Militarrek Zimbabwe hartu dute, eta Mugabe presidentea atxilotu

Mnangagwa presidenteordea kargugabetu ostean gertatu da matxinada. Afrikako Batasunak esan du gertatutakoak «kolpe baten itxura» duela. Robert Mugabek 30 urte daramatza presidente karguan

Militarrek Zimbabwe hartu dute, eta Mugabe presidentea atxilotu.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Zimbabweko armadak Harare hiriburuko kaleak hartu ditu, eta hainbat tiro eta leherketa egon dira hirian. Armadak Robert Mugabe presidentea atxilotu zuen atzo etxean, Grace Mugabe emaztearekin batera. Hala adierazi du Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak: «Mugabe bere etxean atxilotuta dago, baina adierazi du ongi dagoela». Armadako bozeramaile Sibusiso Moyo jeneralak ere esan du presidentearen segurtasuna bermatuta dagoela, eta armadak «misioa» bete bezain laster egoera «normaltasunera» itzultzea espero duela. Jeneralaren esanetan, ekintza ez da «estatu kolpe saiakera bat». Afrikako Batasunak, ordea, «kolpe baten itxura» duela adierazi du. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Robert Mugabek boterean,zurien erregimen arrazista bukatu zenetik.

«Armadaren helburua presidentearen inguruko gaizkileak dira», azaldu du Moyo jeneralak. Presidentearen ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoa alderdiak ere estatu kolpe baten aurrean egotea ukatu du, eta herritarrei lasai egoteko eskatu die.

Mugabek estatuko presidenteorde Emmerson Mnangagwa, 75 urtekoa, «traizioagatik» kargugabetu eta astebetera gertatu da altxamendua. Mnangagwa Zimbabweko independentzia gerrako heroietako bat da, eta Mugaberen lekua hartzeko hautagai nagusietako bat. Kargugabetu ostean, Mnangagwak ihes eginzuen Hegoafrikara, eta handik adierazi Grace Mugabe presidente kargura iristeko bidea oztopa dezaketenen aurkako purga bat abiatu zela presidentearen alderdian. Presidenteorde ohiak handik eman zuen gertatu denaren aurrerapen bat: «Laster kontrolatuko ditugu gure alderdiaren eta herrialde ederraren botere baliabideak».

Matxinadarekin batera, Mnangagwa Zimbabwera itzuli dela azaldu du hango NewsDay egunkariak, eta presidente kargua har lezakeela «egoera konpondu bitartean».

Armadako buru Constantino Chiwenga jenerala, hura ere independentzia gerrako beteranoa, presidenteorde kargugabetuaren alde agertu da, eta astelehenean adierazi zuen armadak neurriak hartuko zituela, beteranoen aurkako purgak jarraituz gero: «Engainu arriskutsu horien atzean daudenei esan behar diegu, gure iraultza babesteko garaian, indar armatuek ez dutela eskuhartzea dudan jarriko». Armadako 90 ofizialen babespean egin zuen adierazpena.

Atxiloketak Hararen

Armadak Robert eta Grace Mugabe etxean atxikitzeaz gain, Graceren aldeko mugimenduko hainbat kide atxilotu ditu, tartean, hiru ministro, ZANU-PF alderdiko gaztediaren burua eta inteligentzia zerbitzuetako bigarrena. G40 izeneko mugimendu horrek independentzia gerrako beteranoak alderditik ateratzea izango luke helburu, NewsDay-ren arabera. Atxiloketez gain, militarrek hainbat eraikin ofizial ere hartu dituzte; tartean, Parlamentua eta Auzitegi Gorena.

ZNLWA Askapen Gerrako Beteranoen Elkarte Nazionalak matxinada babestu du, eta Mugaberen dimisioa eskatu. «Amildegitik erortzen ari zen estatu bat zuzentzeko da», adierazi du elkarteko buru Chris Mutsvangwak. ZNLWAk, ordea, armadak boterea hartu izana ukatu du: «Herrialdea beti bezala funtzionatzen ari da».

Oposizioko MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduak estatu kolpetzat jo du armadaren mugimendua. «ZANU-PFk ukatu egiten du, baina jada ez da kontrolaren jabe», azaldu du Douglas Mwonzora alderdiko idazkari nagusiak. Alderdiko lider Morgan Tsvangirai, lehen ministro izana,aste honetan itzuliko da Zimbabwera —minbizia tratatzen egon da atzerrian—, eta alderdiak adierazi du hainbat bilera egingo dituela, MDC kolpearen alde dagoela zabaldu ostean.

Nazioartea Hararen gertatzen ari denari begira jarri d; batez ere, inguruko estatuak. Hegoafrikak adierazi du Defentsa ministro Nosiviwe Mapisa-Nqakula buru duen taldea bidaliko duela Hararera. Pretoriak Zimbabweko armadari bakea eta segurtasuna bermatzeko eskatu dio. Komunikatu baten bidez, konstituzioaren aurka doan aldaketarik ez egiteko eskatu du Zuma presidenteak, SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Elkartearen eta Afrikako Batasunaren aurkakoa izango litzatekeela azalduz. Zuma SADCko presidentea da, eta erakundeak gertatzen ari dena gertutik jarraituko duela adierazi du.

Afrikako Batasunak ere konstituzioa eta nazioarteko legeak errespetatzeko eskatu die militarrei. Batasuneko presidente Alpha Condek adierazi du «kolpe baten itxura» duela gertaerak, eta ordena konstituzionalera itzultzeko eskatu du.

Mendebaldea ere Afrika hegoaldeko estatura begira jarri da, eta EB Europako Batasunak «konponbide baketsu bat» eskatu du egoerarentzat. «Herritarren eskubideak eta gobernu demokratikoa mantendu behar dira», esan du Catherine Rayek, EBko Atzerri Ekintzetarako zerbitzuko bozeramaileak. Erresuma Batuak eta AEBek atzo gomendatu zien Zimbabwen dauden herrikideei etxeetatik ez irteteko.

Presidente bakarra

Mugabe izan da Zimbabwek izan duen presidente bakarra, 1987tik. 1972an, estatuak Rhodesia izena zuenean,gutxiengo zuriaren aurkako matxinadako lider nagusietako bat izan zen Mugabe. 1980ko apirilaren 18an amaitu zen erregimen arrazista. Lehen ministro postua hartu zuen orduan, eta lege arrazistei amaiera eman eta ekonomia berregituratzeari ekin zion, baina giza eskubideen aurka egitea ere leporatu izan zaio. Mendebaldearekin harreman gatazkatsua izan du Mugabek, gehienbat, 2000. urtean zurien latifundio handiak nazionalizatzen hasteko erabakia hartu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.