Jarrerak hurbiltzeko eta bide orria adosteko prest daude CiU eta ERC

Bilera saila «berehala» hasiko du Masek.Ados jartzeko eskatu diete ANCk eta Omniumek

Erredakzioa
2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Artur Masen bide orriari, Katalunian hauteskundeak aurreratzekotan independentziaren aldeko zerrenda bakar bat osatzeko proposamenari, espero baino gogorrago erantzun zion herenegun Oriol Junqueras ERCko presidenteak. Argigarria izan da Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiaren erreakzioa: «Egiaztatu dugu urruneko jarrerak ditugula. Oso urrunekoak». Baina, segidan, jarrerak hurbiltzen saiatzeko prest agertu da Rull, «lan handia» daukatela nabarmentzeaz gain. Masek alderdiekin eta gizarte zibilarekin bilera sail «diskretu bat» hasiko duela jakinarazi du Generalitateak, eta Kataluniako presidentea Junquerasekin berehala bilduko dela zehaztu du Rullek.

Junquerasek atzo goizean SMS bidezko mezu bat bidali zion Masi, ERCren bide orria aurkeztu eta ordu gutxira, eta bien proposamenak bateratzen ahalegintzeko bilera bat eskatu zion. Zerrenda bakarraren lekuan, independentziaren aldeko aterkipean izenaren eta programaren zati bat partekatuko luketen hautagaitzak aurkeztea hobetsi zuen Junquerasek. Baina bide orri bateratu bat adosten saiatzeko prest agertu da.

Bi proposamenen arteko aldeak handiak direla Jordi Turull CiUren talde parlamentarioko presidenteak ere onartu du: «Masen bide orriari osoko zuzenketa bat egin dio Junquerasek». Baina desadostasunak ez dutela zertan «gaindiezinak» izan eta akordio bat ez lortzeko probabilitatea ez duela aurreikusten erantsi du: «Hain da handia daukagun erantzukizuna, non ezin baitugu hutsik egin».

Akordiorako tartea

Carme Forcadell ANC Biltzar Nazional Katalaneko buruak eta Muriel Casals Omnium Culturalekoak lehen lerrotik jarraitu zuten Junquerasen agerraldia. Eta biek nabarmendu dute akordiorako tartea ikusten dutela.

«Irtenbide bakarra» CiU eta ERC ados jartzea dela nabarmendu du Forcadellek, hauteskunde plebiszitario batzuetarako «ahalik eta zerrenda transbertsalena» osatuta. Mas eta Junqueras gauza askotan bat datozela adierazi du ANCko buruak: «Aldaketa bat nahi dutela, bozak behar direla, epe bat, gobernu sendo bat... Akordiorako tartea badago».

Omniumek, zerrenda bakarraren edo aniztasunaren artean hauturik egin gabe, ados jartzeko eskatu die CiU, ERC eta CUPi, eta independentziarako bide orrian alderdi politikoen eta gizarte zibilaren arteko «batasun estrategikoa» ere eskatu du. Halaber, prest agertu da subiranismoko sentsibilitate politiko eta sozial askotarikoen artean zubi lana egiteko.

CUPeko diputatu Quim Arrufatek aterki beraren pean hautagaitza askotarikoak izanda «independentziaren aldeko ahalik eta boto gehien biltzeko helburua» lorgarriago ikusi du.Eta ICV-EUiAri ere Masena baino «pluralagoa» iruditu zaioERCren proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.