Albistea entzun

Nurenbergen izan ez zirenak

Euskal Herriaren iragan traumatikoa du ardatz Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek sortutako antzezlanak: 'Francoren bilobari gutuna'. Urrian estreinatuko dute, eta bide erdia egina dutela diote. Entsegu saio batean izan da BERRIA.
<em>Francoren bilobari gutuna</em> antzezlaneko aktore taldea, erdian Ander Lipus dela.
Francoren bilobari gutuna antzezlaneko aktore taldea, erdian Ander Lipus dela. GUILLAUME MEZIAT Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2016ko maiatzak 31 - Errenteria

Antzerkia auzi forma bat da». Aktoreak oholtza ospitale bilakatzeko lanetan dabiltzan bitartean hartu du entsegua ikustera joan diren antzerki ikasleak agurtzeko tartea Ximun Fuchs antzerki zuzendariak, Errenteriako Kulturgunean (Gipuzkoa). Gunther Anders filosofoa darabil ezpainetan, nola ezagutu zuen nazien suntsipena, eta halere nola idatzi zion gero eskutitz bat kontzentrazio esparruen kudeaketaren arduradun izandako Adolf Eichmannen semeari nazismoaren izugarrikeriaren aurka elkarrekin egitea proposatuz. Fuchs: «Nazismoak auzia ukan du, bai Jerusalemen eta bai Nurenbergen. Frankismoak ez. Eta gutun bera ezin da idatzi. Ez, ze ez da egon epaiketarik. Antzerkia auzi forma bat da. Hor ditugu toberak eta beste antzerki forma tradizionalak, eta euskaldunok antzerkiaren bidez argitu ditugu luzaz gure trabesak». Eta, hain zuzen ere, epaiketa poetiko bat sortzea da Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia taldeek elkarlanean sortutako Francoren bilobari gutuna antzezlanaren asmoa. Urriaren 31n egingo dute estreinaldia, Luhuson (Lapurdi), eta, oraingoz, entsegua baino ez du eten Fuchsek bere azalpenekin. «Hasiko gara!».

Galduta bezala gaixoak ospitaleko itxarongelan, presaka medikuak erradiografiekin eta kezkatuta pribatizazio eta kaleratze hotsa dabilelako. Buruan koskor bat atera zaiolako kexu da erietariko bat, eta ezin sustoa ezkutatu medikuak. «Ostia!». Nahikoa begiak paperetan galduak dituzten lankideen jakin-mina pizteko: «Zer da?». Eta orduan harriduraren azalpena: «Buruko koskorra zenbakituta dago! Begira, begira. Bat. Bederatzi. Hiru. Zazpi». 1937a, alegia. Gernikako eta Durangoko bonbardaketen urtea. Bilboren erorketarena. Fusilamendu gehiagorena. Gudarien ama eta emazteei egindako ile mozketena. Traumaren urtea, finean. Izan, indibidualak bezain kolektiboak baitira antzezlaneko gaixoen minak.

Hasi aurretik eman die Fuchsek azalpena entseguko ikusleei: «Ez ditugu aski ikertuak Miranda, Ezkaba, Gurs, Saturraran... Eta horren aztarnek iraun dute luzaz». Nathalie Zadge etno-psikiatraren izena aipatu du orduan, nola ikertu zituen genozidioen biktimen seme-alaben ametsak eta nola ohartu zen haiek ere beren gurasoek garatutako beldur eta sindrome berak garatzen zituztela. «Berak aipatzen du arazo psikologiko guztiak ez direla indibidualak, baizik eta baita kolektiboak ere». Eta, beraz, halaxe doaz azaleratzen iraganeko zauriak ere oholtzako aktoreengan. «Ez dira ikertu sarraski haiek, eta horren aztarnek jarraitzen dute. Eta antzezlanean saiatzen gara ulertzen gauza horiek nola transmititzen diren belaunaldiz belaunaldi. Hori kontatu nahi dugu ospitale batean. Ospitale hau da Euskal Herria, eta saiatuko gara gure eritasun guztiak ateratzen».

Non sortzen den antzerkia

Adibide bat. Negar betean frankismoko eskolan euskaraz aritzeagatik zigor eraztuna jaso duen neska bat. Pare bat eszena lehenago, bi mediku oposizioez hizketan. «Zer nahi dugu: zirujaurik onena ala zirujaurik euskaldunena?». Eta hala doaz hari finez lotzen iraganeko eta oraingo minak antzezlanean. Eszenaz eszena. Pertsonaiaz pertsonaia.

Berez, zazpi aktore daude oholtzan: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Pako Revueltas eta Erika Olaizola. Fuchsek zuzendutako orain arteko beste lanetan bezala, ordea, pertsonaia bat baino gehiago jokatzen du bakoitzak oholtzan, eta azkarrak behar dute horregatik eszena batetik besterako trantsizio eta arropa aldaketek. Nahasian doaz horregatik entseguan pertsonaia bakoitzaren barne munduari buruzko oharrak eta atrezzoa mugitzeari buruzko zehaztapenak.

Duela urtebete hasi ziren Fuchsek buruan zerabiltzan ideiekin lanean, eta zuzendariak dio bide erdia egina dutela. «Ideiek ez dituzte egiten antzerkiak», zehaztu du. Eta, hain zuzen ere, fase horretan daude orain: Igor Elortzak eta Unai Iturriagak sortutako testua barneratzen, eta Fuchsen ideia sare trinko horri antzerki itxura ematen. Eta argi du zuzendariak horretarako metodoa: oholtzan sortzen da antzezlana.

«Badut ideia bat, egiten dut zirriborro bat, eta egiten dugu saiakera bat aktoreekin, eta horra deitzen ditugu idazleak, eta hor elikatzen dute elkar batzuk eta besteek. Hau ez da idazle batzuek egiten dutela antzezlan bat idatzi etxean, eta aktoreek gero ematen dutela. Gure kasuan, elkarrekin aritzen gara». Hala hasi zuten bidea orain urtebete, eta hala jarraitzen dute orain ere. Oholtzari adi ditu begiak zuzendariak, eta gauzak gertatu ahala egiten dizkie proposamenak aktoreei. Ezagun zaio aktore ere badela, eta ezagun da antzezlaneko hiru taldeak aurrez ere Errautsak eta Hamlet lanetan elkarrekin aritutakoak direla. «Denbora asko pasatzen dugu hemen. Ez gara etortzen soilik entseatzera; ez dago argi nork egingo duen zer paper, eta aritzean ikusten dugunaren arabera moldatzen dugu».

Fuchsek azken ohar batzuk lantaldeari, txaloak ikusleek, eta, ohartzerako, bildua dute ospitalea aktoreek. Akabo entsegua, eta heldu gabe oraindik auzia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Txaber Altubek irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Soto, Sanjurjo eta Gorosterrazu, Nafarroako finalaurrekoetan

Berria

Donezteben jokatutako azken kanporaketarekin erabakita gelditu dira finalerdiak. Altube nagusitu da Bizkaian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna