Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Loreen esanak eta esanahiak

Pertsonen arteko harremanak lore sorten bidez harilkatu dituzte Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek 'Loreak' filmean.Urrezko Maskorrerako lehiatuko den euskarazko lehen pelikula da

Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga —alde banatan—, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru eta Itziar Ituñorekin, atzo, Donostian. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Loreak horixe baino ez dira, loreak. Baina zerbait gehiago ere izan daitezke, bakoitzak ematen dien esanahiaren arabera, bakoitzak haien bidez esan nahi duenaren arabera. Loreak horretarako tresna bihurtu dituzte Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek Loreak filmean, hiru emakumeren istorioak ehuntzeko. Euskara hutsean filmatutako lehen lana da Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehiatzen, eta harrera beroa egin zion atzo jendeak Kursaaleko emanaldian.

Zinema beltza erromantizismo ukituekin nahasten da pelikulan. «Genero eta kontzeptu nahasketa hori asko interesatzen zitzaigun; puntu dramatiko edo erromantiko hori batetik, eta enigmatikoa edo misteriotsua bestetik», dio Goenagak. Filmaren abiapuntua izan da horren arrazoia: errepide ertzean ikusitako lore sorta bat eta horrek sortutako sentipena. «Irudi oso biribila iruditzen zitzaigun, edonori irudimena pizteko modukoa; zer gertatu ote den pentsatzen duzu, loreen atzean dagoen draman. Baina nahiko elementu enigmatikoa ere badela iruditu zitzaigun; oso gutxitan ikusten da nork jartzen dituen loreak. Hala, loreek sorrarazten zizkiguten sentsazio horiekin, film osoa tonu horrekin busti nahi izan dugu».

Ane (Nagore Aranburu), Lourdes (Itziar Ituño) eta Tere (Itziar Aizpuru) dira filmeko protagonistak, eta loreek lotuko dituzte hiru emakumeen istorioak. Ezezagun baten eskutik loreak jasotzen hasi da Ane; senarra hil zen bide bazterrean loreak nork jartzen dituen jakin nahi du Lourdesek; eta hildako semeari loreak jarriz memorian bizirik mantendu nahi du Terek. Lore sorten presentzia hutsak haien bizitzetan eragiten dituen sentimenduetan oinarritu dute filma zuzendariek. Eta lore sortak dira horiek azaleratzeko bitartekoa. «Berez, loreak ez dira ezer», dio Garañok, «bakoitzak eman nahi dien garrantzia edo esanahia ematen die. Horregatik diogu guretzat oihal zuri baten gisakoak direla, non bakoitzak bere kezka, beldur edo desioak proiektatzen dituen». Hala, pertsonaia batzuk hunkitu egingo dira loreekin, baina beste batzuek mehatxutzat hartuko dituzte. «Ideia hori zen: nola berez esanahirik ez duen elementu bat atzeman dezakegun, esanahia eman eta, azkenean, horrek gatazkak, drama edo suspensea eragin dezakeen. Hortaz baliatu gara istorio bat kontatzeko».

Emakumeak protagonista

Bi zuzendarien aurreko pelikulan bezala —80 egunean (2010)—, andrazkoak dira filmeko protagonistak; hiru emakumeren mundu intimoan sakontzen du lanak. Horregatik, emakumeen zinema egiten duten zuzendariak diren galdetu izan dietela azaldu du Goenagak. «Egia esan, ez gara oso kontziente izan; ez dakizu oso ondo zer dela-eta kontatzen duzun emakumeen edo gizonen istorio bat; ez da aurrez erabakitako zerbait». Aurreko pelikulan, Garañok landu zuen gidoiaren lehen zirriborroa; oraingoan, Goenagak egin du lan hori. «Kasualitatea izan da bietan emakumeez hitz egitea, baina ez zaigu iruditu ahalegin berezia egiten ari ginenik. Sentimendu unibertsalez ari garela iruditzen zait, eta, agian, gizonak eta emakumeak ez gaudela elkarrengandik hain urrun, ez dakit...».

Josean Bengoetxearen eta, oro har, aktore gizonezkoen lana ere goraipatu du Goenagak. «Joseanen pertsonaia anbiguotasunaren eremuan mantentzea interesatzen zitzaigun; enigmatikoa da, ez dakizu zer ari den sentitzen, eta inkognitarekin jolas egiteko balio zigun». Izan ere, lore sortak hark bidaltzen ote dituen ez dago horren argi, «susmo guztiek horretara bideratu arren, ez baitago eztabaidaezina den frogarik».

