Zinema bertan gera dadin

Erriberan, 25.000 metro koadroko zinema estudioa eraikiko dute, ekoizleei aukera emateko filmazio prozesu osoa bertan egiteko. Urte amaierarako prest egongo da.

Navarra Film Studios azpiegiturak izango duen itxuraren simulazioa. NAVARRA FILM STUDIOS.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Babieka Films eta La Noche Americana ekoizpen etxeek, Ignacio Navas enpresaburuarekin batera, zinema estudio eta plato bat sortuko dute Erriberan: Navarra Film Studios. Nafarroara heltzen diren produkzioek filmazio prozesu osoa —kanpoaldekoa zein estudio barrukoa— bertan egin ahal izatea dute xede, eta baita Erriberari bultzada ematea ere, Miguel Angel Calvo zinema zuzendari eta La Noche Americanako arduradunak adierazi duenez. Urte amaierarako egongo da erabilgarri azpiegitura.

Nafarroako zinemagileek bazuten kezka lehenago ere, Calvok azaldu duenez. «Produkzio asko etortzen dira, baina kanpoaldean filmatzen dute, eta ezin izaten dute barrukoa filmatu, instalazio egokirik ez dutelako. Hortaz, oso azkar doaz». Estudioa sortzeko ideia beste zuzendari batzuei aipatu zien, eta orduan jarri zuten abian egitasmoa.

Estudioa sortu ahal izateko oinarrizko zutabeak bilatzeari ekin zioten berehala: «Batetik, nahi genuen instituzioek egitasmoaren berri izatea; bestetik, nazioarteko ekoizpen etxe batekin elkarlanean egin nahi genuen lan; eta, azkenik, ezinbestekoa ikusten genuen finantzaketa gihar sendo bat lortzea».

Babieka Films ekoizpen etxeari proposamena egin zioten, eta baietz erantzun zuen. Nazioarteko filmazioak egiten ditu Babieka Filmsek, eta, besteak beste, Blade Runner 2049, Tomorrowland, Exodus: Gods and Kings eta The Promise ekoizpenetan lan egin du. Horrekin batera, La Noche Americana ekoizpen etxea sortu zuen Calvok. Estudioaren proiekturako sortu zuen espresuki, eta finantzaketarako, Ignacio Navas enpresaburuarekin jarri ziren harremanetan. Navas tuterarra da, eta MercurySteam Entertaiment bideo-joko enpresaren jabea. Proiektua «haren lanarekin bat» zetorrela ikusi zuen hasieratik.

Prozesua azkarra izan da, eta ideia piztu eta urtebetera muntatua dute proiektua. Calvoren ustez, horrek erakutsi du benetako beharra zegoela. «Jende guztiak interes handia erakutsi du, eta hori ezinbestekoa da». Instituzioen babesa ere izan dute: Nafarroako Gobernuarekin eta Tuterako Udalarekin elkarrizketak izan dituzte hilabeteotan.

Oraindik zehazteke dago non eraikiko duten azpiegitura, baina Tutera inguruan izango da. Hainbat arrazoirengatik aukeratu dute toki hori. Calvo: «Hiriguneetatik bakartuta egotea komeni da, baina sarbide egokiak eduki behar ditu, eta Erribera Zaragozako aireportutik zein Iruñetik gertu dago, eta Madrildik edo Bartzelonatik heltzen den jendearentzat, are gertuago. Eguraldia ere egokia da, Nafarroa iparraldea baino eguzkitsuagoa delako, eta paisaia erakargarria da, Bardea gertu dagoelako».

Beste faktore bat ere aipatu du zuzendariak: «Ikus-entzunezko produkzioak, oro har, Iruñe inguruan kokatuta daude, estrategikoa eta logikoa delako. Bada, proiektu honen bitartez deszentralizazioa lortu nahi izan dugu».

Erriberari bultzada emateko modu bat ere izango da. «Zinema sortzea oso positiboa da eskualdearentzat: diru sarrerak ekartzen ditu, jendearen trebakuntzan laguntzen du, lanpostuak sortzen ditu...». Hori dela eta, aitortu du «harrigarria» iruditzen zaiola orain arte inork halako egitasmorik sortu ez izana.

Aurreikuspenen arabera, estudioak 25.000 metro koadro izango ditu, eta eraikiko duten lehenengo platoa urte amaierarako egongo da erabilgarri. Plato horrek 2.500 metro koadro izango ditu, hamalau metrotik gorako altuera, eta akustikoki isolatuta egongo da. Ekoizpenerako bulegoak, jantziak, eszenografiarako biltegia eta kanpoaldeak simulatzeko espazioa ere egongo dira. Horrez gain, Motion capture eszenak eta alegiazko errealitatea eta kromaketa sortzeko espazioak eraikiko dituzte, baina horiek ez dira erabilgarri egongo 2019aren hasierara arte. Orduan, bideo jokoak sortzeko baliabideak ere txertatuko dituzte.

Asko dira azken urteetan Nafarroan filmatzeko interesa agertu duten ekoizleak. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 2014an %35eko zerga pizgarria ezarri zuen zinema ekoizpenetako inbertsioetarako, eta horrek erakarri ditu produkzioak. Calvoren ustez, orain zinemagileek «interes bikoitza» dute Nafarroan: ingurumena eta zerga pizgarriak.

Hain zuzen, Navarra Film Comission zinema bulegoaren datuek erakusten dute azken urteotan zinema ekoizpenek gora egin dutela foru erkidegoan: 2016an ikus-entzunezko 61 proiektu egin zituzten, eta 2017an, berriz, 70. Igoera hori bereziki nabarmena izan zen fikziozko filmetan: ordura arte zazpi proiektu ziren, eta handik aurrera, hamabi. Erakundeak identifikatuak ditu ekoizpen etxeek Nafarroara etortzeko dituzten arrazoi nagusiak ere: «%50 kokalekuarengatik datoz, %25 produkzioen gaiengatik eta %20 zerga pizgarriengatik».

Proiektu aurreikuspenak

Navarra Film Studiosek hartuko dituen ekoizpenei dagokienez, sustatzaileek hainbat proiektu aurreikusten dituzte dagoeneko: Babieka Filmsek proiektu bat eramango du, La Noche Americanak beste bat, Kataluniatik bi produkzio eramango dituzte, eta beste bat Txinatik. «Hala ere, hori ez da egun batetik bestera erabakitzen, eta dena eraikita egon arte ezingo dugu ezer ziurtatu», ohartarazi du Calvok. Baina argi geratu da sektorearen eskaria handia dela. «Oso pozik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.