Katalunia. Independentziarako bidean

Fiskaltzak kereilarik ez aurkezteko aukera iradoki du Torres-Dulcek

Estatuko Fiskaltzaren zirriborroaren kontra agertu ziren Kataluniako bederatzi fiskaletatik sei

Xabin Makazaga.
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako alderdiak burujabetza prozesuan aurrera egiteko bideak aztertzen ari diren bitartean, Azaroaren 9ko galdeketagatik kereila bat jasotzeko mehatxupean daude Artur Mas presidentea eta gobernuko beste hainbat kide. Atzo arte segurutzat jotzen zen Kataluniako Fiskaltzak salaketa jarriko zuela, baina Estatuko Fiskaltzak proposatutako zirriborroak egonezina eragin du fiskalen artean: La Vanguardia-k argitaratu du TSJC Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko bederatzi fiskaletatik sei Madrildik proposatutako kereila bere horretan aurkeztearen kontra agertu zirela. Eta Eduardo Torres-Dulcek, estatuko fiskal nagusiak, fiskaltzak kereilarik ez aurkezteko aukera ere iradoki zuen atzo.

Salaketa jaso dezaketenak parlamentarioak direnez, forudunak, TSJCri dagokio haiek epaitzea. Eta auzian esku hartu edo ez Kataluniako Fiskaltzak erabakiko duela azaldu zuen atzo Torres-Dulcek. Ordea, fiskal nagusiak erantsi zuen TSJCk ikertu egin beharko dituela A-9aren inguruko gertakariak erakunde horrek kereila aurkeztu ez arren, prozesu parte hartzailea jada auzitegietan dagoelako, herritarren salaketen bidez: «Ez da ezinbestekoa Ministerio Fiskalak esku hartzea».

Kataluniako Justizia Auzitegi Goreneko iturrien arabera, oraingoz ez dira ari A-9ari buruzko auzirik ikertzen; baina salaketak badira Kataluniako guardia epaitegietan, azkenean TSJCn amaitu dezaketenak.

Torres-Dulcek nabarmendu du bozketa egin aurretik fiskalek ebatzi zutela «delitu zantzu arrazionalak» bazirela, eta kautelazko neurririk hartu ez bazuten onura baino arazo gehiago sortuko lituzkeelako izan zela: «Proportziorik gabea zatekeen». Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak atzo esan zuen Espainiako Ministro Kontseiluaren ostean gobernuak «errespetatu» egingo duela fiskaltzaren erabakia. Aurreko egunetan, justiziako eragileen ondoeza agertu dute gobernuaren presioengatik.

Artur Masek, bestalde, hilabeteko epea eman zion atzo bere buruari hauteskundeak aurreratu edo ez erabakitzeko. Bezperan, ERC, CDC, UDC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako buruzagiekin bildu zen. Bide orria aurkezteko ekitaldia azaroaren 24tik 25era atzeratu du Masek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.