Aktoreekin egindako lanaz ere mintzatu da Garaño. «80 egunean egin genuenean asko entseatu genuen aktoreekin, eta orduan ikasi genuen —eta orain ere berdin egin dugu— aktoreekin lan egitean garrantzitsua dela gidoia hartu eta haien hizkerara eta doinura egokitzea. Oso ariketa polita iruditzen zaigu, batetik, gidoia nolabait ere berridatzi egiten delako, eta, bestetik, beraiek ere pertsonaiaren barruan sartuz joaten direlako». Bakoitzarekin lana desberdina izan dela diote zuzendariek, baina guztiekin asko hitz egin dutela, pertsonaia nola ulertu zehazteko.

Itziar Ituñorentzat, «oso prozesu interesgarria» izan da, nahiz eta hasieran kosta egin zitzaion Lourdesen hainbat jarrera ulertzea. «Beste pertsonaien filosofia oroitzapenetik aurrera egitea da, eta Lourdes kontrapuntua da, nahiago du dena ahaztu aurrera egiteko. Kosta egin zitzaidan hori ulertzea, nik ez nukeelako halakorik egingo. Berba asko egin genuen, eta asko ikasi dut haiekin». Terek ere, Itziar Aizpururen pertsonaiak, ez du ulertzen Lourdesen jarrera, semea gogoratu nahi duelako berak. «Niretzat, bat ez da hiltzen oroimenean duzun artean, eta Lourdesentzat aurkakoa da, beraz, onartu ezin dudan zerbait da. Tira, lehenago ere ez zen nire errain gogokoena eta...». Aktoreek bien arteko tirabirak barrez gogoratu arren, ez dute harreman erraza pelikulan, Ituñok azaldu duenez. «Lourdes zauria ahazten eta aurrera egiten saiatzen da, baina zerbait gertatu eta dena azaleratuko da; bizitza honetan, ongi itxita ez dagoena ez da sendatzen. Ahanzten saiatzen da, baina Terek etengabe gogorarazten dio. Gainera, aurrez ez zirenez elkarrekin ongi moldatzen, talka asko dituzte, eta Tererekiko harremana mozten du, baina ez hotza delako, minetik ihes egiteko baizik».

Aranbururen ikuspegian, bere pertsonaia, Ane, «momentu zaila pasatzen ari da, oso barnekoia da; bizitzari leiho batetik begiratzen dio, berari ez baina besteei gauzak gertatzen zaizkiela ikusten du, nahiz eta ez duen ezer egiten akzio horretan egoteko». Harengan une batean ilusio bat piztuko da, eta «ez dagokion eremu batean» sartuko da, baina horretaz jabetzean atzera egingo du.

Izan ere, oroimena/ahanzturaren gaia ez ezik, pertsonen arteko harremanak, norbere beldurrak, ezinak... bestelako gai ugari ukitzen ditu filmak. Inkomunikazioa da oso presente daudenetako bat, Goenagaren ustez. «Haien lantokietan ere ikusten da hori; ingurutik oso bakartuta dauden pertsonaiak dira, planoetan erretrataturik agertzen diren eran ere, dauden lekutik kanpo baleude bezala. Hala, loreak ere horretarako baliatzen dira, haiek hitzez esan ezin dutena adierazteko».

Euskara eta euskalkiak

Sail Ofizialean lehiatuko den euskara hutsean grabatutako lehen filma da Loreak. Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak ere (1989) izan zen Urrezko Maskorrerako lehian, baina film hura bikoiztu egin zuten zati batzuetan. Horrek zama berezirik eragiten dien galdetuta, ezetz diote zuzendariek. «Izatekotan, zama positiboa litzateke; horrek ez digu beldur handirik ematen». Garañok azaldu duenez, 80 egunean ele bitan egiteko asmoa zuten, baina ezin izan zuten, «ekoizpen arrazoiengatik», eta euskara hutsean egin zuten azkenean. «Loreak naturaltasunez sortu da horrela». Espainiako merkatuan banatzeko horrek zailtasunak ekarriko dizkiela uste dute, baina ez nazioartean zabaltzeko. Euskalkien erabilerari dagokionez, garrantzia «koherentziari» eman diotela azaldu dute; adibidez, familia berekoek antzerako hizkera erabiltzea. Gidoia aktoreekin lantzean arlo hori ere jorratu dute.

Filmak euskal giroa edo izaera islatzen duten galdetuta, ez direla horren kontziente izan dio, baina pozten direla jendeak hala ikusi badu; «Zer hoberik zure inguruan duzuna islatzea baino. Nahiko genuke egiten ditugun filmak unibertsalak izatea, baina gertu duzuna erretratatzetik abiatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.