Fantasia itxurako errealitatea

'Chagall. Urte erabakigarriak, 1911-1919' erakusketa Guggenheim museoan dago ikusgai, irailera arte. Marc Chagall margolariak bere estiloa sortu zuen XX.aren hasieran Parisen ezagutu zituen estiloekin

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Esan zuen bere obraren argia askatu zuela Parisek. Esan zuen Errusiako beste artistek kolore apalak zituztela ezaugarri. Chagallek ez. Kolorea formetatik ateratzea nahi duen artista da; kolorea ez dadila errealitatera mugatu». Lucia Agirrek Marc Chagall margolariaren hitzak erabili ditu artistaren lana azaltzeko. Gaurtik irailera bitartean Bilboko Guggenheim museoan ikusgai egongo den Chagall. Urte erabakigarriak, 1911-1919 erakusketako komisarioa da Agirre. «Harentzat, koloreak, batez ere, emozioekin du lotura. Aurpegi bat gorriz edo berdez margotzeak ez du harentzat guretzat kolore horrek dauzkan ezaugarri berak». Basileako (Suitza) Kunstmuseun Basel museoarekin batera taxutu dute erakusketa; han ikusi zen, estreinakoz, 80 bat margolan eta marrazkik osatutako bilduma.

Vitsebsken —gaur egun, Bielorrusia; garai hartan, Errusiako Inperioa— jaio zen Chagall, 1887an. Haren familia judua zen, eta tsarren sasoian ghettoetan baztertuta zeuden. Horrek mugak sortu zizkion; adibidez, hezkuntza jasotzekoa. Hala ere, arte ikasketak egin zituen sorterrian, eta San Petersburgora joateko baimen berezi bat lortu zuen. Hiriaren, gurasoen, senideen eta emaztegaiaren zenbait marrazki egin zituen, baita komunitate juduaren bizimoduari buruzko margolanak ere. Guztietan Errusiako herri artearen aztarnak ikus daitezke. Eta kolorea, noski: kolore indartsuak.

Dena den, Chagallen sormenak Parisen ditu erroak. Lehen etapa hartan hiru urtez bizi izan zen Frantziako hiriburuan. Hasieran, Montparnasseko estudio batean hartu zuen ostatu. Baina aurki aurkitu zuen tokia La Ruch eraikinean —erlauntza, frantsesez—. Chagallek esan zuen «bazter guztietako artista bohemioen bizilekua» zela. Besteak beste, Blaise Cendrars eta Robert eta Sonia Delaunay senar-emazteak zituen bizilagun. Hain zuzen, bikote horrek aurkeztu zion Chagalli Guillaume Apollinaire poeta, eta laster bihurtu zen idazlea margolariaren babesle nagusi. «Naturaz gaindiko» artista zela esan zuen, margolanetan egiten zituen esperimentuengatik. Chagallek bere mundu pertsonala kontatu zuen, hainbat unibertsoz osatutakoa.

Louvreko museoko paretetan ikusi zituen margolan handiek txunditu zuten. Eta sasoiko abangoardia bertatik bertara ezagutu zuen: Pablo Picasso, Delaunay senar-emazteak eta Jacques Lipchitz. Haiei ikusitakoa Errusiako herri artearekin eta bere familiaren kultura juduaren oroitzapenekin nahastu zuen. Parisen aurkitu zituen iturri guztietatik edan zuen: kubismoa, espresionismoa, surrealismoa... Baina edari horiekin koktela egin zuen, eta bere estilo pertsonala sortu. «Ez zen izan inoren jarraitzaile zuzena, eta Chagallek ere ez zuen eduki bere estiloari jarraitu zionik». Lehen etapa hartan, koloreekin, forma abstraktu eta geometrikoekin, mugimenduarekin eta bere ametsekin esperimentatu zuen.

Herwarth Walden galeristak bere galerian erakusketa bat antolatzera gonbidatu zuen, Alemanian. Chagallen banakako lehen erakusketa handia izan zen. Parisen bizi izandako 40 margolan eta 160 marrazki, gouache eta akuarela egon ziren ikusgai. Zirrara handia eragin zuen Alemaniako espresionisten artean. Eta ospe hori aldean, Errusiara itzuli zen urte berean, bere arrebaren ezkontzara eta emaztegaia ikusi eta harekin ezkontzeko baimena eskatzera. Berez, hiru hilabete igaroko zituen sorterrian. Baina Lehen Mundu Gerra piztu zen, eta haren asmoak zapuztu egin ziren.

Istorioa, arimaren ispilua

Eskubideak lortzeko bidea ikusi zuten juduek Errusiako iraultzan. Eta, hasieran, Chagallek oso-osoan egin zuen bat mugimendu berriarekin. Gerrari lotutako lanak sortu zituen hasieran. Eta apurka-apurka bere nortasunarekin eta herriko folklore eta etnografiarekin lotuta zeuden gaiei heldu zien berriro.«Parisen ikasi zuena aztertu eta irauli egin behar izan zuen. Egunerokotasunari begira ipini behar izan zuen. Parisen, oroitzapenekin nahasten zuen hirian ikusten zuena. Orain, bizipenen sasoia izango da».

Les amoureux en bleu (Maitaleak urdinez), L'anniversaire (Urtebetetzea) eta Promenade (Paseoa). Agirreren esanetan, «ikono» diren lanak sortu zituen urte horietan. Fantasiaz betetako irudiak dira guztiak, baina oso errealak; benetan gertatu den zerbait kontatzen dute. «Chagallen obra ez da batere naifa, ez da onirikoa. Bere errealitatea kontatzen du, baina bere denbora eta bere bizipenak erabilita. Chagallek esan zuen: 'Inkontzienteki oso kontziente naiz zer egiten dudan'». Chagallentzat, margolanean kontatzen den istorioa arimaren ispilua da. «Irudikatzen dituen pertsonek edo animaliek bere arimari sentiarazten diotena islatzen du kolore eta forma horiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.