'Loreak' filma komertzialki estreinatuko dute New Yorken eta Los Angelesen

Hilaren 30ean eta azaroaren 27an proiektatuko dute.Berri ona da Oscar sarietarako kanpaina indartzeko, Xabier Berzosaren iritziz

Jon Garaño, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Jose Mari Goenaga, joan den urteko irailean Donostiako Zinemaldian, Loreak estreinatu zuten egunean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Music Box Films etxeak Loreak banatuko du AEBetan, eta Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako pelikula komertzialki estreinatuko dute New Yorken eta Los Angelesen. Lehen emanaldia Paris Theatre aretoan izango da, hilaren 30ean, eta bigarrenaren lekua ez dute zehaztu oraindik, baina azaroaren 30ean proiektatuko dute. Loreak-ek Espainia ordezkatuko du Oscar sarietan ingelesez besteko film onenaren atalean, eta, Xabier Berzosa Moriarti Produkzioak etxeko kidearen esanetan, «Oscarretarako kanpaina» oraindik ere martxan jartzen ari diren arren, bi emanaldi horiek oso egokiak dira kanpaina bera indartzeko. «Horiek gabe, oso zaila da geroko bidea ondo egitea».

Film Factory nazioartean pelikulak saltzen dituen enpresak negoziatu du Music Box Films-ekoekin, eta Berzosak ez dakiAEBetako beste hiri batzuetan ere estreinatuko ote duten. «Haien esku dago erabakia, baina, ziurrenik, bere bidea egingo du. Kasu honetan, ez gara hainbeste sartu baldintzetan-eta. Ikusi nahiko dute gu nola gabiltzan Oscarretarako bidean, filma gehiago edo azkarrago mugitzeko».

Izan ere, Berzosak aipatutako bide horretan, AEBetan emanaldi pribatuak ere antolatu behar dituzte Moriartikoek. «Esprintean» ari dira lanean, baina ondo bideratuta dauzkate. «Hango enpresa batekin egutegia, aurrekontua eta beste ixten ari gara, kazetariei eta Hollywoodeko Akademiako kideei pelikula ikusteko aukera emateko. Filmak ikusten ez baldin badituzte, gero ezin dituzte bozkatu. Gauzak ahalik eta gehien erraztu behar zaizkie». Proiekzio pribatu gehienak Los Angelesen izango dira, baina, agian, bakarren bat ere egingo dute New Yorken eta Palms Springsen (Kalifornia).

Hori guztia gauzatu ahal izateko, «inbertsio handi bat» egin beharko dute. Berzosari zaila egiten zaio gutxi gorabeherako kopuru bat ematea. «Ikusten ari gara zeintzuk diren egin beharreko funtsezko gauzak, eta lortzen dugun diru kopuruarekin kontrastatuko dugu». Duela hiru aste, Loreak Espainiaren ordezkaria izango zela iragarri zutenean, iruditzen zitzaien oso zaila izango zela kanpainarako dirua lortzea. «Halere, erantzun onak jasotzen ari gara toki askotatik».

Abendu erdialdean, Hollywoodeko Akademiaren batzorde batek bederatzi pelikula aukeratuko ditu 81 herrialdetako hautagaien artean, eta urtarrilaren 14an iragarriko dituzte bost film finalisten izenak. Film horietako batzuek duela bizpahiru edo lau hilabete zekiten, Berzosaren iritziz, hautagaiak izango zirela. «Beraz, denbora eduki dute lana planifikatzeko eta finantzaketa lortzeko. Orain zailagoa da han lantaldeak sortzea, jende gehiena beste pelikula batzuekin lanean ari delako. Halere, sortu dugu talde txiki bat». Dena den, Garañok eta Goenagak ere joan beharko dute AEBetara, elkarrizketak ematera eta emanaldi pribatuen ondorengo solasaldietan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.