Brasilgo Munduko Kopa

Azkenean, egur bereko ezpala

Aita ospetsu baten zama gainetik kendu ezinik ibili izan da Daryl Blind, baina lortu du, eta jada arrastoan dabil. Brasilen gertu du aita, Louis Van Gaalen laguntzaile gisa.

Azkenean, egur bereko ezpala.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Nolako egurra, halako ezpala. Zenbat aldiz entzungo ote zuen aspaldiko esaera hori Daryl Blindek (Amsterdam, 1990). Herbehereetako jokalari historikoetako baten semea izatearen bidesaria da. Darylek Danny du aita, 1990eko hamarkadan Ajaxek bizitako loraldiaren partaide izandakoa. Van der Sar, Reiziger, Seedorf, De Boer anaiak, Overmars, Finidi, Litmanen, Kluivert... Jokalari horien guztien kapitaina zen Danny. Jokalari multzo horrek ia dena irabazi zuen: etxean, liga, kopa eta superkopa; eta etxetik kanpo, Txapeldunen Liga, Superkopa eta Kontinente Arteko Kopa. Ordurako, ordea, Dannyk bazuen garaipen zerrenda ederra: Europako Errekopa eta UEFA kopa bana zituen, besteak beste. Horrek berezi egiten du, bera baita UEFAk eta FIFAk antolatutako lehiaketa guztiak irabazi dituzten bost jokalarietako bat.

Dannyk 1999an hartu zuen erretiroa. Ordurako, Daley jada Ajaxen gazte mailatan ari zen. Denak ziren konparazioak aitarekin, are gehiago hura bezala, atzelari izanda. Hala ere, garai hartan abizena ez zen zama handia Daley gaztearentzat. Lasai zebilen, konfiantzaz, eta horri esker lortu zuen taldeko maila guztietan gora egitea. Hala iritsi zen 2008ko udan lehen taldera.

Iritsi, iritsi zen, baina ezin izan zen egonkortu. Apenas jokatu zuen sasoi hartan. Eta aurrera egiteko, pauso bat atzera egitea erabaki zuen. Groningenek eskaintza egin zion taldean utzita jokatzeko, eta Darylek baietz esan zuen. Han, inor gutxik gogoratu zion zenbat zuen ikasteko aitarengatik.

Groningeneko egonaldiak mesede egin zion. Asko jokatu zuen, eta horrek jokalari helduagoa bilakatu zuen. Hala ere, Amsterdamera itzulita ez zuen bat-bateko arrakasta izan. Hori bai, hasieratik izan zuen Frank de Boerren konfiantza osoa. Aitaren taldekide izandakoa Ajaxen aulkira iritsi eta Darylek gero eta gehiago jokatzea, biak bat izan ziren: hemezortzi partida lehen sasoian, 26 hurrengoan, 46 ondorengoan eta 44 azkenekoan. Hain zuzen, lau urte horietan, Ajaxek liga irabazi zuen —2004tik 2010era ez zuen ale bakarra lortu—.

Ajaxen aitaren taldekide ohi batek eman zion aukera. Selekzioan, berriz, aita Europako txapeldun egin zuen entrenatzaileak, Louis Van Gaalek. Iazko otsailean egin zuen estreinakoa, etxean, Italiaren aurkako lagunartekoan. Ordutik beste bederatzi partida jokatu ditu, guztiak ezker hegalean. Deigarria da. Izan ere, Ajaxen euskarri postuan jokatzen nabarmendu da. Horri esker bereganatu du Europako talde indartsuen arreta. Adibidez, Manchester Unitedek begiz jota du. Ez da kasualitatea, Munduko Kopa amaituta han entrenatuko baitu Van Gaalek. Darylek, ordea, Munduko Kopan du arreta osoa. Beharko, oso gertu baitu akuilua, aita baitu aulkian, Van Gaalen laguntzaile lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.