Gobernuaren aginduz merkantzien eta zerbitzuen joan-etorria debekatuko dutela azaldu zuen, eta argindarra hornitzea Ukrainako Nazio Segurtasun eta Defentsa Batzordearen baimenaren mende geratuko dela nabarmendu.

Ukrainatik bereizi eta 2014an Errusiako Federazioarekin bat egin zuen penintsulako agintariek, baina, itxurakeria hutsa iritzi diote Kieven iragarpenari. Neurria «propaganda» ekintzatzat jo du Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko presidenteak Itar Tass agentzian: «Aspaldian ez dugu Ukrainako produkturik kontsumitzen». Krimeako herritarrengan ez duela inolako eraginik izango eta helburua «nazioartearen arreta erakartzea» dela nabarmendu du.

Sebastopol hiriko gobernadore Sergei Meniailok ere uste du ez dela horniduran hutsik izango: «Aspaldi egin genuen Errusiako produktuen aldera».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...