Mundu bat inprobisatzen

Kurdistango, Sardiniako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak batu ditu Europa Bat-batean egitasmoak. Bi saio geratzen dira.

Julio Soto bertsoa botatzen, Iruñeko Zentral aretoan, atzean Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak dituela. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Nahiz nork bereari eutsi, onena delakoan, gauzak edertzen dira nahasitakoan». Julio Soto bertsolariak agurrean aurreratu zituen saioaren nondik norakoak. Iruñean, lepo beteriko Zentral aretoan, nazioarteko inprobisatzaileak bildu zituzten asteazken iluntzean. Hain zuzen ere, Kurdistandik, Sardiniatik eta Herrialde Katalanetatik heldu ziren, euskaldunekin batera kantatzera. Ikusleak saioan bete-betean sartzea lortu zuten, oholtzatik lau hizkuntza gutxituren hitzekin jostatuz. Ferriol Macip glosadoreak —Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak— iragarri bezala, «kultura orgia» gozatu zuten.

Europa bat-batean Mintzola ahozko lantegiak eta Donostia 2016k antolatutako saioa da. Donostian eta Markina-Xemeinen ere (Bizkaia) egin dute jadanik, eta hura ikusteko azken aukerak gaur eta bihar izanen dira, Uztaritzen (Lapurdi) eta Aramaion (Araba) errepikatuko baitute, hurrenez hurren.

Iruñean Soto eta Miren Amurizarekin batera igo ziren oholtzara Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadore katalanak, Simone Monni eta Paola Dentoni cantadori sardiniarrak eta Zinar Ala dengbeja kurdua. Marcel Marimon musikariak lagundu zituen Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak, eta Stefano Cara eta Michele Deiana izan ziren kantu sardiniarrak koruekin eta musika tresnekin laguntzeko arduradunak. Kurdistandik beste bi lagun etortzekoak baziren ere, azkenean ez zuten Turkiaren baimenik eskuratu.

Hainbat hizkuntza erabili arren, inprobisazioaren arteak elkartzen ditu. Melodiak gertuago daude Mediterraneo inguruko herrialdeen artean, antzeko eskalak erabiltzen baitituzte. Hala, euskaldunek eman zioten puntu exotikoa, etxean jokatu arren. Giroa aise berotu zuten, eta irriak ere aditu ziren ofiziotan. Batzuetan, berandu ailegatzen ziren algarak. Bertsoa bukatu ondoren, itzulpena egin beharra zegoen, idatzi, eta atzeko pantailan proiektatu. Maddalen Arzallus, Irati Majuelo eta Renato Capocchia itzultzaileen lana ezinbestekoa izan zen saioan.

Baina hizkuntza ez zen inolaz ere traba izan. Bertsolariendako ere ez. Macipek bakarka azaldu zuen Iruñean ez zuela gaztelera erabili behar izan: «Ulertzen ez duenak ez duelako nahi da». Ikusleen konplizitatea behin baino gehiagotan bilatu zuen esaldiren bat euskaraz eginez. Zortzi hizkuntza jakinda mundua nola ulertzen zuen galdetuta, adibidez, bertsoaren azken puntua euskaraz eman zuen: «Ez dut piperrik ulertuko». Agurrean ere bota zuen keinua: «Guretzat Euskal Herria herri berezia da». Eta publikoaren errepika lortu zuen.

Agurrak bukaturik, ofizioka aritu ziren inprobisatzaileak. Sardiniarrak hasi ziren, Campidanokoen gisara kantuan. Monni tristura zen, eta Dentoni, poza. «Tristurak heltzen gaitu, eta mundua ulertarazten digu» kantatu zuen Monnik, Cara eta Deianaren koru grabeak lagun. Dentonik tristuraren antonimoa defenditu zuen, Monnik bere melodia tristea zela esan arren: «Pasio honek poztasuna ematen du, gure aurrekoek goza dezatela».

Irri egiteko tarterik ere izan zen. Lehenbizi, Amuriza eta Soto ama-semeak izan ziren. Osasunako kamiseta soinetik kendu nahi ez zuen mutilari kantatu zion Amurizak, bera ere garbigailuan sartuko zuela mehatxu eginez. Bartzelonakoa janzteko esanda, Sotok erantzun zion azken aldian lotsa pixka bat ematen diola. Gero, Herrialde Katalanetako bertsolariek gitarraren eta kriskitinen laguntzarekin animatu zuten giroa. Bikotekidearen etxera afaltzera lehenbizikoz joandako gizon baten eta koinataren ahotik kantatu zuten.

Irriez gainera, gai serioak eta aldarrikapen politikoak ere izan ziren Zentralen. Adibidez, Alak bakarka kantatu zuen ofiziotan, eta erbestean dagoen semearen eta amaren arteko solasari eman zion ahotsa. Amak itzultzeko esan zion semeari, aita eta bera zaharturik baitaude. Semearen hitzekin bukatu zuen bertso sorta: «Maite zaitut ama, iritsiko da egun bat, gure gerrak eta larritasunak amaituko direla, herria libre izanen dena».

Macip katalanak ere herriaren aldeko aldarria zabaltzeko aprobetxatu zituen mikrofonoak saioaren bukaeran: «Abestuko dizuet, lau herrialde gara (...) Denak independentziaren alde, eta mugarik gabe». Azkenengo puntua euskaraz kantatu zuen, eta txalo zaparrada jaso zuen ordainetan.

Inprobisazio mazedonia

Saioaren bigarren zatian ez ziren herrialdeka aritu, eta hizkuntzak nahasteari ekin zioten. Horrek piztu zuen arretarik handiena. Sotok eta Monnik elkarrekin bizitzen hasi diren aspaldiko lagunen rola jokatu zuten, eta euskaldunak hainbatetan aterarazi zion irria sardiniarrari. Amurizak eta Menak, berriz, aspaldiko argazkiei so ziren bikote zaharraren ahotan kantatu zuten. «Orain ikusten zaitut ederrago», esan zion Amurizak, baina fueta bezain idor egotea leporatu zion Menak. «Topatuko dut norbait ni ere dasta nazan», Amurizak.

Momentu berezia izan zen Dentoniri gaia jarri ziotenean. Bere ahizpa eta bera baitira herrialdean inprobisatzen duten emakume bakarrak. Hemen, emakume asko ikusi ditu bertsotan, eta, zer pentsatu duen galdetuta, horrela erantzun zuen: «Espero dut ongi azaltzea esan nahi dudana, hemen esperientzia berri bat bizi izan baitut. Espero dut Sardiniara bueltatzean aurkitzea hemen ikusi dudana».

Saio osoan hainbat doinu aditzeko aukera izan zen; batzuk, dantzan jartzeko modukoak. Kurduak ezkontza kantu bat egin zuenean, esaterako. «Hau ezin da dantzatu gabe kantatu», zioen. Hainbat musika tresna ere aditu ziren: kaxoia, panderoa, launeddas edo klarinete hirukoitza eta kriskitinak. Agurra melodia sardiniarrarekin egin zuten denek, banaka, eta gitarra eta launeddas musika tresnen doinuekin. Amurizak ederki laburbildu zuen saioak emandakoa: «Eta arrastoa baietz laga gaurko egunak, ez baitu itzulpenik behar gaur sentitu dugunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.