Trumpek Parisko Klima Akordioari uko egingo diola zabaldu dute AEBetan

Presidenteak «datozen egunotan» iragarriko du behin betiko erabakia. Klima arloko lidergoa hartzeko prest legoke Europako Batzordea

Washingtongo Kapitolioaren atzean dagoen fabrika bat kea botatzen, artxiboko irudi batean. JIM LO SCALZO / EFE.
ander perez zala
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ezaguna da Donald Trump AEBetako presidentearen iritzia klima aldaketaren inguruan. Presidentetzarako hauteskundeetan gogor kritikatu zuen Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioa, eta aurretik zalantzan jarri zuen klima aldaketa bera ere, fenomeno hori «txinatarren asmakizun bat» dela esateraino. Estatuburu izango balitz, hitzeman zuen akordioa berrikusiko zuela, herrialdearentzat onuragarri ote den argitzeko. Etxe Zuriaren arabera, behin betiko erabakia hartu baino lehen G7ko aliatuen iritzia jakin nahi zuen, joan den astean Taorminan (Italian) egindako bileran: iritzia irmoa izan zen, eta sei estatuburuek akordioaren garrantziaz ohartarazi zioten, batez ere Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Ordea, badirudi ez duela eraginik izan: Trumpek herrialdea Klima Aldaketaren Parisko Akordiotik aterako duela zabaldu dute.

Erabaki horrekin, Barack Obama aurreko presidentearen lorpen garrantzitsuenetako bat hautsiko luke egungo presidenteak. Azken hilabeteotan gaia alde batera utzia zuen, baina maiatzaren 25ean 22 senatari errepublikanok sinatutako gutun batek Trumpen agendako lehen lerroan jarri zuen. Haren lantaldearen eta Errusiaren arteko harremana ikertzen ari dira egun, eta arreta klimaren inguruan jartzeko baliabide egokia litzateke erabakia jakinaraztea. Besteak beste, Axios eta The New York Times hedabideek eman zuten ustezko erabakiaren berri, bi iturri aipatuz; gobernuak oraindik zehazteke luke akordiotik ateratzeko era. Erabakia «datorren astean» iragarriko zuela jakinarazi zuen Taorminan, eta atzo txiokatu zuen «datozen egunotan» ezagutaraziko duela.

Bi aukera ditu Trumpek: hiru urte iraungo lukeen prozesua abiatzea, ala NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketaren itunetik ateratzea —azken hori oinarritzat hartu zuten Pariskoa adosteko—. Dena den, AEBek ez dute zigorrik jasoko erabaki horrengatik. Duela bi urte adostu zuten akordioa 195 estatuk —147k berretsi dute—, eta AEBek 2016ko irailean egin zuten bat akordioarekin, duela zortzi hilabete —azaroaren 4an sartu zen indarrean—. AEBak berotegi efektuko gas gehien isurtzen duen bigarren herrialdea da, eta 2025. urterako isurketak %26 eta %28 artean murrizteko konpromisoa hartu zuen Obamak —2005. urteko isurketa mailak abiapuntu hartuta—.

Domino efektuaren kezka

Munduko potentzia ekonomikorik ezean, Europako Batzordea prest legoke arlo horren lidergoa hartzeko, Maros Sefcovic presidenteordeak jakinarazi duenez: «Etsigarria litzateke, baina ez dut uste gizakiaren bilakaeran eragina izango lukeenik». Kezka, ordea, erabakiak sor lezakeen domino efektuan dago. Siriaren eta Nikaraguaren kasua jarrai lezakete: NBEko kide diren arren, ez dute akordioa sinatu.

Europako Batasunak eta Txinak goi bilera egingo dute gaur eta bihar, Bruselan, besteak beste, klima aldaketari buruz eztabaidatzeko, eta bi potentziek Parisko Akordioaren alde egingo dute adierazpen bateratu batean. Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Juncker bertan izango da, eta AEBei «aurre egiteko» beharraz ohartarazi du, Trumpen erabakia egia balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.