Ingurura egokitzen jakin zuen arkitektoa

Luis Vallet de Montanoren ibilbidea jasotzen duen liburua plazaratu dute

Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Artista ala eskulangile, eraikuntza praktikoaren alde agertu zen Luis Vallet de Montano arkitektoa (1894-1982). Beti, edozein zela ere esku artean zuen proiektua, izan etxebizitza, hornidura, industria edo landa eremukoa. Huescan (Espainia) jaio arren, laster joan zen Irunera (Gipuzkoa) bizitzera, eta han garatu zituen lanik gehienak. Haren obra, «ezbairik gabe, giltzarri da Euskal Herriko XX. mendeko arkitekturan», Lauren Etxepareren eta Fernando Garciaren arabera. Bi autoreek haren ibilbidea jaso dute liburu batean: Luis Vallet de Montano (1894-1982). Arkitekturaren ertzak eta mugak. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako Ordezkaritzak Gipuzkoar Arkitektoak bilduman kaleratu duen laugarren liburua da.

Valletek 50 urtetik gora egin zituen arkitekto lanetan, eta obra oparoa garatzeko aukera eman zion horrek. Arkitektura estiloak barneratzeko ez ezik, estilo horien mugak gainditzeko trebezia ere erakutsi zuen. Dena den, lan horien artean «gutxi batzuk» baino ez dira aintzatetsiak izan, liburuaren egileen iritziz.

Jose Salis izan zen Valleten marrazketako lehen irakaslea, Irunen. Gero, Madrilgo Arkitektura Eskolan izena eman, eta 1920an eskuratu zuen arkitekto titulua. Eskolatik irten bezain pronto ekin zion lanari. Irungo Udaleko arkitekto postua lortu zuen 1921ean, eta, besteak beste, proiektu hauek garatu zituen kargu horretan izan zen bitartean: herriko Alondegia, hiltegia, Stadium Gal futbol zelaia eta bainuetxe publikoa.

Estilo batetik bestera

Euskal estiloari heldu zion hastapenetan, hura baitzen garai hartan Euskal Herriko joera nagusia. Gainera, Valletek euskal arkitekturari buruz aurkeztutako txosten eta gogoetek eragin handia izan zuten garai hartako arkitektoengan, baita Euskal Ikasketen lehenengo biltzarrean ere. Biltzar hartan sortu zen Eusko Ikaskuntza, gerora euskal unibertsitatearen ernamuina izango zena, eta arkitektoa erakundeko kide zen.

Karrera profesionalari ekin eta hamar urtera, euskal lengoaia alde batera utzi, eta belaunaldiko arkitekto gehienen moduan, lengoaia arrazionalistari heldu zion Valletek. Mugimendu modernoa ari zen hedatzen Europan barrena, eta ez zuen euskal estiloa mugimendu hark zekartzan erronkei aurre egiteko gai ikusten. Lengoaia batetik bestera salto egitea erraza gertatu ez bazitzaion ere, lortu zuten erronka berriak bere egitea: ongizatea, osasuna, demokrazia, eraikuntzaren industrializazioa eta gainerako arte diziplinekiko harremana bezalako ideiak aintzat hartzen hasi zen.

Egoera berrietara egokituz, bide zuzenetik zihoan Vallet. Baina 1936ko gerrak errotik moztu zuen haren hamabost urteko ibilbidea. Gerraosteko erregimenak herri administrazioan egindako garbiketaren ondorioz, Irungo arkitekto kargutik kendu zuten, eta, arkitektoen elkargoen ekimenez, arkitekto gisa jarduteko gaitasunik gabe utzi. Erbestean igaro behar izan zituen hurrengo urteak, 1943an itzultzeko baimena lortu zuen arte. 2004an, Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak barkamena eskatu zien hari eta beste 82 arkitektori, eragindako kalteagatik.

Euskal Herrira itzultzean, gogotik saiatu behar izan zuen erregimenak babestutako arkitektoen artean tokia egiteko. 1950eko hamarkadako azken urteak iritsi bitartean ez zen erabat suspertu. Ordutik aurrera, Jorge Oteizarekin eta Gaur taldeko zenbait kiderekin batera, estetika berriak zabaltzen aritu zen. Hala bete zuten errepresio luzearen ondorioz jasandako hutsune kulturala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.