Albistea entzun

Keinu bihurria errealitateari

Andoni Urzelaik 'Karanbola toxikoak' lehen ipuin liburua argitaratu du; hirugarren lana du
Andoni Urzelai, <em>Karanbola toxikoak</em> ipuin liburuaren aurkezpenean.
Andoni Urzelai, Karanbola toxikoak ipuin liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2015eko azaroak 14 - Donostia

Hamazazpi ipuin. Baina istorio bakarra. Narrazio bakoitza independentea den arren, batak bestearekin lotura du. Ipuin guztiak eta pertsonaia guztiak, modu batera edo bestera, elkarrekin harremanetan daude. Horrekin bat egiten du karanbola hitzak. Gainera, pertsonaia guztiek dute ezaugarri komun bat: «Hustasun existentzial bat, frustrazio bat». Hortik dator toxiko hitza. Andoni Urzelai idazleak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967) Karanbola toxikoak hirugarren liburua argitaratu du, Susa argitaletxearekin. Aurretik Haginkadaka (Kutxa, 2002) eta Zirkulua (Erein, 2004) nobelak ditu argitaratuta. Lehen ipuin liburua du ondu berri duena.

«Orain eta hemen» girotu du kontakizuna Urzelaik. Pertsonaia guztiak batzen dituen frustrazio horrek errealitatean baitu sostengua. Betidanik izan du galtzaileenganako enpatia bat idazleak. «Bizitza honetan apur bat galtzaile denok gara. Sistemak langa altuak jartzen ditu, eta zaila da horra iristea. Ondorioz, jendea bizitzan hori pilatuz joaten da. Pertsonaiak galtzaileak dira modu batean; galtzaile existentzialak. Ezinegon bat dute, hustasun bat». Baina, era berean, ironia eta sarkasmoz idatzi ditu gertakariak. «Errealitateari egindako begirada bihurria» da kontakizuna, Urzelairen arabera.

Garai baten amaieraren erretratua ere bada liburua. Zenbat eta baliabide gehiago eta informazio gehiago izan, jendea orduan eta «apatikoagoa» da, haren iritziz. «Eta kulturarekiko bereziki. Jendeari ez zaio ezer interesatzen. Ez dakit jendeak nola egiten duen aurrera ezerekiko kuriositaterik izan gabe». Halere, argitu du, ez duela ezer salatu nahi izan; pertsonaia bakoitzaren motibazioak sendotzeko, ikusten duenean oinarritu dela baino ez. «Ez dauka helburu didaktikorik, begirada bihurria eta jostalaria da».

Ikusten dutenarekin ez daude konforme pertsonaiak. Baina bi jarrera bereiz daitezke haien artean: batzuk lekukoak dira —ikusi egiten dute zer gertatzen ari den, baina ez dute errealitatean eragiten—, eta besteak eragileak dira —errealitatean eragiten dute—.

Pertsonaia guztien artean, ordea, bada bat, idazlearen iritziz, «interesgarriena»: Mikel. «Mamu bat izango balitz bezala, liburu osoan dabil gainean». Idazle erretxindu bat da. Erabat haserre dago jendeak kuriositaterik ez duelako. Haatik, «gudu pertsonal» bat hasiko du, apatia hori astindu nahian. Funtsean, helburu bat du: begien bistako errealitate hori aldatzea.

Mikelek idazle izan nahi du, baina inork ez ditu haren lanak argitaratzen. Horregatik, euskal kultura diruz laguntzen duten erakunde publikoen aurkako jarrera hartuko du. «Atentatuak-eta egingo ditu». Besteak beste, honako erakunde hauen kontra egingo du: Gerediaga Elkartea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskaltzaleen Topagunea. Gaiak «tirabira» batzuk sor ditzakeen arren, idazlearen iritziz, nahiko «zirkunstantziala» da Mikelek hartuko duen jarrera, haren ezintasunetik sortua baita.

Urzelaik azaldu duenez, hark sortutako pertsonaia guztiek dute haren zerbait. «Mikel kasu askotan nire alter egoa da. Mikel zapuztuta zergatik dagoen adierazteko nire esperientzia baliatu dut». Dena den, argitu du distantzia bat dagoela pertsonaien eta idazlearen artean, eta beste zenbait ezaugarrik ez dutela harekin bat egiten.

«Obsesionatzen» duten zenbait gairekin osatu du egileak istorioa; hala nola bakardadea eta heriotza landu ditu. Halere, azaldu du ez dela «liburu transzendental» bat. «Gai sakonak ukitzen ditu, baina oso arin irakurtzen da. Ez da jolas bat, baina idazkera jolastia du».

Ustelkeria kontu bat ere badago narrazioetan. Errealitatetik hartu ditu pertsonaiak, eta, haren arabera, irakurleak izen-abizenak jarriko dizkie pertsonaia batzuei. «Ez dut esango errealak direnik, baina irakurleak identifikatuko ditu izen batekin. Beste gauza bat da izen hori irakurle denetan bera den edo ez».

Irri egiteko istorioak

Urzelaik idatzitakoak «irri egiteko istorioak dira», Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen arabera. «Pentsatu bai, baina egiten ez ditugun gauzak» egitera ausartuko baitira pertsonaiak. Irriak, ordea, sostengu saihetsezin bat duela uste du: «Irri egiten dugun aldiro sortzen da halako ezina, eta malenkonia puntu handi bat». Malenkonia horren jatorria liburuak nola islatzen duen azaldu du: «Gaurko eguna irudikatzen du, nor garen erakusten digu, ispilu bat jartzen digu, eta geure burua desitxuratuta ikusten laguntzen digu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.