Bertso margotu berriak

Bertso musikatuen bigarren diskoa kaleratu du Beirak: 'Margotu berria'.Talde instrumentala handitu dute, musikak indar handiagoa izan dezan

Beira taldeko musikariak, diskoaren aurkezpenaren ostean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Distantzia». Horixe da, Beira taldekoen arabera, bertsoa eta musika banatzen dituen hesia. Ez direlako berdinak bi kasuetan hitzak, abesteko modua eta melodien gorabeherak. Bertso musikatuak sortzea ohikoa da, haien iritziz, baina, gehienetan, batari besteari baino indar handiagoa ematen zaio. Horregatik, bi osagaiak maila berean jarrita ondu dute Margotu berria diskoa (Baga biga). «Bertso musikatuaren munduari buelta ematen saiatu gara».

Bigarren diskoa du taldeak. Aurretik, Dena ez denean ezer (2013) autoekoitzi zuten Jon Martin bertsolariak eta Igor Arruabarrena gitarristak. Oraingo diskoan, musikari toki gehiago egin nahi izan diotenez, taldea handitu dute: bi horiez gain, Urtzi Olarizegi baxu jotzailea, Garikoitz Amundarain gitarrista eta teklatu jotzailea, eta Mikel Arruabarrena perkusionista aritu dira sormen lanetan. Urtebete igaro dute kantuak biribiltzen, eta prozesu hori deskribatzen du diskoaren izenak: «Margotu berriak diren gauzak ilusioz ikusten ditugu, baina pazientziaz itxoin behar da, ukituz gero zikindu egiten baitute».

Taldeko azken aliatuek ez zuten bertso mundua asko ezagutzen, Amundarainen arabera: «Gu ez ginen bertsozaleak; metal eta rock mundutik gatoz». Kasu guztietan, Jon Martinek idatzitako bertsoen hitzei musika erantsi diete, eta Arruabarrenak uste du haien etorrerarekin bilakaera positiboa izan duela taldeak. «Lehenengo diskoak kantautore estiloa zuen, eta, ni beste mundu batetik natorrenez, garapen bat falta zitzaiola ikusi nuen». Horregatik, hitzei maila berean eutsita, alde instrumentalari garrantzi handiagoa eman diote lan berrian: gitarra elektrikoa, baxua, bateria, harpa eta halako tresnak gehitu dituzte. Gainera, Irati Odriozolaren ahotsa sartu dute zenbait abestitan. Arruabarrena «askoz lasaiago» gelditu da disko honekin: «Nire ustez, hemen ikusten da Beirak daukan ahalmena».

Ritxi Aizpuru Baga Biga disko etxeko arduradunaren arabera,rocka da nagusi diskoan, baina pop estiloa ere laztantzen du. Dena den, bertsoari tiraka, musika estilo ugari fusionatu dituzte: besteak beste, flamenkoa, salsa, rapa, hip-hopa...

Musikalki jaietarako eta dantzatzeko balio duen arren, taldekideen arabera, hitzak behin eta berriz irakurtzekoak dira. Abestien sakontasuna nabarmentzeko, adibide bat jarri zuen Aizpuruk: «Minak ez al du min ematerik?». Haren arabera, minaren eta ametsen inguruan hausnartzen dute abestiek, oro har.

Bertsozale ez direnentzat

Bertsozaleentzat ez ezik, bertsoak entzutera ohituta ez dagoen jendearentzat ere entzungarri egin nahi izan dute diskoa. Horregatik, aurreko lanean zazpi minutu inguruko abestiak bazeuden ere, oraingoan lau minuturen bueltan irauten dute gehienek. Gainera, «komertzializatze» horretan, errepika moduko zerbait sartzen saiatu dira, betiere bertso moldeen barruan. Hala, doinu batzuk errepikatu dituzte, baina hitzak errepikatu gabe. «Bertsozale puruak ez direnak ere dibertitzeko», Arruabarrenaren arabera.

Behin diskoa aterata, emango dituzten zuzenekoetan dute burua musikariek. Hurrengo kontzertua etzi izango da, Oñatin (Gipuzkoa), Gaztelekuan. Tokian tokiko bertsolariak gonbidatu ohi dituzte emanaldietara, eta, lekuaren arabera, ñabardurak sartzen dituzte zuzenekoan. Baita abestien hitzetan ere. «Zuzenekoen eskematik ateratzen saiatuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.