75. Musika Hamabostaldia

Donostiara itzuli da Pucciniren 'La bohème', 42 urteren ostean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Andra Mari abesbatza eta Easo Eskolania ariko dira Kursaalean bihar eta igandeko emanaldietan

La Bohème operaren emanaldiaren aurkezpena, atzo eguerdian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bihar eta igandean eskainiko dituzten emanaldiekin, bueltan da Giacomo Pucciniren La Bohème opera Donostian. Duela 75 urte, 1939an, Musika Hamabostaldiaren jaialdiaren lehen ekitaldian taularatu zen Pucciniren opera Donostian. Geroztik, Donostian «gehien» errepikatu zen opera izan zen, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren esanetan. «Esangura bereziko opera bilakatu da hirian». Opera interpretatzeko, gainera, lirika arloko hainbat abeslarik abestu izan dute Hamabostaldian, hala nola Benimiano Giglik eta Luciano Pavarottik. Hain zuzen, Pavarottik interpretatu zuen La Bohème Donostian azken aldiz, 1972an, Viktoria Eugenia antzokian. 42 urteren ostean, bueltan da Hamabostaldiaren 75. urteurrena ospatzeko.

Oraingoan, Valentziako Palau de les Artsek ekoitzi du obra, eta, antolatzaileen esanetan, hainbat agertokitan «arrakasta handia» lortu ostean dator Donostiara. «Produkzio zaharra bada ere, oraingoak badu kutsu modernoa», azaldu du Alfayak. David Livermorek egin ditu eszena zuzendari lanak, eta Jose Ramon Encinar musika zuzendariaren batutapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ariko da obra interpretatzen Andra Mari abesbatzarekin batera. Horrez gain, Easo Eskolaniako haur abeslariek ere izango dute tartea emanaldian, Gorka Mirandek zuzendurik. Encinarrek bi koru amateur horiek lanerako duten jarrera goraipatu du.

Bestalde, Parisko XIX.mendeko giro bohemioan girotzen den maitasun istorioa kontatzen duen opera antzezteko, Gal James soprano israeldarrak eta Giordano Luca tenorrak interpretatuko dituzte operako Mimi eta Rodolfo protagonistak. Aurretik ere aritu izan dira beste hainbat operatan, Giuseppe Verdiren Rigoletto-n, esaterako. Biek azaldu dute Pucciniren obra Donostian interpretatzea «gozamena» dela. Tenorrak obraren «edertasun eta dramatismoa» goraipatu du, eta sopranoak, berriz, opera lanik «gogokoena» duela azaldu du. Horrez gain, produkzio hau «berezia» dela ere azpimarratu nahi izan dute, «musika eta interpretazioaren bidez sortutako xehetasun bakoitzak baitu distira berezia». Haiekin batera, Juan Jesus Rodriguez, Elena De la Merced, David Menendez, Fernando Latorre, Francis Tojar eta Gerardo Lopez ariko dira operako gainerako pertsonaiak interpretatzen.

Agertoki bizia

«David Livermoreren produkzio hau fidel zaio libretoari, eta poesia handiarekin kontatzen du».Hala, obra guztia «antzerkiaren izaeraren menpe» dagoela adierazi du Encinarrek. Hori hala izanik, eszenaratzea estatikoa izan ez zedin nahi izan dutela adierazi du Emilio Lopez eszena zuzendariaren laguntzaileak. Horretarako, «erraiek agindutako eszenaratze erromantikoa» azaldu nahi izan dute, eta Paul Cezanne eta Pierre Auguste Renoir pintore inpresionisten eta Vincent Van Gogh post-inpresionistaren koadroetan oinarritu dira. «Koadroak bizirik daude; agertokian gertatzen den orori ematen diote etengabeko mugimendua», azaldu du Alfayak.

Donostiako emanaldia aurrera ateratzeko, gainera, proiekzioa egokitu behar izan dute «Kursaala ez baita opera antzokia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.