Dadaab ixteko Kenyaren erabakiak babes gabe utziko ditu 600.000 errefuxiatu

Munduko kanpalekurik handiena da, eta hango gehienak somaliarrak dira. Nairobik argudiatu du Al-Shabbabetik defendatzeko egingo duela

Somaliako errefuxiatu familia bat, Kenyako Dadaab kanpaleku inguruan, artxiboko irudi batean. STEPHEN MORRISON / EFE.
2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Indarkeriak jotako lurraldea da Somalia, eta handik ihesi joandako errefuxiatu asko eta asko Dadaaben bizi dira, Kenyan. Munduko kanpalekurik handiena da Dadaab, eta 600.000 iheslari bizi dira han. Astero-astero, etengabe, gero eta gehiago iristen dira. gobernuz kanpoko erakundeek maiz salatu izan dute hango errefuxiatuen egoera. Halere, Nairobiko gobernuak erakundeen artean hautsak harrotu dituenerabakia hartu du: kanpalekua itxiko du urtebete baino lehen.

Gobernuak argudiatu du herrialdearen segurtasuna bermatzeko hartu duela erabakia, Al-Shabbaben erasoak saihestu nahian. Somaliako milizia islamistak eraso bortitzak egin ditu Kenyan. Iazko udan 150 ikasle hil zituen unibertsitate batean. Joseph Nkaissery barne ministroakesan du Al-Shabaabeko miliziek arma trafikorako baliatzen dutela Dadaabeko kanpalekua.

Ez da Kenyak kanpalekua ixteko egindako aurreneko mehatxua. Orain arte, atzera egin izan du beti. Oraingoan, ordea, gobernuaren asmoak garbiagoa dirudi. Errefuxiatuen Gaietarako Departamentua desegiteaz gain, aurrekontua aurkeztu du. Dadaabeko errefuxiatuek 2017ko maiatzaren aurretik egin beharko dute aldekanpalekutik. Gainera, Dadaab ez da izango itxiko duten kanpaleku bakarra. Kakuman dauden errefuxiatuek ere alde egin beharko dute. Kakuma Kenyako bigarren kanpalekurik handiena da, eta, batik bat, Hego Sudandik joandako iheslariak bizi dira.

GKEak, haserre

Nkaisseryk jakinarazi du errefuxiatuak beren jaioterriko herrialdeetara deportatuak izango direla edo beste herrialde batera bidaliko dituztela. Erabakiak gobernuz kanpoko erakundeen eta agentzien beldurrak azaleratu dituzte, Somaliako egoera bereziki kezkagarria delako. Bat etorri dira gehienak: 600.000 errefuxiatuen bizitza kolokan geldituko da. Kenyako Amnesty International-eko arduradun Muthoni Wanyekik salatu du Nairobiko gobernuak bere betebeharrei «uko egingo diela» hartutako «arduragabezko» erabakiagatik: «Behartuta egongo diraSomalia eta gainontzeko herrialdeetara bueltatzera, eta modu horretan arriskuan jarriko dituzte beren bizitzak».

MSF erakundeak ere egoera salatu du. Kenyako Gobernuari exijitu egin dio ehunka mila behartsueilaguntza humanitarioa ematen jarraitzeko, bai eta baldintzak bermatzeko errefuxiatuak egoera duinetan bizi daitezen. Kritikatu egin du Kenyak segurtasun nazionalaren argumentua erabili izana, eta gogoratu du gai humanitarioetan nazioartean hartutako konpromisoak mantendu egin behar direla. Al-Shabaabek errefuxiatuen aurka «gehiegikeria izugarriak» egin dituela salatu du MSFk. «Urteetan hitz egin digute erabiltzen dituzten taktika beldurgarriez. Tartean, umeak soldadu gisa erabiltzea».

Kenya eta Somaliako gobernuek eta UNHCR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariak akordioa sinatu zuten 2013. urtean, Somaliako errefuxiatuen borondatezko itzulera sustatzeko. Ekimenak, ordea, ez du esperotako babesik jaso, eta martxan jarri eta hiru urtera 350.000 somaliarrek jarraitzen dute bizitzen Dadaaben.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.