Brasilgo Munduko Kopa

'Liverpool' da hitz gakoa

Liverpool titulurako lehiara eraman duten sei jokalari ariko dira gaur: Ingalaterran, Jones, Gerrard, Henderson, Sterling eta Sturridge; eta, Uruguain, Luis Suarez.

'Liverpool' da hitz gakoa.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Manchester Cityk irabazi du aurten Ingalaterrako liga. Sasoiko ezustea, ordea, Liverpool izan da, azken jardunaldira arte izan baita lehian 24 urte geroago titulua eskuratzeko.

Erdibidean geratu izanagatik, Liverpoolen loraldiak aire freskoa eraman du Ingalaterrako ligara. Roy Hodgson selekzioko hautatzaileak argi ikusi du, eta aire horrek selekzioa freska dezan saiatu da. Ez du izan oztoporik, hainbat behi sakraturen babesa izan baitu. «Egungo Liverpool litzateke eredurik aproposena selekzioarentzat. Hori egiteak freskotasuna ekarriko luke. Egungo Liverpool Manchester United onenaren pare dago». Paul Scholes handiaren hitzak dira.

Esan eta egin. Sasoi honetan Brendan Rogersen aginduetara nabarmendu diren jokalari guztiak deitu ditu Hodgsonek: Glen Johnson atzelaria, Steven Gerrard, Jordan Henderson eta Raheem Sterling erdilariak eta Daniel Sturridge aurrelaria. Bost deabru gorri dira. Inoiz baino gehiago. Guztiek jokatu zuten hasieratik estreinakoan, Italiaren aurka.

Johnson eta Gerrard beteranoak dira —29 eta 34 urte dituzte—, baina sasoi honetan gaztetu egin dira taldearen jardun bikainak lagunduta. Gerrardek, adibidez, hamahiru gol sartu ditu —2008-09ko sasoian sartu zituen gol gehiago: hamasei—, eta hori ohi pauso bat atzerago jokatu duela.

Hendersonek, Sterlingek eta Sturridgek ez dute gaztetu beharrik, gazteak baitira jada: 24 urte dute aurreneko biek, eta 19 hirugarrenak. Sterling eta Sturridgeren kasuak bitxiak dira. Sterling Jamaikan jaio zen, eta Londresen hazi. Errebelde hutsa zen gaztetan. 10 urte zituela eskolako irakasle batek bi destino aurreikusi zizkion 17 urte zituenerako: Ingalaterrako selekzioan jokatuko zuen edo kartzelan egongo zen. 2012ko azaroan egin zuen debuta selekzioarekin, 18 urte bete gabe. Sturridgek, berriz, argia ikusi du, Manchester City, Chelsea eta Boltonen itzalean aritu eta gero. 21 gol sartu ditu, bere ibilbidean sasoi batean sartutako halako bi. Brasilen ere gol senari eusten dio: Sturridgek sartu zuen Ingalaterraren gola Italiaren aurka.

Liverpoolen loraldia, hala ere, ezin da ulertu Luis Suarezen ekarpena kontuan hartu gabe. Aurrelari uruguaitarrak sasoi ikusgarria egin du. 31 gol sartu ditu. Ia hogei urte egin behar dira atzera Ingalaterran kopuru hori gainditu duen jokalari baten berri izateko. Alan Shearer izan zen. 34 gol sartu zituen 1994-95eko sasoian Blackburn Roversekin. Ordutik jokalari bakar bat aritu da Luis Suarezen pare: Cristiano Ronaldo. Portugaldarrak ere 31 gol sartu zituen 2007-08ko sasoian Manchester Unitedekin. Hain zuzen, Luis Suarezek eta Cristiano Ronaldok berdindu egin dute aurten Europako liga nagusietan gol gehien sartu dutenen sailkapenean.

'Salbatzailea' osatu da

Gaur, ordea, Liverpooleko zaleek gustura ikusiko lukete Luis Suarez etsita, atea zulatu ezinik —osatu egin da—. Uruguaiko selekzioaren kalterako litzateke, eta Ingalaterrakoaren mesedetan. Bi selekzio horiek lehia erabakigarria jokatuko baitute gaur. Erabakigarria, biek galdu egin baitzuten estreinakoan. Galtzeko moduak, ordea, oso bestelakoak izan ziren: Ingalaterrak itxura ona eman zuen; Uruguaik, ordea, barruraino sartu zuen hanka, Costa Ricaren aurka irabazten hasi eta gero astindua jasota (3-1). Gaur, ordea, biek izango dute presio bera, galtzaileak agur esango baitu ia ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.