Brasilgo Munduko Kopa

Beste ero bat

Marcelo Bielsaren jarraitzaile itsua, eraso jokoaren apologista, harreman publikoetan uzkurra eta Munduko Kopan sartu ezinean zebilela Txile erreskatatu zuen hautatzailea: Jorge Sampaoli.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Sporting Cristal Peruko taldea entrenatzen ari zela, 2007an, 5-0 galdu zuen America Mexikoren aurkako Libertadores Kopako partida batean, eta eskutitz bat bidali zion Marcelo Bielsari: «Barkamena eskatu nion, haren estiloa behar bezala defendatzen jakin ez nuelako». Jorge Sampaoli (Casilda, Argentina, 1960) Txileko hautatzaileak 2011n jakinarazi zuen pasadizoa bere ibilbidean eman dituen elkarrizketa urrietako batean. Txilen Txiroen Bielsa edota Gizontxoa deitzen duten pertsona uzkur, itxi eta misteriotsuaren inguruko anekdota ugarietako bat da. Azken finean, beste erozoragarri baino ez da.

Sampaolik ez du inoiz ezkutatu Bielsarekiko duen debozioa. Beheko mailetan entrenatzen zuenean ehun kilometro gidatzen zuen haren lan saioak ikusteko, eta guruaren joko estiloa xurgatu eta perfekzionatu du. Zelaian ere antzeko itxura dute, beti kirol arropan, beti partidak jokalariak balira bezala sentitzen, eta bata zein bestea ez dira hedabideen lagun. «Haren inguruko guztia ikustera joan nintzen, eta haren laguntzaileak ezagutu. Pertsona mitiko baten antzekoa zen niretzat», aitortu du. Egungo Txileko hautatzaileak Bielsaren hitzaldien grabazioak maiz entzuten ditu, eta hark zuzenduriko partida guztiak ikusi. Esaterako, Athleticen egondako garaiko guztiak ikusi zituen.

Bielsak eta Sampaolik, baina, ez dute elkar ezagutzen. Inoiz ez dute topo egin; hala ere, Txilek elkartu ditu. Biek ala biek Munduko Koparako sailkatu dute, eta biek zaleen onespenarekin. Bien sustraiak ere talde berean daude, Newells Old Boysen, baina lehen pausoak ezberdinak izan ziren. Sampaolik gazte utzi zion jokatzeari lesio baten ondorioz, eta herri mailako talde txikiak zuzentzen hasi zen. Entrenatzaile jarduna banku bateko bulego lanarekin eta bake epaile jardunarekin uztartu zituen. Baloia, ezkontza eta hileta agiriekin. Argentinako barnealdeko liga txikietara kondenatuta zirudien, behin egotzia izan eta bere taldea zuzentzen jarraitzeko estadio kanpoan zegoen zuhaitz batera igo zen arte. 1996 urtea zen. Rosario Argentinako hiriko egunkari batek argazki hori argitaratu, eta Newellsek bigarren talderako deitu zion.

«Iraultza estiloa»

Newellsen hasitako bideak Ekuador eta Perura eraman zuen, liga txiki eta gogorretan zailtzera. Handik, Txilera: lehenbizi, O'Higginsera —ligan hirugarren bukatu zuen—, eta, gero, Universidad de Txile handira. U-a defendatuz egin zen ezagun, baita bere estilo ikusgarria erakutsiz ere. Erasoa lehenesten du, oso goian presionatzea eta aurkaria itotzea. 3-3-1-3 eskema eta korrika asko. Bielsak baino politago jokatzen du, oldarkorrago oraindik, zelaia okupatu eta konbinazioak eginez. U-arekin hiru liga irabazi zituen, 36 partida kateatu zituen jarraian galdu gabe, eta urte osoa egin zuen etxetik kanpo galdu gabe. Amerikako titulu bat ere lortu zuen: Sudamericana Kopa, hango Europa Liga. Sampaolik bere estiloa hala definitzen du: «Iraultza estiloa da, erasoa lehenestea eta inor baino gutxiago ez garela sinestea».

Sampaolik eta Txileko selekzioak elkar topo egin behar zuten. Bielsak utzitako oroitzapena hor zegoen oraindik, eta haren oinordekoa zuten etxean. Deigarria da badirela hamar urte Txileko selekzioak ez duela izan hautatzaile txiletarrik. Ondo kostatuta sailkatu zuen, gainera, hanka bat kanpoan zuenean deitu baitzion federazioak. Sanpaolirekin, baina, sailkatze faseko azken sei partidetatik bost irabazi eta bat berdindu zituen. Txilek inoiz izan duen futbolari belaunaldi onena du esku artean —ia ez du 1990etik aurrera jaiotako jokalaririk sartu deialdian—, eta ondo zukutu du multzo beteranoa. Bielsaren estiloa gustuko du, baina harreman pertsonalak askoz hobeto zaintzen ditu, eta ez du bere idoloaren izaera despotikorik.

Bielsaren bideari jarraiki, harekin selekzioan ibilitako teknikariei deitu zien laguntzaile izateko: Sebastian Beccacede, Francisco Meneghin, Gonzalo Fellay... Xehetasun txikiena zaintzera behartzen duen izaera obsesibo bera du, eta bere pasadizo ezagunetako batean Kolonbiaren aurka jokatu beharreko partida baten aurretik Metropolitano estadio osa hutsarazi zuen entrenamendu batean, garbiketako langile eta lorezainak barne. Munduko Koparako ere beste bunker bat eraiki du, Toca da Raposa (Azeriaren zuloa), Cruzeiroren kirol hirian.

Sampaoliren estiloari esker Txilek ikusmin handia sortu du. Erdiko atzelariak zelai erdian ikustea ez da hain ohikoa. Munduko Kopan ezustekoa emateko hautagaien artean dago. Txapelketa prestatzeko lagunarteko partidetan joko erakustaldiak eman zituen Espainiaren eta Alemaniaren aurka. Partida bikainak jokatu zituen, baina ez zuen bat ere irabazi. Espainiak —gaurko aurkariak— 93. minutuan sartu zien binakoa, eta Alemaniak 1-0 irabazi zion izandako aukera urrietako bat baliatuz. Hor da, hain zuzen, txiletarren beldurra: inoiz bezala jokatzea eta ia beti bezala galtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.