Dozenaka bidaiari hil dira Kuban, abioi istripu batean, aireportutik irten eta bertan

Habanan aireratu eta gutxira erori da, Holguin probintziara zihoala. 113 pertsona zihoazen, eta hiru bizirik atera dira, 'Granma'-ren arabera

Poliziak eta militarrak Habanan, atzo, hegazkinak istripua izan zuen tokian. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Atzo, Kubako hiriburuko Jose Marti nazioarteko aireportutik aireratu eta gutxira, Boeing 737 hegazkin batek lurra jo zuen, Euskal Herrian arratsaldeko zortziak inguru zirela. Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek istripua gertatu zen tokitik jakinarazi zuenez, «biktima ugari» izan dira; 104 pertsona zihoazen hegazkinean, eta eskifaiaiko bederatzi kide. Hiru emakume bizirik atera zituzten, Granma egunkariaren arabera. Berehala eraman zituzten Habanako General Calixto Garcia Ospitalera, larri. 670 bat kilometroko bidaia egin behar zuten bidaiariek, Kubako hiriburutik hego-ekialdera dagoen Holguin hirira, irlako gune industrializatuenetako batera. Hedabide ofizialisten arabera, hegazkinak maniobra bat egin zuen azken unean, hirigune batean ez erortzeko.

Cubana de Aviacion enpresak Mexikoko Global enpresari alokaturiko hegazkinak izan du istripua. Hain justu, Cuba Tvk Cubana de Aviacion konpainiari buruzko albiste bat argitaratu zuen atzo bere webgunean, ezbeharra gertatu baino lehen. Albistearen edukiaren arabera, Roberto Peña Samper hegazkin konpainiako presidenteak salatu zuen Ameriketako Estatu Batuek ezarritako blokeoak enpresari eragotzi egiten diola baliabide nahikoa lortzea hegaldi gehiago egin ahal izateko. Cubana de Aviacion herrialdeko hegaldi konpainia ofiziala da, eta Europa, Amerika eta Asiarako hegaldiak eskaintzen ditu; aurtengo lehen lauhilekoan, bertan beherautzi behar izan ditu hainbat hegaldi.

Azken urteotako istripuak

Konpainiako hegazkinek hainbat istripu larri izan dituzte azken hamarkadetan. Haren historiako larriena 1989an izan zen: 126 bidaiari hil ziren, Italiara joateko aireratu zen hegazkina aireportutik gertu lurrera erori zenean, pilotuaren erruz. Inguruan bizi ziren 45 lagun ere hil ziren istripu horretan.

Iazko apirilaren 29an ere gertatu zen ezbeharra, Kubako Indar Armatu Iraultzaileen hegazkin bat Loma de la Pimienta mendian erori zenean; zortzi bidaiariak hil ziren. 1999an, Caracasera zihoan hegaldi bat Valentziara (Venezuela) desbideratu zuten, eta, iluntasunaren eta tripulazioak ingurua ez ezagutzearen ondorioz, hegazkinak mendi hegal bat jo zuen, Habanan —22 lagun hil ziren—. 1998an, berriz, 80 lagun hil ziren, pistan zen hegazkin batek azken unean aireratzea bertan behera utzi eta pistatik irten zenean; haietako 70 bidaiariak ziren, eta beste 10 aireportuaren inguruan zeuden istripua gertatu zenean. Urtebete lehenago, 44 bidaiari hil ziren, Santiagotik gertu itsasora erori zen hegazkinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.